Etxe bat norberarena - Yolanda Arrieta Malaxetxebarria - E-Book

Etxe bat norberarena E-Book

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

0,0

Beschreibung

Habiaren babesa. Bake operatzailea. Aukerako ohikotasuna. Nondik-abiatu berri bat. Nora-itzuli atsegin bat. Ezeren faltarik ez. Dena bertan. "Virginia Woolf-en gela bat norberarena «denen onerako» gela bilakatu da: arropak zintzilikatzeko barrunbe, lekurik ez dutenen biltegi, gonbidatuentzako logela edota guztiak batera. Horrexegatik, andre idazleak etxe bat nahi du. Bere gogotik aritzeko etxe bat. Bere zahartzaroari opatzeko etxe bat. Liburu hau daYolanda Arrietak etxe horri eskaintzen dion epopeia egunerokoa".

Sie lesen das E-Book in den Legimi-Apps auf:

Android
iOS
von Legimi
zertifizierten E-Readern
Kindle™-E-Readern
(für ausgewählte Pakete)

Das E-Book (TTS) können Sie hören im Abo „Legimi Premium” in Legimi-Apps auf:

Android
iOS
Bewertungen
0,0
0
0
0
0
0
Mehr Informationen
Mehr Informationen
Legimi prüft nicht, ob Rezensionen von Nutzern stammen, die den betreffenden Titel tatsächlich gekauft oder gelesen/gehört haben. Wir entfernen aber gefälschte Rezensionen.



ETXE BAT NORBERARENA

Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz;

oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean:

oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan:

oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan,

edo dantza ondoan alberdanian.

J.B. Agirre

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza izan du liburu honek.

1. Argitaraldia: 2024ko maiatza.

© 2024, Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

© Argitaraldi honena: 2024, ALBERDANIA, SL

Istillaga, 2, behea C - 20304 Irun

Tel.: + 34 943 63 28 14

[email protected]

www.alberdania.net

Azaleko irudia: Etxahun Gorosabel Etxeberria

Inprimatzailea: Ulzama (Uharte, Nafarroa)

ISBN: 978-84-9868-880-1

Legezko gordailua: D. 201/2024

ETXE BAT NORBERARENA

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

ALBERDANIA

saiakera

Mila esker Uxue Alberdiri, zapatu bat eskaintzeagatik.

Eta Jorge Giménez zenari, baietz esateagatik.

Habiaren babesa

Bake operatzailea

Aukerako ohikotasuna

Nondik-abiatu berri bat

Nora-itzuli atsegin bat

Ezeren faltarik ez

Dena bertan

Etxeak amesgilea babesten du,

etxeak bakean amets egiten uzten digu.

Gaston Bachelard

Duela mende inguru zioen Virginia Woolfek «idazleak dena duela kontra, idazten ari dena oso-osorik atera dakion gogotik». Eta zehazten zuen «askoz ere handiagoak direla zailtasun horiek guztiak emakumeen kasuan, XIX. mende hasiera arte pentsaezina baitzen emakume batek gela bat izatea norberarentzat, are gutxiago zaratarik gabeko gela lasai bat, haren gurasoak txit aberatsak edo nobleak ez baziren behintzat». Halaxe hasten zuen entsegu beteko aldarrikapena: Gela bat norberarena.

94 urte igaro dira ordutik eta andrazko idazleak agian izendatu du etxean gela bat norberarena; baina, gero, bizitza iragazi zaio zirrikituetatik, eta hasieran soilik norberaren gogorako izan behar zuen gela hura «denen onerako» gela bilakatu da: arropak zintzilikatzeko barrunbe, lekurik ez dutenen biltegi, gonbidatuentzako logela edota guztiak batera.

Eta bizitzak, berez apetatsua izanik, denboraz blaitu du guztia. Ondorioz, andrazko idazlea zahartzaroaren umezarora iritsi dela ohartu da; eta 94 urteko amak alabengan islatzen duela bere ama-beharra; seme-alabek soka berriez luzatzen dutela zilbor-hestea; tribuak ez duela zaintzaile berririk aurkitzen etxea gobernatzeko; zaurgarritasun-garaietan ez dela dotorea aldarrikatzea gela bat norberarena.

Hortaz, andrazko idazleak gela nomadak bilatu behar izan ditu bere gogotik aritzeko: wifidun kafetegiak, liburutegietako txoko epelak, langune partekatuak, ertzetako bazterrak… leku bat bere arimarako.

Ihes beteko gela nomadak izan dira, behin behinekoak. Baina berak ez du ihes gehiago egin nahi. Andre idazleak etxe bat nahi du. Bere gogotik aritzeko etxe bat. Bere zahartzaroari opatzeko etxe bat.

Bizitza beteko sosak eta hatsak bilduta hura diseinatzen hasi da, bada. Barrutik kanpora, txoriak habia egin ohi duen modura. Kanpotik barrura, araua bete nahi duen arkitektoaren gisara. Argia zainduta eta habeak bistan, modako aldizkarien aholkupean. Nahiak eta ahalak aurrez aurre jarrita, adinak emandako eskarmentupean.

