Nik ez dakit beste gauza batzuen berri - Elisa Levi - E-Book

Nik ez dakit beste gauza batzuen berri E-Book

Elisa Levi

0,0

Beschreibung

Leak, eleberri honetako protagonistak –19 urte, izenik ez duen herri txiki bateko biztanle–, zakurra galdu berri duen arrotz bati kontatzen dizkio bere beldurrak, bere ametsak, bere bizitza. Ia bakarrizketa baten gisa harilkatzen den kontakizunean, ezagutuko ditugu haren lagunak –Catalina herrena, Javier isila, Marco zigarrokidea–, haren familia –ama, aita hila, burua hutsik duen Nora ahizpa–, haren herrikideekiko mira eta kanpotarrekiko jakin-mina. Abilezia harrigarriz josi du bere bigarren eleberria Elisa Levik; ibilbide literarioaren hasieran egon arren, esku, heldutasun, ahots propio harrigarria erakusten duen kontakizuna. Munduaren ustezko amaieraren zain dauden pertsonaien bidez, basoari errespetua baino izua dioten herritarren bidez, herritik kanpo etorkizunik ez dagoela uste duen jende talde baten bidez osatu du harribitxi hau Levik. «Literaturari, istorio bat baino gehiago, ahots bat eskatzen diot. Eta Elisa Levik badu ahotsa, indarrez eta nortasunez betea». JESÚS CARRASCO, idazlea. «Gabriel García Márquezen errealismo magikoa gogora ekartzen duen eleberria». CLARA FERRER, Última hora «Lauhazkan dabilen testua, gainezka egiten duena, ibaitik zerbait duena eta, aldi berean, Miguel Delibesen bakarrizketa ere gertukoa duena». LAURA BARRACHINA, El Ojo Crítico, RNE

Sie lesen das E-Book in den Legimi-Apps auf:

Android
iOS
von Legimi
zertifizierten E-Readern
Kindle™-E-Readern
(für ausgewählte Pakete)

Seitenzahl: 213

Das E-Book (TTS) können Sie hören im Abo „Legimi Premium” in Legimi-Apps auf:

Android
iOS
Bewertungen
0,0
0
0
0
0
0
Mehr Informationen
Mehr Informationen
Legimi prüft nicht, ob Rezensionen von Nutzern stammen, die den betreffenden Titel tatsächlich gekauft oder gelesen/gehört haben. Wir entfernen aber gefälschte Rezensionen.



nik ez dakit besTE gauza batzuen berri

Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz;

oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro adi­tzean:

oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan, edo dantza ondoan alberdanian.

J.B. Agirre

Jatorrizko izenburua: Yo no sé de otras cosas

temas de hoy argitaletxeak argitaratu zuen lehen aldiz.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza izan du liburu honek.

Lan honen itzulpenak Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntza jaso du.

1. edizioa: 2022ko azaroa.

© 2021, Elisa Levi

© 2021, Editorial Planeta, S.A.

temas de hoy, un sello editorial de Editorial Planeta, S.A.

Avda. Diagonal, 662-664, Barcelona

www.planetadelibros.com

© Itzulpenarena: 2022, Irene Aldasoro Katarain

© Argitaraldi honena: 2022, ALBERDANIA, SL

Istillaga, 2, behea C - 20304 Irun

Tel.: + 34 943 63 28 14

[email protected]

www.alberdania.net

Azaleko argazkia: Simon Berger (Unsplash-en)

Inprimatzailea: Ulzama (Uharte, Nafarroa)

ISBN: 978-84-9868-776-7

ISBN digitala: 978-84-9868-777-4

Lege gordailua: D. 1180/2022

V

NIK EZ DAKIT BESTE GAUZA BATZUEN BERRI

ELISA LEVI

itzulpena Irene Aldasoro

edizioa Aritz Galarraga

ALBERDANIA

eleberria

AURKIBIDEA

HAUSNARREAN

HARRIZKO BIDEAN BEHERA NENTORREN

USAINA HARTZEN BADUK, EGIN ZAUNKA

NOLA NI GALDUTA NENBILEN, ELKAR TOPATU GENUEN

ASTAKILOAK

NIK, BEGIRATZEN DIZUDANEAN, IKUSI EGITEN DUT

GAIZKI HAZIA

GERRA BATEKO SOLDADU

MUNDUAN BELDURRIK HANDIENA DUEN GIZONA

TXERRI TXARRENA

HI HAIZ DESGRAZIA

MUGITZEN EZ ZEN TXAKUR BAT IZAN NUEN NIK

MUNDUAREN AMAIERA

NIK EZ DAKIT BESTE GAUZA BATZUEN BERRI

Tomasi

Todo el mundo cuenta sus penas

pidiendo la comprensión.

