Eguraldiaren euskara - Kepa Diegez - E-Book

Eguraldiaren euskara E-Book

Kepa Diegez

0,0

Beschreibung

Liburu honek protagonista behinena du bere baitan: aro-bidaiaria. Denbora-bidaiari batek ez bezala, hark ez du atzera-aurrera egiten denboran barrena, baizik eta beti aurrera egiten duela, herriz herri, eguneroko solasaldietan erabiltzen diren arotitzak –eguraldiari buruzko hitzak– Bildu nahian, uste sendoa baitu hitzak komunitate kultural baten ordezkari bereizgarrienetarikoak direla; maiz, hitzak ez ezik, esapideak, atsotitzak eta mundua ulertzeko erak entzun eta jasoko ditu. Den-dena zorroratzeko gogoahartuko du bidaia-kaiera batean, baina, hainbeste kontu azalduko zaizkio, ezen, bidaiaren une jakin batean laguntza eskatu beharrean egongo baita, bidaia pentsatutako moduan amaituko badu. Euskal Herriko herrialde guztietan gaindi ibiliko da, Getxon hasi, oraindik jatorrizko hizkera gordetzen duen Bizkaiko herria, mendebalderenean kokatua, eta Eskiulan bukatu, Euskal Herritik kanpoko herri euskalduna, Biarno aldean. Elkargune ugari erabiliko ditu herritar eta adituekin aroaren hitzez jarduteko: kultur etxeak, udaletxeak, euskaltegiak, euskara-elkarteak, tabernak, elizak, parkeak... edozein toki eder zaio aro-bidaiariari herritar eta adituekin ihardukitzeko. Saiakera nobelatua da, xedea erakutsi, azaldu eta irakastea baitu, baina eleberritik, kontakizunetik ere badauka, fikziozko eta benetako pertsonaiak bidaia guztian zehar, han-hemenka, agertzen dira-eta. Jakina, hunkigarriena, liburua hasieratik amaitu arte irakurtzea da, baina irakurleak aukeran du zuzen-zuzenean herri edo eskualde batera jotzea, zein ele erabiltzen diren ikasteko, edota bidaian barrena agerturiko hitz guztien aurkibideaz baliatu, non erabiltzen diren begiratu eta testuingurua irakurtzeko.

Sie lesen das E-Book in den Legimi-Apps auf:

Android
iOS
von Legimi
zertifizierten E-Readern
Kindle™-E-Readern
(für ausgewählte Pakete)

Seitenzahl: 388

Das E-Book (TTS) können Sie hören im Abo „Legimi Premium” in Legimi-Apps auf:

Android
iOS
Bewertungen
0,0
0
0
0
0
0
Mehr Informationen
Mehr Informationen
Legimi prüft nicht, ob Rezensionen von Nutzern stammen, die den betreffenden Titel tatsächlich gekauft oder gelesen/gehört haben. Wir entfernen aber gefälschte Rezensionen.



EGURALDIAREN EUSKARA

1ª argitaraldia: 2023ko urria.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza izan du liburu honek.

© 2023, Kepa Diegez

© Argitaraldi honena: 2023, ALBERDANIA, SL

Istillaga, 2, behea C - 20304 Irun

Tel.: + 34 943 63 28 14

[email protected]

www.alberdania.net

Azaleko irudiak: Euskal Herriko mapa: by Willtron, CC BY-SA 3.0, https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=601111. Isobaren mapa: Robert Adrian Hillman (Shutterstock)

Inprimatzailea: Ulzama (Uharte, Nafarroa)

ISBN: 978-84-9868-834-4

Legezko gordailua: D. 876/2023

EGURALDIAREN EUSKARA

ARO-BIDAIA EUSKAL HERRIAN BARRENA

KEPA DIEGEZ

ALBERDANIA

eleberria

AITZINSOLASA

Hitzak magikoak dira; zenbaitetan, enigmatikoak. Magia eta enigma, biak grekeratik datoz; magia, mageiatik, naturaz gaindiko nolakotasuna; enigma, ainigmatik, iluna edo lausoa. Magiaren hizkiak enigmahitzaren barnean dira, eta e eta n geratzen dira, en- hasieran, beste enigma bat ortzi osagaiari loturiko hitzetan: *enaurziri, inusturi, justuri… Berba ugari magikoak eta enigmatikoak dira, naturaz gaindikoak eta ilunak: erakargarriak.