(H)ABIAGUNEAK:

planak eta planoak

Egunsentia, ilunaren argia oroitzeko.

Udaberria, kukuaren bidaiaz ohartzeko.

Pinporta, heriotzan jaiotza ikusteko.

Kimua, enborraren izerdia xurgatzeko.

Sinfonia, euri tanten arritmia kantatzeko.

Argazkia, osotasunaren zatiei erreparatzeko.

Marrazkia, doanari mihia ateratzeko.

Dantza, lekuen gorputza gogoan hartzeko.

Olerkia, hizkien isatsak kalakan jartzeko.

Ipuina, nork bere burua filmatzeko.

Gogoa, orekaren angeluak zabaltzeko.

Oroimena, gurarien inbentarioa orekatzeko.

Begia, belarrien adurra usaintzeko.

Sudurra, mintzoen basatzaz janzteko.

Larrua, azalen arimak birjosteko.

Etxea, eguna nitik gura idazteko.

Azken urtean konfirmatu du betidanik ezaguna egin zaion susmoa: sasoia baino lehen jaio izana.

Erditik banatuta balego bezala da. Alde fisikoak diotso sasoi hau dagokizu, ohitura hauek, jende hau. Alde metafisikoak, berriz, kasu egin bulkadei, zentzuei, taupadari, hortxe dago zure benetako adina. Sentitzen du soilik esteka afektiboek soiltzen dutela balizko zatiketa-meta, eta beretzat sormena dela esteka afektibo guztietatik sendoen josten dituena alde fisiko eta metafisikoa.

Estatuko andre pentsalarien diskurtsoan islaturik ikusi du bere burua, azken aldian, batik bat beren kontura lan egiten duten sortzaileen bizi-baldintzez ari direnean: «Sortzaile-pentsalari-ikerleen gogoberotasunaz baliatzen da merkatua sistema elikatzeko eta, ondorioz, ahiturik uzten du subjektu sortzaile-pentsalari-ikerlea bere ekina merkatuaren sistemara ekantzera behartzen duelako». Haiek dioten bezala, generoak joera areagotzen du, gainera, subjektu emeak andrazko etiketarekin loturiko inertziei ere aurre egin behar izaten dielako.

Andre idazleak ñabardura bat erantsi dio haien diskurtsoari: hizkuntza gutxitu batean aritzearena. Eta emaitzak andre-sortzaile-pentsalari-ikerle-euskaldun morkoari ñabardura berri bat eranstera eraman du, bera baino bospasei urte gehiagodunek jorratzen dihardutena: zahartzaroarena.

Lekua barik, lekuari dagokion sasoia botatzen omen da faltan. Egonarriaren gelan artatuko du berea: iristear dagoena. Orainak xuxurlatuko dio muina: gura duena.

Andre idazleak ez du inor entretenitu nahi. Ahotsa eskaini nahi dio arroztasunari eta letrez liluratu nahi du hurkoa. Baina ez du inor entretenitu nahi. Eta ezta inork bera entretenitzea ere.

—Asmamena ofizio serioa da —esan du—. Pailazoek mundua iraultzen dute eta bufoiek angelu galduak erakusten dituzte obrarik entretenigarrienetan.

Halaber, andre idazleak badaki diruak eragiten diola noriari. Badaki energia berdearen benetako koloreak burtsan jokatzen duela. Badaki buruaskea izatea mailegu interes altua ordaintzea dela. Osagai dagoen aroa maite du, ordea: ahotsak, letrak, taupada.

Zahartzaroaren salara bidali nahi dute hautsak hartzera, baina bigarren eskuko dendara joango da bera. Praka erosoekin eta zapata-hotsean igaroko du pasilloa, klik-klak, klik-klak, eta akasdun jaka koloretsua erosiko du tiobibora igotzen jarraitzeko lanbroa denean.

Zahartzaro berri baten zirriborroa izango da.

Badaki ametsetako etxeak haurtzaro geldia eusten duela besoetan, eta gomuta bakoitzari leku bat dagokiola.

Badaki zorrak ez duela bueltarik, eta egituran sotoa badago, ganbara badago, txokoa badago eta korridorea badago, gomuta guztiak gorde-gordeka eta harrapaketan jolastu ohi direla sarri.

Irudiak bulkada direlako. Irudi-ametsak beteta daudelako:

Nolakoa zen gela? Gauza asko zeukan?

Nondik zetorren argia? Beroa zen ala hotza?

Isiluneak ibilgune bilakatu ohi dira gomuten arrantzan, eta andre idazleak munduaren loa baliatu nahi du itsasoratzeko.

Grinak bor-bor ari zaizkiolako bakartasunaren lapikoan; habia eta ontzia bat datozelako marea bizian, bihotza orratz, iparra menderakaitz.

Isilguneek isilunea baliatu nahi dute lerroen arrantzan, eta andre idazleak bere erara egosi nahi du mundua etxe berrian aske bidaiatzeko.

Denbora ilauna.

Kontratupean lan egin duten adinkideak erretiroak adosten ari dira dagoeneko; lehen etxe propioaren planoei so darrai andre idazleak.