Lole y Manuel,

Todo es de color

HAUSNARREAN

Esaten dizut ez dakidala beste gauza batzuen berri, baina badakit bide horretatik basoa besterik ez dagoela. Gizonak erantzuten dit: «Hortik da». Ezetz, ezetz, ezetz, hil egingo zarela hortik bazoaz! Nahi baduzu erakutsiko dizut edo eramango zaitut zure txakurrarengana, esaten diot berriz ere. «Ez da beharrezkoa», esaten dit berak. Eta nik: «Hemen, jaten ez duten txakurrak leku berera joaten dira beti». «Hortik da», errepikatzen dit berak. Ezetz, ezetz, ezetz. Eskuarekin gelditzen dut, badakidalako basoan sartzen direnak ez direla irteten. Ez dira inora iristen eta hil egiten dira. Nekatu eta deshidratatu egiten dira. Nekatu eta hotzak hiltzen dira. Nekatzen dira eta bizitzak ez die gehiago biderik erakusten. Besotik tira egin eta esplikatzen diot. Esplikatzen diot ni inor baino hemengoagoa naizela, gaztea naizela baina ezagutzen dudala leku hau, badudalako historia. Nahi badu kontatuko diodala, esaten diot, nik txakur bat galdu nuela txikiagoa nintzenean eta erbien lekuan zegoela.

Zuk ez dakizu, zeren auskalo nondik zatozen zu, baina, hemen, txakur galduak jan-usainera joaten dira eta txakurren jabeek basora jotzen dute desesperaturik. Ez dakizu zenbat jende ikusi dudan nik otalurretatik itzuli ez dena. Benetan, zuk honetaz ez dakizu ezer, baina baso hau ez da zeharkatzen. Eta konturatzen naiz gizonak nekez hartzen duela arnasa eta bekokitik erortzen zaizkion tanta handiak inguru honetako putzuak betetzeko adinakoak badirela. Haren aurpegiak emozioa kanporarazten dit eta pentsatzen dut berari baietz, berari kontatu ahal izango niokeela. Kontatu ahal izango nioke banoala, erabaki dudala banoala leku txikitxo honetatik. Eta bat-batean gizon despistatu galdu hau ikusten hasten naiz munduan uler diezadakeen pertsona bakartzat. Bai, berak, berak bakarrik uler diezadake.

Hara, esaten diot, bermatuta nagoen bankuan esertzen dudalarik atseden har dezan, zeren hemen, banku honetan, itzala dago beti, eta gizon hau, izerdia horrela botatzen jarraitzen badu, txakurra aurkitu gabe hilko zait. Hara, esa­ten diot, nire txakur emea udako igande batean galdu zen eta nire ahizpak, zeinak burua hutsik baitu jaiotzerakoan airea sar­tzen ez zitzaiolako, beste modu batera egin zuen negar. Norak gorputzeko minengatik bakarrik egiten du negar. Atximur egiten badiozu, negar egiten du, urdailak orro egiten badio, negar egiten du. Baina maitasunagatik, bakardadeagatik, penagatik, horregatik ez du negarrik egiten nire ahizpak. Eta igande hartan txakur emea itzultzen ez zelako egin zuen negar, eta aitak esan zion: «Txakur emea erbi hilen lekuan zagon». Eta Norak negar gutxiago egin zuen, badakizu? Hemen, erbi hilak pilatu egiten dira. Toki honetan, hiltzen diren animaliak metatuta geratzen dira eta kirats izugarria zabaltzen dute. Hara, jauna, nik ez dakit usainen berri, ez dudalako inoiz usainik hartu, amak bezala, zeren amak esaten du zerbaiten usaina hartu zuela nerabezaroan, baina nik ez dut inoiz ezeren usainik hartu. Eta lastima da, zeren esaten dute alde honetako tomateen usaina kilometrotara aditzen dela. Baina nik ez dakit usainen berri, zuk ez dakizun bezala alde honetan galtzen diren txakurren berri. Guk beste gauza batzuen berri dakigu. Esan behar dizut ezen, iritsi ginenean, txakur emea hilda zegoela. Eta amak odola ikusi zuen txakur emearen ahotik zeriola eta bota zuen: «Otsoren bat izan da, inondik ere».

Baina nik banekien Esteban izan zela, erbiak pilatzen diren lekuaren parez pare bizi dena, katua erraz sakatzen duen gizona baita, eta otsoak ez dira hara joaten. Estebanek txakur emea akabatu zidan eta nik bera akabatu nahi nuen ahizpari negar eragin ziolako. Baina zu ez kezkatu, zu lasai hemen, zure txakurra urdaila betetzen ari da eta, berehala ikusiko dugu hemen usnan. Zeren txakurrak ez dira ni bezalakoak, egidazu kasu, ni gehiago naiz katu, zeren haiek usain egin eta bilatzen zaituzte eta zaindu egiten zaituzte. Zuk atseden ezazu hemen nirekin, alkandora izerditan blai duzu eta. Ikusiko duzu nola inguratzen den txakurra.