Solasak gizakiaren adimen-begiak sortu eta adimenarekin batera errotu eta hazi egiten dira. Lehenago gizabanakoa gainditzen duen herentzia kultural baten hazia ekartzen dute, hiztun-komunitateak onetsi baititu: hitz bat, aurrera aterako bada, ezinbestez, komunitate batek elkarbanatu behar du; bestela ahanzturaren zorroan eroriko da.

Eleak gordinik daude, natura hutsa dira, eta kulturaren atal bihurtzeko, maneiatu eta egosi behar dira; horrela kultura bilakatuko dira. Kultura, azken batean, natura eraldatua baizik ez da, besterik ez. Hitzak sentimenduetan bizi dira, arimaren parte dira, eta oroimenen egiten dute lo, zenbaitetan lozorroan; batzuetan, ordea, itzarri egiten dira, eta orduan kementsu eta adoretsuago agertzen dira, oroitzapen pausatuen indarrarekin sortzen baitira.

Eleak hiztunen buru-iruditerian erroturik daudelarik, argazki-bilduma osatzen dute, eta adimen-begiak, argazki-kameraren antzera, sortu eta iltzatzen ditu hiztunen buru-iruditerian. Hiztunen adimen-begia gai da argazkiak eginez hitzak sortzeko, baina ez dira gizabanakoaren erabaki indibiduala: berekin dakarte kultur herentzia bat, komunitateak bermaturik, belaunaldiz belaunaldi hiztunari helarazten zaiona. Etengabe elikatzen dira hiztunak eta komunitatea.

Solasak hizkuntzetan bizi eta garatzen dira. Hizkuntza buru-irudimenean erabiltzen den berba-sinboloen jolasa da. Buru-irudimena adimen-begiarekin ikusten dugu, baina intxaur baten zaporea, euripean ibiltzearen sentipena edo edozein gustuko abesti ere bada buru-irudimena. Adimen-begiaren bitartez sortzen ditugun berbak pertzepzio-era ororen bidez eskuraturiko esperientzia guztietan tinkaturik daude. Esperientzia horrek kultura zama handia dauka; horregatik, hitzak eta kultura erabat loturik dira. Inguruko kulturak baldintzatzen ditu hitzak, halabeharrez.

Hitzek itsutu egiten gaituzte; entzun egiten ditugu, usaindu, dastatu eta ukitu. Zentzumen guztiak paratzen dizkigute dantzan. Zentzumen oro bereganatu nahi du aro-bidaiariak, Euskal Herrian barrena eginiko aro-bidaia honetan. Herriz herri joango da, hitzen dirdira, hots, lurrin eta zapore gozoaren bila: tximistargiak itsutuko du gaitu; ortziaren orroa entzungo du; izotzaren hotza ukituko du; euriaren ondokoa usainduko du; lanbroa dastatuko du.

Arotitzak biltzea du xede ete nahi, eguraldiari uztarturiko berbak, magikoak eta enigmatikoak baitira, gure kulturaren ikurra. Aro-bidaiariak asmo garbi hori dauka hasiera-hasieratik, baina ez daki nola garatuko den eta zer amaiera izango duen: bidaiak berak irakatsiko dio, eginaren eginaz, zer egin, nola jokatu, zer erabaki: «Gogozko aro-bidaian, aro-aldaparik ez».

Herriz herri ibiltzen horrek katea osatzeko ezinbesteko katebegiak dauzka: haizeak. Hitzak haizeak omen daramatzan arren, aro-bidaia honetan, haizeak izango dituzte lagun bidaia osoan zehar; haizeei esker bidaiatu ahal izango du aro-bidaiariak, baita toki bihurri eta malkarrenetatik ere. Eraman eta garraiatu egingo dute aro-bidaiaria Euskal Herriko 96 herrietan barrena. Orotariko haizeak, ipar, hego, mendebal zein ekialdekoak, zer komeni zaion herri batera abiatzeko, hori aukeratuko.

