Amez - Goiatz Labandibar - E-Book

Amez E-Book

Goiatz Labandibar

0,0

Beschreibung

Amez dihardute, nondik edo handik, liburu hau osatzen duten hogeita bat narrazioek. Amei buruz, alegia. Baina baita ama izateko edo ez izateko asmo eta pultsioez. Edo ama izateko edo ez izateko modu askotarikoez, kontraesankorrez. Eta ama izateak edo ez izateak berekin dakarrenaz, edo berekin daramanaz, kasu batean zein bestean akaso betiko… Horietaz guztietaz dihardute Goiatz Labandibarren narrazio indartsuok. Eta baita ere, jakina, amaren estatusa ematen duten seme-alabez, eta haiekiko harreman eta kontraesanez. Emakumeen bizimodua (ez emakumearena, ez inolako arketipoarena) dute ardatz nagusi kontakizunok, eta ama izatea edo ez izatea gune-guneko bizikizun bihurtzen den une horri begiratzen diote bereziki. Askotarikoak dira, era berean, erregistroak. Ironiatsu doaz ale batzuk, kronika kutsukoak dira beste zenbait, ez dira bakanak gogoetan edota emakume zein garai zehatzen historian murgiltzen direnak… Guztiek dute, baina, literatur asmo bat eta bera: pertsonaien kontzientzian arakatzea, eta irakurlea eramatea haien ekintza eta jokabideen arrazoibideetan barrena, jakin-minaren eskutik. Eta helburua lortzen dute, zinez.

Sie lesen das E-Book in den Legimi-Apps auf:

Android
iOS
von Legimi
zertifizierten E-Readern
Kindle™-E-Readern
(für ausgewählte Pakete)

Seitenzahl: 95

Veröffentlichungsjahr: 2022

Das E-Book (TTS) können Sie hören im Abo „Legimi Premium” in Legimi-Apps auf:

Android
iOS
Bewertungen
0,0
0
0
0
0
0
Mehr Informationen
Mehr Informationen
Legimi prüft nicht, ob Rezensionen von Nutzern stammen, die den betreffenden Titel tatsächlich gekauft oder gelesen/gehört haben. Wir entfernen aber gefälschte Rezensionen.



AMEZ

Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz;

oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro adi­tzean:

oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan, edo dantza ondoan alberdanian.

J.B. Agirre

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza

izan du liburu honek.

1. argitaraldia: 2022ko otsaila.

© 2022,Goiatz Labandibar Arbelaitz

© Argitaraldi honena: 2022, ALBERDANIA, SL

Istillaga, 2, behea C - 20304 Irun

Tel.: + 34 943 63 28 14

[email protected]

www.alberdania.net

Azaleko irudia: Tizianoren Venus ispiluarekin (Shutterstock).

Inprimatzailea: Ulzama (Uharte, Nafarroa)

ISBN digitala: 978-84-9868-718-7

ISBN papera: 978-84-9868-717-0

Legezko gordailua: D. 120/2022

V

AMEZ

GOIATZ LABANDIBAR

ALBERDANIA

narrazioa

Piliri eta Birjiliori,

ama eta aita deitzen ez zenidatelako erakutsi

V

AMEZ

Amak beti izan dira ama, beti begiratu izan dute beren umeen alde.

Bernardo Atxaga, Obabakoak

Animaliarena da lehenengo ahotsa.Amarena dator ondoren. 

Ixiar Rozas, Beltzuria

Haur bat jaio da

Maitasunarekin zer ikusirik

Ez daukana.

Amaia Lasa, Nere paradisuetan

TOMATEGINTZA

Maiatzaren erdialdea da tomateak lurrean itsasteko data aproposa. Xanixidrotan, esango lioke baserriko amonak biloba kalekumeari. Zuzenean aldatu daitezke lurrera, edo aurrez pixka bat handitu daitezke loreontzietan, indartzeko.

Geriza aukeratu behar da tomateentzat.

Haize handirik gabea, zeharkako euritik babestua eta eguzkiak joko duena. Ez dadila egutera izan. Eguteran jarriz gero tomateak, emazu antzutzat uzta.