Gizona eta biok basoari begira geratzen gara eta izerdia nola botatzen duen igartzen diot. Beroak bazaude, ken ezazu alkandora, igual txakurrak denbora beharko du-eta etortzen, esaten diot. Nahikoa dut hemen pixka batean atsedetea eta gero hortik joko dut haren bila, esaten dit. Ezetz, ezetz, ezetz, esaten diot, ez zaitez tematu, benetan, ez zaitzala nahasarazi nire ume-aurpegiak, zeren nik hemeretzi urte ondo ezarriak ditut eta badakit otalurretan sartzen direnak ilunak harrapa­tzen dituela. Baso hau traidorea da, ibaia bizi jaisten denean bezalakoa. Otalur hauetan ez dago biderik eta su-ebakia urrun geratzen da. Zaharrek esaten dute ezen, dena zeharka­tzen baduzu, itsasora iristen zarela, baina nik uste dut ezetz. Baina nik ipar-, hego-, ekialde- eta mendebalde-kontuan ez dut ulertzen. Nik beste gauza batzuen berri dakit. Hemen jendeak goroldioari begiratzen dio zer norabidetan dabilen jakiteko, edo gogoan hartzen du nondik irteten den eguzkia eta nondik sartzen den ilargia. Ni beti ustekabean harrapa­tzen nau eguzkiak ezkerretik eta batzuetan eskuinetik. Basoa arriskutsua da, badakizu? Guardia zibila ere ez da joaten galtzen direnen bila, ez dutelako otalurretan sartu nahi, eta hemen ez dugu basozainik, zeren hain gaude urrun, inor ez da gurekin interesatzen. Basoa beldur izateko sortu zuen izadiak, jendeak presente izan dezan heriotza, desagerpena, iluna, zeren, basoan sartzen zarenean, eguzkia ikusteari uzten diozu eta ez duzu ilunantza besterik, eta berdin da goroldioa edo iparrorratza edo orientazioa edo memoria ona, basoak untxi gosetuak bezala irensten du.

Txakurra umezurtz utziko duzu kasurik egiten ez badidazu, jauna. Gizonak alkandora kentzen du eta haren larruazalari berotasuna dario. Gorputza zimurra du, baina ez dut uste hirurogeitik gora izango dituenik. Mugikorra atera eta marmar egiten du. Herri honetan ez dago estaldurarik, Herri Handian badago, baina hemen galdu egiten da estaldura, esaten dizut nik munduaren amaiera dela hau.

Espero dut ez zaizula inportako erretzen badut, esaten diot. Eta gizonak ez dit begiratzen, ez erantzuten. Nahi baduzu emango dizut pixka bat, tabakoa da belar pixka batekin, Marcok bart etxeko atean utzi zidan eta. Batzuetan uzten dit, eta niri hona etortzea gustatzen zait erretzera, zeren Marcoren belarra erre eta basora begiratzen dudanean, imajinatzen dut otalurrik ez dagoela eta beste aldean dagoen guztia ikus dezakedala. Baina gizonak ez dit ezer esaten, ez begiratzen.

Bero dago urtarrilaren bata izateko, ezta?, esaten diot. Eta berak esaten dit, bero dago urtarrilaren bata izateko, bai.

Herri berde honetan beroak ez du jada inor kalera ateratzen, esaten diot, Juana bakarrik, hark oraindik negar egiten baitu nebagatik, eta ni ogitara joaten naizenean, beti barra bat hartzen dut harentzat, orain jateari utzi baitio. Hala esaten diot nik: «Juana, Jainkoak estutu bai, baina ez duela itotzen!». Ez dakizu nolako pena ematen didan hura bakarrik ikusteak, kanpoan, bere aulkian, zeren kalera ateratzen du nebaren aulki hutsa ere. «Juana, denborak dena sendatzen du, zahardadea eta eromena izan ezik!», oihu egiten diot nik alaiki, ikusten dudanean. Eta berak barre egiten du. Eta ogi-barra nebaren aulki hutsean uzten diot beti, jakin dezan heriotza egun bat baino ez dela, ez bizi guztia, eta lehen neba esertzen zen lekuan orain ogia jartzen dela eta ez dela ezer pasatzen.

Gizonak begiratu egiten dit eta esaten diot dudan adina dudala, baina badakidala heriotzarena horrela dela. Hiltzen direnek ez dutela alaitasuna eramaten, esaten diot. Hiltzen direnek ez dutela ezer eramaten, heriotza lau negar-malko eta bularrean min bat dela, baina bizitzak aurrera jarraitzen duela geratzen garenontzat. Eta negar-malkoak, begitik irten orduko, ur bihurtzen dira. Gizonak barre egiten du, baina uste dut heriotzan horrela pentsatu nahi ez duelako egiten duela barre. Gizon honek ez daki ezeren berri. Zuk ez dakizu nora etorri zaren, zuk ez dakizu ezer herri honi buruz. Esplikatuko dizut nahi baduzu, badugu-eta denbora, zeren zu hemen nirekin geratzen bazara, zure txakurra itzuli egingo da azkenean. Txakurrak beti itzultzen dira. Baina herri honi buruz zuk ez dakizu ezer. Eta gizonak begiratu egiten dit, baina nik basoari begiratzen diot.