Dena ez dago norberaren esku, noski. Eguraldiak ere asko du esateko. Udaberri eta uda eguzkitsuak tomateen mesedetarako izango dira. Euritsuak, berriz, kalterako. Eta Euskal Herrian abuztuan… ezin da jakin.

Tomateak ez du ur asko behar hazteko. Horregatik, ez da ureztatu behar landarea, baldin eta ez bada lehorte luzeko urtea. Eta orduan ere, tentuz. Hori bai, nahiz eta janari biologiko-ekologikoa (kontzeptu bera adierazteko erredundantzia hutsa baino ez den etiketa hori, garbantzu-­txitxirioak deituko bagenie bezala garbantzuei –edo txitxirioei–) moda-modan eta puri-purian dagoen gure oraingo gizarte honetan, eta gauza estimatuetan estimatuena den garaian garaikoa, zero kilometro, bertakoa eta hori guztia, baratzezaintzan eskarmentua duten guztiek esango dizute Euskal Herriaren alde umelenean bizi bazara (zehazki, Iberiar penintsula guztian euri gehien egiten duen puntutik bost kilometro eskasera badaukazu baratzea, klima hiperheze ditxosozko horren mugetan) eta etxeko baratzean tomateak ateratzea nahi baduzu, ezinbestean bota beharko diozula botika urdina. Bestela, herdoilak joko du landarea, eta hondatu egingo zaizkizu tomateak. Kolpeak aterako zaizkie, norbaitek ukabilkada bat eman izan balie bezala. Eta organikoak bai, baina jangarriak ez dira izango.

Landarea handituz joango da pixkanaka-pixkanaka eta zurkaitza jarri beharko diozu aldamenean, tente-tente haz dadin, tarteka landarearen zurtoina arbara lotuta. Handitu ahala, adaxkak jaioko zaizkio. Baita adaxka faltsuak ere, landareari indarra kendu besterik ez diotenak egingo. Hor ez da lore horirik haziko; gero tomatetuko diren lore hori horietakorik. Horregatik, alferreko adaxka horiek –adaxka eta adaxka artean jaiotzen direnak– zikiratu egin behar dira: kendu. Bestela, indarra zurrupatzen diote tomate landareari –ar bizkarroi hutsak direlako zikiratu behar dira.

Horri guztiari kasu eginez gero, eta zorte pixka batekin, uztail erditik aurrera (madalenetarako, esango lioke baserriko amonak biloba kalekumeari) tomate jaten hasiko zara.

Lehenengo tomate pottotta –berde-berde, ttiki-ttiki, borobil-borobil– ateratzen denean barruan sentitzen den hori… bizitza berri bat sortzen ari dela ikustearen lilura hori… ama batek bere lehenengo umearen ekografia ikusten duenean sentitzen duen zirrara bera da.

KANPOKOAK

Gazteleraz mintzo ziren, berarekiko adeitasunez. Bazekien hori Paolak. Harategira joaten zen maiz, etxez etxeko laguntzailea heltzen zenean, erosketak egitera.

Hiru egun ziren telebistak albistea eman zuela: emakume nikaraguar batek hiru urteko alaba ito zuen. Ordutik, ez zen beste konturik irratian, telebistan, egunkarietan, sare sozialetan eta kalean.

Harategian ere hilketa hari buruz ari ziren egun hartan. Gazteleraz, berak ere uler zezan, elkarrizketaren parte senti zedin, euskaraz baizik ez zekiten herri txiki hartan, nahiz eta 80 urtetik gorako bizilagun bat zegoen etxe edo baserri guztietan bera bezalako nikaraguar, hondurastar edo salvadortar bat bizi zen.

–Hemengoek ez dute halakorik egiten… –esan zuen emakume batek.

Isiltasuna egin zen, bat-batean Paola han zegoela ohartu balira bezala. Eta Paola, arrunt atsegina eta arrunt onartua eta arrunt sinpatikoa izan arren, ez zen hemengoa. Paola hangoa zen, kanpokoa, hiru egun lehenago alaba ttikia hil zuen ama munstro hura bezala.

–Nongoa zara, Paola? –galdetu zion harakinak. Harategian zeuden guztiak jabetu ziren ez zekitela nongoa zen sortzez Paola. Ez zitzaien sekula axola izan. Felipa zaintzera etorri zen beltxaran bat gehiago baino ez zen. Hain beharrezko eta hain merke ziren beltxaran horietako bat, ipurdiak garbitzeko, zaharrei azpiak egiteko eta paseora ateratzeko hain baliagarri ziren kanpokoak.

–Nikaraguakoa.

Isiltasuna egin zen berriz.

–Bai, kanpoko hiltzaile hori bezala. –Eta harakinak prestatutako zorroa poltsa berrerabilgarrian sartu zuen Paolak.

–Baina zuk ez zenuke halakorik egingo, ezta? –ausartu zen norbait.

Eta Paolak esan nahiko lioke ezetz, ez lukeela halakorik egingo. Edo baietz. Edozein amak egiten duelako bere seme-alabentzat onena den hori. Margaret Garner esklabo beltzak 1856an egin zuen bezala. Aguazil zuriek eta esklabo-­ehiztariek harrapatu zituztenean, bi urteko alaba hil zuen aizto batez, eta beste seme-alabak eta bere burua hiltzen ere saiatu zen. Nahiago hori esklabo izaten jarraitu baino. Argi hitz egin zuen Lucy Stone aktibistak Garner defendatu zuenean hilketa delituarengatik epaitzen ari zirenean: «Haur beltzen aurpegi koloregabetuek argi adierazten dute emakume esklaboak zein umiliaziotara behartzen dituzten. Alabari bizimodu hori eman baino, Margaretek hura atzera ere Jainkoarengana bidaltzeko bulkada sentitu zuen bere sakoneko ama-maitasunean, alabak ez zezan bizi zoritxarra. Nork esango du ez zuela hori egiteko eskubiderik?».

Paolak ere pentsatu izan zuen ezen, Nikaraguan utzi behar izan zuen bost urteko Yanira herri ttiki hartan berarekin egon balitz, agian hilko zukeela. Ez baitio alabari bere bizimodua opa. Non geratu dira Historian lizentziatu zen Paola haren ametsak?

Hil egin zituzten.

ANTONINA

Rosa Luxenburgek ez zekien urtarrilaren 15 batez hilko zenik. Berlin elurrak estaltzen zuen, zeruaren grisa eraikinen grisarekin mimetizatzen zen. Barrikadetako sua itzali zela baziren egun batzuk. Gobernuak bide ofizialak eta ez-­ofizialak erabili zituen horretarako.

Hain justu ere, bezperan paramilitar talde bat joan zitzaien Rosa Luxenburg eta Karl Liebknechti ezkutatuta zeuden etxera gaueko bederatziak aldera, Berlinen gaua ilun eta kale hotzetan arimarik ez zebilenean. Lau egun lehenago, Liebknecht lotsagabe hark Alemaniako Errepublika Sozialista aldarrikatu zuen marruka milaka langileren aurrean, eta Alemaniako Gobernu ofizialak ez zeukan gogorik ez txorakeriatarako, ez boterea kolokan ikusteko. Rosak eta Karlek bazekiten ausartegiak izan zirela, eta bazekiten, halaber, Friedrich Ebert kantzilerrak begitan hartuak zituela eta, aurreko egunetako grebak Espartakisten Ligak antolatu ez bazituen ere, Ebertek eurak egiten zituela egoeraren erantzule. Horregatik gorde ziren, giroa lasaitu artean.

Atxilo zeudela esan zien Waldemar Pabst kapitainak oihuka, eta Rosak hamar minutu eskatu zizkion, kartzelarako maleta liburuz bete eta prestatzeko. Eta Pabstek, gizatasunak bigunduta edo, eman.