Zintzurra egin behar dioten txerri batek bezala botatzen du izerdia gizonak.

Urik ez dut, jauna, baina nahi baduzu jar dezakezu burua nire sorbaldaren kontra. Javierrek hala egiten du, esaten diot. Burua nire sorbaldaren kontra jartzearena, alegia. Batzuetan nik aurpegia ukitzen diot hori egiten duenean. Baina zuri ez dizut aurpegia ukituko. Herrian esaten dute hitz asko egiten dudala eta Marcoren belarra erretzen dudanean gehiago hitz egiteko joera izaten dut. Baina zuk, orain baduzu-eta denbora, igual gustura entzungo didazu.

Hona ez da jende asko etortzen, badakizu? Eta gizonari arnasa bizkortzen zaio. Badakizu?, ala ez dakizu horren berri ere? Eta gizonak begiratu eta esaten dit ezen, egia esan, ez dakiela nola iritsi den honaino, herri txiki galdu honen bazterretaraino. Galdu egin zara txakurrarekin eta orain txakurrak galdu zaitu zu. Ez zaitez kezkatu, inguru hau ezagutzen ez duen jendeari gertatzen zaio hori.

Eta zuk zer egiten duzu hemen?, galdetzen dit gizonak. Itxaron, esaten diot. Zure txakur galduari itxaron zurekin batera. Gizonak hasperen egiten du eta seguru nago norbaitekin itxarotea betiere hobe delako egiten duela hasperen. Bihar galdu bazina, ez nauzu hemen aurkitzen. Ea zer egiten dudan hemen, geldi, itzalean? Zure txakurrari itxaron eta hausnarrean egin, behiak bezala, jauna. Bihar egitea pentsatu dudan guztia hausnartu. Begira, jauna, igual nik zure txakurrari itxarongo diot zurekin batera eta zuk lagun egingo didazu urtearen lehenengo eguneko arratsalde arraro honetan. Eta gizonari begiratzen diot, baina berak basoari begiratzen dio.

Ez dakit nolakoa izan den zure bizitza, esaten diot, edo nola esnatu zaren gaur goizean, baina, ni, esnatu naiz eta sabela sutan nuen. Erretzen eta erretzen, urtarrileko bero hain arraro honekin belar sastarrak erretzen diren bezala. Baina ez pentsa hau denik sabelean sua sentitzen dudan lehenengo aldia. Ez ausartu, gero, niri esatera belarragatik eta tabakoagatik dudala sabela sutan. Denbora baita sabela sutan dudala, baina esnatu naiz gaur goizean eta nire erreminaren arrazoia ulertu dut. Hausnarrean ari naiz, jauna, bihar egingo dudana hausnartzen.

Javier hemen balego, gurekin eserita, iratxo deituko lizuke, zeren zuk, jauna, ez dakizu batere hemengo berri eta Javierrek, munduaren amaiera honetan pasaeran daudenei, iratxo deitzen die. Zeren iratxoak ez dira geratzen, joan edo desagertu egiten dira beti. Gustuko dut Javier, tristetik gutxi duten gizonak gustatzen baitzaizkit. Zuk, esate baterako, esaten diot gizonari haren begiak nola ixten diren begira, zuk, esate baterako, ez duzu segundo batean ere irribarrerik egin, zuk asko duzu tristetik. Javier, ordea, irribarrez dago denbora guztian. Gure amaren janari-dendan sartzen denean goiza alaitzen dit eta bezeroei esaten diet: «Hemen dator maite nazala nahi dudan guapoa». Eta erantzuten didate: «Itsusiaren zoria, ederraren inbidia». Eta nik barre eta barre egiten dut eta, batzuetan, baita kantatu ere, eta ama nirekin batera atenditzera etortzen denean, esaten dit: «Kantatuko dun gutxiago, kantatuko dun gutxiago». Baina nik behin eta berriz esaten diot: «Ama, egizu dantza, etxean jada ez duzu dantza egiten eta». Eta amak esaten dit: «Nahiago ninake hire gaztetasuna banu, Lea Txiki nirea». Zeren herrian Lea Handi eta Lea Txiki gara. Eta nik oihu egiten diot alaiki: «Izan dezala Txikiak Handiaren zoria!». Baina barren-barrenean inoiz ez dut nahi izan amaren zori bera. Nik mundua ikusi nahi dut, badakizu?, eta lan bat aurkitu hirian. Eta dirua irabazi eta mundu guztiak gastatzen duen gauzetan gastatu: egitasmoetan, nire alaba izango denaren eskolaz kanpokoetan, beste herrialde batzuetan egindako oporretan, teknologian. Nik uharte batean bizi nahi dut, baina baso gabeko uharte bat nahi dut, landaredi pobre ia mortu bat duena eta aukerak eskaintzen dituena. Eta egunen batean izango dudan alabari zera esan: «Alaba, uztan hori behingoz, egun guztian pantailari itsatsita hago eta». Nik dakidanak beste leku baterako ere balio du, badakizu?