Freikorps-ek autoan burua makurrarazita eraman zituzten Eden hotelera, hiriko mendebaldera, inork ez zezan jakin Rosa Luxenburg eta Karl Liebknecht zirela gizonkote haiek atxilo zeramatzatenak, ez zedin berriz piztu amatatzea hainbeste kosta zen iraultzaren txinparta. Gogor heltzen zion kolkotik Hermann Souchon tenienteak Rosari. Herraz. Freikorps. Gorputz askeak. Ironia ederra, besteren askatasuna lapurtzeko sortutako talde hura izendatzeko.

Eden hotelera heldu zirenean, kuarto batera sartu zuten Rosa. Liburuz betetako maleta kendu zion Pabst kapitainak. «Ez dituzu beharko», esan zion. Rosak hotzikara sentitu zuen bizkarrezurrean. Ez al zen kartzela izango beraren destinoa? Haien eskuetan egonda, izan zitekeen bukaerarik onena zen. Gainera, ez zitzaion axola hilabete batzuetako kartzelaldia pasatzea. Irakurtzeko, teorizatzeko eta hurrengo saiakera ordenatzen hasteko baliatu ahal izango zuen; eguneroko mitin, jardunaldi, asanblada eta bileretatik atseden hartzearen gisako zerbait izango zen.

Kartzela ezagutu duena errazago egokitzen da berriz lau hormen artera. Eta Rosak ederki ezagutzen zuen sartu-atera ibiltze hura. 52 urte zeuzkan eta 18 urterekin erbesteratu zen lehenengoz, Suitzara. Geroztik, ez zen sekula itzuli Zamosc jaioterrira, ezta Varsoviara ere. Poloniako lurretan izan zen azkenengoan, Breslauko kartzelan preso egoteko izan zen. Baina komunisten mutin bati esker handik atera zuten.

Dagoeneko hasia zen pentsatzen kartzelan idatziko zituen lehendabiziko gutunak nori bidaliko zizkion. Lehenengo-lehenengoa, Clara Zetkini. Lasai egon zedin eska­tzeko, ez kezkatzeko berarengatik, eta jarraitu zezala Alderdi Komunista bultzatzen. Eta goraintziak emateko Kostja semeari. Rosaren bihotzeko Konstantin… hain zoriontsu egin zuena hamabi urtez, mutilak Lehen Mundu Gerrara joateko errekrutatze agindua jaso zuen arte.

Bigarrena, Vladimir Ilitx Lenin-i. Alemanian izan zen iraultza-simulakroari buruzko iritzia trukatu nahi zuen harekin. Ez zetozen guztian bat, baina estimutan zeukaten batak bestea.

Hirugarrena, Elisabeta Yakovlevna Dabkinari. Egun batzuk lehenago ezagutu zuen gazte errusiarra eta liluratuta zeukan. Gazte harengan zegoen iraultzaren eta sozialismoaren etorkizuna. Sinbiosia berehalakoa izan zen Elisabetaren eta Rosaren artean.

Laugarrena Leori idatziko zion. Nola ote zebilen Jan Tyszka? Baziren hamabi urte euren artekoa bukatu zena. Mila gutun idatzi zizkion Rosak hogei urtean. Mila eta batgarrena Leok gustura jasoko zuela pentsatu zuen. Agian jarraitu zezaketen teorizatzen gutun bidez, eta, bide batez, esan ziezaiokeen benetan maite izan zuela eta, Rosaren arrakastarengatik hondoratu ez balitz, oraindik elkarrekin egongo ziratekeela. Nahiz eta Rosa Gustav Lübeckekin ezkondu zen Berlinera heldu zenean, alemaniar nazionalitatea eskuratzeko. «Joguiches, maite haut». Nahiz eta euren bideak banatu zirenean Rosak Kostja Zetkinekin xamurtu zuen Leo Joguichesek utzitako zuloa. «Tyszka, maite haut». Rosak, barren-barrenean, bazekien bera zela Leo Joguiches Tyszka-ren bihotzeko arrosa. Batzuetan kartzelak kalearekin bakeak egiteko ere balio dezakeela pentsatu zuen Rosak.