Beroak estutzen duenean, ez dago herri honetako kale lehorretan paseatuko duenik, horregatik egin duzu ondo hemen nirekin geratzea. Ba al duzu seme-alabarik? Ez duzu itxurarik. Eta, gizonak, begiratzen dit eta irribarre egiten du. Ez, zuk ez duzu seme-alabarik. Pentsatzen nuen. Nik, egunen batean alabarik badut, ez diot utziko untxiak ezagutzen. Jezten utziko diot, jezten duzunean esker oneko izaten ikasten duzu-eta bizitzan. Animaliekin esker oneko, ez Jainkoarekin eta gezur horiek. Baina alabak ez ditu ezagutuko untxiak, ez duelako bizitzaren garratza ezagutu beharrik, ez behintzat nik zaintzen dudan bitartean. Gainera, nire alaba hirian jaioko da eta produktu prozesatuak jango ditu hiriko haurrek hala jaten dituzte-eta eta ni, hiriko ama izango naizen hau, kexatu egingo naiz eta jangelako dieta berrikus dezatela eskatuko dut guraso-bileretan, nik, herrikoa naizen honek, bai baitakit bizi luzeak zerikusia duela janariarekin. Baina dena antzezpen bat izango da, ez pentsa, aktoresa bat banintz bezala, zeren niri ez zait interesatzen alabak bizi luzea izatea, adin jakin batean ulertezin bihurtzen da-eta bizitza. Aski da herri honetako zaharrei begiratu bat egitea, dagoeneko ez dute-eta ezer ulertzen ezertaz. Hausnarrean ari naiz, jauna, hausnarrean, sabela sutan dut eta. Eta gizonak begiratu egiten dit, baina nik basoari begiratzen diot.

Barka iezadazu batzuetan oso bizkor hitz egiten badut, baina presio bat dut bularrean esaldiak azeleratzen dizkidana, eta bero honekin, gainera, ahoa lehortzen zait. Amak esaten du autoek botatzen dutenagatik dela bero hau eta munduaren gaitza direla, eta basoa, berriz, espirituaren gaitza. Niri udaletxean lan egitea gustatuko litzaidake. Eta autoak debekatzea. Ez izan inozoa, esaten didate batzuetan, zure eskuek gehiago balio dute-eta hemen. Baina nik badakit benetan balio duena nire burua dela, zeren behin telebista bat etorri zen herrira erreportaje bat grabatzera autonomikorako eta beldurrik gabe eta konbentzimenduz hitz egin nion kamerari. «Funtzionatzen badu, nazionalera bidaliko dugu», esan zidan mutilak. Ez dakit funtzionatu zuen, zeren bota behar zutenean, ekaitzek eraso zuten hemen eta isolaturik geratu ginen hilabetean. Telebistakoak etorri zirenean, galdera batzuk egin zizkiguten Catalinari eta bioi eta bera isilik geratu zen, baina, nik, zer behar genuen esan nien. Nire buruak asko balio du, bizkor pentsatzen dudalako eta badakidalako uneak aprobetxatzen. Eta esan nuen diru gehiago eman ziezagutela eskatzen genuela behar bezalako anbulatorio bat jartzeko, hemen denak zaharrak direla eta medikua bi astetik behin etortzen dela. Garraio hobea behar genuela ere esan nuen, autobusa egunean bitan bakarrik pasatzen zela. Konpon zezatela eskualdeko errepidea mesedez eta jar ziezagutela zuzeneko autobus bat hondartzara, itsasotik hain hurbil egonda pribilegio guztiak turistek eramaten zituztela, sinets dezakezu? Itsaso hori beste inorena baino gureagoa da eta! Mutilak esan zidan erreportajeak Egungo Espainia hustua zuela izena, eta nik esan nion, kamerari begira, aktoresek kamerari begiratzen dioten bezala, hustua ezta pentsatu ere, ikusteko zeinen bizirik geunden. Hustasuna basoaren egoera naturala dela, baina hemen Espainia oso beteta zegoela oraindik. Baina berehala barkatu nion mutikoari, zeren esan zidan aktoresa bat ematen nuela, beste leku bateko aktoresa bat. Izena esan zidan, baina nik ez dakit beste leku batzuetako izenen berri. Nire eskakizunetan kapritxo bat ere erantsi nuen, gero Javierri barre eragin ziona. Nahi dut aurten udako festetara etortzea honela dioen abestia abesten duen taldea: sin ti no soy nada una gota de lluvia mojando mi cara. Javierrek barre eta barre egiten zuen eta ea nola esan nuen hori, esan zidan. Nik esan nion berarentzako opari bat zela, berarekin gustatuta nengoela esan nion lehenengo aldian hori entzuten zelako atzean.

Baina ez, zuri kontatu nahi dizudana beste gauza bat da. Kontatu nahi dizudana da zergatik, zure txakurra bihar galduko balitz, ez nindukezun aurkituko hemen, itzalean. Zuri inoiz ez al zaizu gertatu bizitza endredatzea? Ba, niri, endredatu egin zait bizitza, korapilo bat egin zait, nola desegin ez dakidana. Hausnarrean ari naiz, jauna, bihar egingo dudana hausnartzen. Zeren herri honetan luze joango zait bizitza, eta, sabela kexatzen denean, erabaki bat hartu behar delako izaten da. Zuk sinesten al duzu munduaren amaieran?, esaten diot. Eta gizonak begiak ixten ditu barre egiteko. Eta haren algara ozen entzuten da eta burrunba egiten dit belarrian. Nik ere barre egiten dut, baina barre errazekoa naizelako. Baietz, baietz, baietz, esaten diot. Eta gizonak alkandorarekin lehortzen du begietako hezetasuna. Ikusten al dituzu herriko etxe guztietako leihoetatik zintzilik dauden dolu-xingolak? Munduaren amaieragatik eseki dira, jauna.

Iazko urtarrilaren batean, hasten natzaio kontatzen gizonari, ireki zuen amak janari-denda eta bizilagunak mordoan bildu ziren dendan, euliak zaldiaren muturrera bezala. Eroak bezala zebiltzan joan eta etorri, urduri. Eta denek ahotan zerabiltena entzun zuen amak. «Itxura denez, aurten akabatzen dun mundua», esanez etorri zitzaidan, eta nik barre egin nuen, zuk orain egin duzun bezala, eta amari esan nion: «Oraintxe ez dakite zer asmatu herri honetan!». Baina amak zalantza bat zuen aurpegira zabaldua eta nik, alaiki, esan nion: «Ama, ez ezazu halakorik sinetsi, horiek beste leku batzuetako asmakizunak dira eta, gu hain gaude urrun, munduaren amaierak ere ahaztuta utziko gintuzke». Baina hori esan nuenean, sabela sutan jarri zitzaidan lehenengo aldiz. Orain, urtebete geroago bezala, sutu zitzaidan, ero batek bere lurrei su eman balie bezala. Baina orduan, hurrengo egunean, urtarrilak bi, Catalina etorri zen, eta eskortako oiloenak garbitzen zituen bitartean, galdetu zidan ea entzun nuen munduaren amaieraren hori eta esan nion baietz, baina hitz txoroei belarriak itxi behar zaizkiela. Eta nire sabela jira eta bira berriz ere. Eta bera pentsakor geratu zen eta nik esan nion begiratu behar genuela ea zer esaten zuten Herri Handian, gure herrian Internetek ezer gutxitarako ematen du eta. Topatu genuen zerbait maiena, baina ni segituan konturatu nintzen dena gezurra zela, asmakizun absurdo bat baino ez zela, baina jendea beldurtzen hasi zen eta ez zebilen beste konturik.

Toki txikietan, jauna, jendeak zerbait sinetsi behar izaten du egunak betetzeko. Eta halako batean bizilagun batek esan zuen baietz, urrun-urruneko beste herrialde batzuetan hain zeudela sinetsirik, jendea erotzen hasi baitzen. Eta, orduan, jaiki zen beste bat goiz batean eta esan zigun beraren alabak, hirian bizi zenak, esan ziola han ere bazebilela zurrumurrua. Eta biharamunean emakume bat etorri zen eta esan zigun egunkarian irakurri zuela baietz, norbaitek esana zuela hori lehenago ere eta dakitenek ziotela hura zela dena akabatzen den urtea. Eta beste egun batean, heldu zen Juana eta esan zuen oxala, oxala eta oxala hala balitz, berak dena akabatzea nahi zuela, hartara beraren neba bezala hilda egoteko aukera izateko. Eta gero beste bizilagun bat heldu zen, esaten zuena beraren behiak gauza arraroak egiten hasi zirela eta beste batek, berriz, beraren txakurrek gauez zeruari zaunka egiten ziotela eta horrek gauza bat bakarrik adieraz zezakeela, mundua amaitzera zihoala. Eta tokiko egunkariek ere ez zuten laguntzen, zeren baietz, baietz eta baietz, mundua akabatzera zihoala zioten lerroburuak iristen ziren. Eta orduan Estebanek, txakurra hil zuen hark, fusilarekin lehen aldiz lurrera apuntatuz esan zuen bero handiegia zegoela urtarrila izateko, goiko errekak lehortzen ari zirela eta hori gauza bategatik bakarrik izan zitekeela, erremediorik gabeko amaieragatik. Eta alkateak, era guztietako konspirazioen buru ibiltzen dena bera, dolu ofizialeko dekretatu zuen iazko urte guztia, bi mila eta hamabia. Nik hau esaten nien denei, galdetzen bazidaten zein ez: «Ez dakizue ezeren berri! Alkate honek tontakeriatan zentraturik behar gaituela, munduaren amaieraren hori bezalakoetan, ezer eska ez dezagun. Mundua ez dela akabatzen, eta akabatuko den bakarra herri hau dela, espabilatzen ez bagara».