Eden hoteleko gela hartan, «zer egingo duzue nire liburuekin?» galdetu zuen Rosak. Emakume ttikia zen, are ttikiagoa zirudien gizonkote haien artean, baina ez zen erraz kikiltzen den horietakoa. Borrokan zaildutakoa zen. Klandestinitatean, barrikadetan, espetxean. Are gutxiago kikilduko zen eskolarik gabeko astakirten armadun batzuen aurrean. Eskolarik ez zuenak bi irtenbide zituen: sozialismora hurbildu, edo paramilitarra izan. Langile familiek eta auzoek onena eta txarrena ematen dutela aski ikasia zuen Rosak. Inguruan zituen gizonak gisa horretakoak ziren: egoera ekonomikoak baldintzatutako maila soziokultural batekoak izatera kondenatuak. Pabst izan ezik. Hura benetako paramilitarra zen: teorian eta praktikan.

«Sutan erre», erantzun zion kapitainak. Eta gainerakoek, libururik esku artean sekula izan gabeko haiek guztiek, barre egin zuten.

Oraindik ez zekien Rosak, baina idatziak zituen bere azken hitzak: «Bihar, iraultza berriro zutituko da eta bere fanfarre guztiarekin, zuen beldurrerako, esango du: “Izan nintzen, banaiz eta izango naiz!”».

Jakin izan balu hitz haiek zirela idatzi eta argitaratuko zituen azkenak, beste zerbait idatziko zuen. Ziur.

Zer pentsatu zuen Rosa Luxenburgek Eden hoteleko gela hartan bakarrik utzi zutenean Moabit kartzelara eraman bitartean?

Zamoscen ikusi zuen bere burua. Umetan, senideekin eta lagunekin, kalean jolasten eta larunbat batzuetan sinagogara joaten. Oraindik tarteka amak eta amonak izen osoz deitzen zioten garaiak ziren: Rozalia. Ikusi zuen bere burua eskolako leihoetatik barrura begira, bere bizilagun Nadiejna eta Svetlana eskolak hartzen eta bera, inbidiatan, kanpoan. Judua zelako ezin zen eskola hartan sartu. Baina, gero, libre zen ume errusiarrekin jolasteko. Bost urteko neskatila zenean, zinez maite zituen Nadiejna eta Svetlana. Zer ote zen haietaz? Pierogien usaina ere heltzen zitzaion. Ama artista zen haiek prestatzen. Batez ere tipulaz betetako pierogiak zituen maite Rosa haurrak. Ama, Line, entzuten zuen yiddishez hizketan amona bisitan etortzen zenetan. Rosari sekula ez zioten yiddishez egin gurasoek, beti egiten zuten alemanez etxean, baina amonari entzunda ikasi zuen. Urte askoren buruan, baliagarri izan zitzaion Alemaniako kartzeletan hizkuntza gutxitu hura jakitea, kartzelako funtzionarioek entenditu gabe lasai aritzeko beste preso politikoekin. Aitaren txokoa ere ikusi zuen Rosak, etxeko egongelan, txokorik umelenean Elias aitak jarrita zeukan mahaia, liburuz gainezka: Nietzscheren Die fröliche Wissens­chat, Dostoyevskirenak, Robert Louis Stevensonen Altxorraren uhartea. Eta ikusi zuen aita egunkaria irakur­tzen. Kezkatuta Aliantza Hirukoitza sinatu zutelako Vienan Alemaniako Inperioak, Austria-Hungariako Inperioak eta Italiak; Egipto okupatu zuelako Britainia Handiko armadak; Alexandro II.a tsarraren hilketarengatik; Italiak Eritrea eta Somalia inbaditu zituelako. Eta liluratuta Berlingo Orkestra Filarmonikoak lehenengo kontzertua eman zuelako, Richard Wagnerren Parsifal estreinatu zelako, Afrikako azken muturrean zegoen Transvaalek independentzia lortu zuelako Britainia Handitik, Emil Brugsch-Beyk 40 momia aurkitu zituelako Egipton.