Zuk ere gauza bera esango zenuen, seguru. Baina orduan bizitza trabeskatzen hasi zitzaidan. Korapiloa eratzen hasi zen eta sute bat ezarri zitzaidan sabelean. Ez dakit, ez dakit atzean utzi dugun urte honetan hil dena nire mundua bakarrik den, ala mundua hemen bakarrik akabatu den, herri txikitxo honetan. Baina egia da gaur, urte berri baten urtarrilaren bat honetan, balantzea eginda, esan dezakedala mundua atzo akabatu zela. Kontatuko dizut nahi baduzu.

Alkandora jantzi eta jaiki egiten da gizona. Ez zaitez joan, esaten diot. Negar egiteko gogoa dut eta, baina hori ez diot esaten. Gera zaitez beste tartetxo batean, nik badakit-eta non dagoen zure txakurra, eta itxarotea besterik ez dugu, benetan. Promes egiten dizut. Zin egiten dizut. Begira-begira geratzen zait, ez iezadazu horrela begiratu, esaten diot. Zeren zu hemen geratzen bazara, etorriko da. Begira-begira geratzen zait, ez iezadazu horrela begiratu, baina hori ez diot esaten. Eseri egiten da berriz ere, zeren berak, hemengo berri, ez daki batere, eta oraintxe, urteko lehenengo arratsalde honetan, gure atzeko etxeetan dolu-­xingolak zintzilik dauden honetan, ni naiz gizon honek munduan duen pertsona bakarra eta bera da nik munduan dudan pertsona bakarra.

HARRIZKO BIDEAN BEHERA NENTORREN

Egia esan, oso bero dago urtarrila izateko, baina zuk ez dakizu nolako beroa egiten zuen herri honetan iazko martxoan, esaten diot gizonari. Gainera, bi mila eta hamabiak ez zigun euririk ekarri eta eguzkiak gizon gaizto batek bezala jotzen zuen. Herri honetan, gazteak lau gara: Javier, Catalina, Marco eta ni, eta, hain bakarrik egotez, elkarrekin egiten dugu bizitza ia beti. Bueno, eta Nora, jauna, nire ahizpa ere gaztea da, baina bera ez, bera ez, bera ez da kontatzen. Herri honetan jaiotzeak konplize egin gaitu, ez dakit oso ondo zerenak, jauna, geure existentziaren konplize, pentsatzen dut. Zeren hemen gauza gutxi gertatzen da, badakizu?, eta nora joan gutxi dago, eta denek badakite han ez bazaude beste hartan egongo zarela. Horregatik gustatzen zaigu Marcoren belarra erretzea, jauna: laurok elkarrekin egonagatik, espazio berean bizitzen, mahai beraren inguruan eserita, erretzen dugunean bakoitza bere buruak sortzen dituen irudietan galtzen delako, eta, han, aurkitzen ez gaituztelako, ezta geuk ere geure buruak.

Nolakoa den enbor zabal eta lodiko erkametz bat, sustrai inbaditzaile eta bortitzak, deskontrolatuak, dituena, ba halakoa da Marco, jauna. Javier, ordea, gehiago da gurbitza, ia zuhaixka batekin nahas daitekeen arbola estu bat, baina haren masailak bezalako fruitu gorriztakoa eguzkiak aurpegian ematen dionean edo beroak sorbaldak urreztatzen dizkionean. Amak beti esan izan dit kapitalean berenganatu dituztela gurbitzak, baina, egon, gutxi daudela han, ez dutelako klimarik bizitzeko. Eta horrek ere beti Javier ekarri izan dit gogora, jauna, hark ere ez lukeelako bizirik iraungo beste klima batean, nik ahalegin guztiak eginagatik bera beste leku batera eramateko. Catalina gehiago da akazia mimosa bat. Herrena, mimosa herren bat, adar bat falta zaiona edo sustrai okerren bat duena eta bestelako oreka bat izatera behartzen duena. Zeren Catalinak, jauna, zangoa erre zuen eta orain orbain bat du, harri izurtsu baten itxurakoa, eta herren bat, operatzea buruan tinko sartuta daukana. Esana diot nik ahazteko operatze-kontu hori, soluzio kaxkarra duela horrek. Baina bera aurreztu eta aurreztu ari da, eta gastatzen duen bezain gutxi gastatuta, herri osoa erosi ahal izango du hogeita hamar betetzerako. Nire ahizpa, berriz, nire ahizpa, bera da landare, jauna, ez du ezerekin konparatu beharrik. Zaharrak, ordea, asko daude herri honetan, eta egin kontu apenas garela berrehun. Hemen ez daukaguna, herri honetan ez dakiguna da beste leku batzuetatik etorri eta hemen geratzen den jendearen berri. Gutxi dakigu horren gainean, eta horregatik, martxoko beroak buruan jotzen ninduelarik Catalinak kontatu zidanean Jimenaren etxearena, urdaila sumindu zitzaidan, ama munduaren amaierarena kontatzera etorri zitzaidanean bezala.

Banentorren harrizko bidean behera eta Catalina ikusi nuen hurbiltzen. Jimenaren etxea saldu diten, esan zidan. Jimena nire amona zen, jauna, baina gure amak inoiz ez zuen ezer jakin nahi izan harekin, «andre hori» deitzen zion, eta hil zenean, amak uko egin zion etxearekin geratzeari eta herriko ondare bihurtu zen. Nik amonari ez nion inoiz «amona» deitu. Baina maite ninduen Jimenak. Lea Handi maite ez bazuen ere, maite zuen Lea Txiki, eta horregatik uzten zizkidan loreak ikastetxera eramaten gintuen autobusari itxaroten genion geltokian. Han uzten zizkidan loreak goiz batzuetan. Hasieran Javierrek, Marcok eta Catalinak barre egiten zuten eta esaten zuten maiteminduta neukan agure batenak zirela. Baina nik banekien Jimenarenak zirela, Jimenak maite ninduelako eta lore haiek haren leihoetatik zintzilik egoten zirelako. Nik, trukean, janari-dendako fruta uzten nion lanpasean, eta amak harrapatzen ninduenean, esa­ten zidan: «Gaizki pentsatu eta asmatu», eta nik erantzuten nion: «Egin ondo edozeini, begiratu gabe nori».

«Eta nork saldu din etxe hori herriko ondarea bazunan?, nor geratzen dun diruarekin?», galdetu nion Catalinari. «Ba, Herri Handia, pentsatzen dinat», erantzun zidan. Nik agindu behar nuke alkate-auzoan, badakizu?, eta orduan Jimenaren etxea osasun-etxe izango litzateke orain. Zeren, esan dizudan bezala, niretik balio duena burua da. «Esaten diten hiritik datozela erosi dutenak», esan zidan Catalinak. «Tontotuta hago, nor etorriko dun herri honetara hirian itsasoa edukita?» «Ezetz, ezetz, ezetz, erantzun zidan Catalinak, hauek ez direla hemengoak, hauek erdigunetik datozela, Madrilgoak direla, aspertu direlako han, landa nahi dutelako, basoa nahi dutelako.» «Hurbiletik inoiz ikusi ez dutelako nahi diten basoa», esan nion Catalinari.

Nik aginduko banu herri honetan, letreroak jarriko nituzke, jauna, seinaleak, kartel erraldoiak finkatuko nituzke lurrean esaldi honekin: «Bilatzen duzuena ez dago hemen». Jendeak ez daki, baina herri txikietan behi-kakaren usaina egoten da, eta animalia hil pilatuena, eta belaunaldiz belaunaldi pasatzen diren beldurrarena eta herrarena eta asperdurarena eta minena eta gorrotoena. Eta beste leku batekoak direnek ideia bitxi bat izaten dute landaren hustasunak eta orduen igarotze geldia jasateak benetan esan nahi duenaz, eta horrekin maitemintzen dira.

Catalinak esan zidan: «Emakumeak pintatu egiten din eta gizona gaztandegi bat jartzera zatorren». «Zer gaztandegi, baditinagu-eta gaztak!», erantzun nion. «Berdin zaien zer dugun, eta gainera, haur txiki batekin zatozan.» «Zenbateraino txikia?» «Bost urte, hiru, ez zekinat.» «Haur hori aspertu egingo dun hemen», esan nion, eta gero galdetu: «Zer egin behar diten hemen?». «Ba, hik eta nik egiten duguna, Lea, esan zidan, bizi.» Bizi, esan zidan. Bizi. Eta hor izan zen sabelak berriz ere su hartu zidana. Eztarrian gora igotzen zitzaidan erremin itzel bat zen.

Nik, beste gauza batzuen berri, ez dakit, jauna, baina badakit erosten dena, lehendabizi, saldu egin behar dela. Eta Jimenaren etxean ez zen egon «Salgai