Herri guztietan izango ditu bilerak aro-bidaiariak herritarrekin nahiz jende adituarekin: udaletxeak, kultur etxeak, jauregiak, ikastolak, elizak, tabernak, plazak… Hitzak azaleratzeko hiru metodoz baliatuko da, gehienbat, aro-bidaiaria: elkarrizketa, galdeketa eta elizitazioa. Azken hau, euskararen hiztegietan agertu gabeko hitza da, baina antropologo eta hizkuntzalarien buru-iruditerian tinkaturik dago: elizitazioaren xedea informazioa erdiestea da, era zuhur eta gozo batean, sarritan hiztunak jakin gabe zer-nolako informazio garrantzitsua ematen ari den. Ez zaio zuzenean galdetzen, erauzi egiten zaio, maiz, itzulpenik erabili behar ez izateko. Hori beste bidaia bat da, euskal hiztunaren adimenean zehar.

96 herrietan barrenako aro-bidaia honetan irakurleak egilearen adimen-begiak sorturiko zenbait elerekin egingo du topo: arotitz, eguraldiari loturiko hitza; arotiztegi, eguraldiaren lexikoa; Aroterri, Aroaren herria, Euskal Herria, azken batean; ostagi, fenomeno atmosferikoa, Azkuek asmaturikoa, egundo ez erabilia, baina egileak bultzatua.

Aro-bidaia Getxon hasiko da, euskararen mendebalde-mendebaldean, eta Eskiulan amaitu, euskararen ekialde-ekialdean, Biarnon egon arren, beren burua euskalduntzat daukan herria. Hain urrun, hain hurbil, herriok. Ez da bidaia zuzena eta arteza herrialdez herrialde, ez: haizeen gurarien arabera, ustekabeko sartu-irtenak izango dira, aro-bidaiariaren beharrizanetara makurturik, bidaia lasai eta patxadatsua osaturik.

Bestalde, bidaian barrena, euskararen kolorea aldatuz doala ohartuko da irakurlea: nolako tokiko hizkera, halako euskara batua, nolabaiteko tokian tokiko euskara batua, alegia. Beraz, irakurleak aukera izango du arotitzak ez ezik hizkeren ñabardurak eta zipriztinak ikasteko, liburua aurrera joan ahala. Goza beza irakurleak aro-bidaia liluragarri honetaz!

I. GETXO

Aro-bidaiariak Getxon abiatu du hiztunaren adimenean barrenako bidaia hau, Euskal Herriko hizkeren artean, mendebaldeen kokatua, Bilbotik ipar-mendebalderantz. Euskal Herriko hiririk jendetsuenetan seigarrena da. Handik sartalderantz ez da lotzen behinolako euskararen berbaeren jatorrizko lorratzik, eta Getxok, ahalegin bizia eginez, nekez euts diezaioke bere berbetari.

Hala ere, hango berbaera ataka estuan egonda ere, arobidaiariak jakin du Andoni Llosak eta Fredi Paiak, besteak beste, UK aldizkarian eman zituztela argitara duela urte batzuk Getxoko eguraldiaren lexikoaren printza eder batzuk. Andoni ez, baina Fredi eta beste herritar euskaltzale batzuekin ere batu da Bizarra Lepoan elkartean aro-bidaiaria Getxoko arotitzak ikusgai bihurtzekotan: «Non aroa, han zangoa».

Udalerriaren atal handia itsasertzean dagoelarik, Fredik arobidaiariari azaldu dio haizea izendapen askoren irudimen-iturria izaten dela: «Haizeari dagokionez, oso arrunta da mendebaldetik datorren haizea, euriaren berri ekartzen diguna, eta galleguaxe esaten zaiona». Herrialdeari buruzko izendapena da, baina beste batzuetan haizearen beraren izaera adierazten dute getxoztarrek: «Kontrako aldean, hegoaldetik datorkigun haize siku hori axeierra (haize iharra) deitzen da, ihartu edo lehortu egiten duelako. «Aurrekoaxe edo errikoaxe ere esaten diote», dio Fredik. Beste berriemaile batek honela eman dio aditzera aro-bidaiariari: «Uribe Kostan erriko axe esaten zaio hego-haizeari gehienbat. Horrek ez du esan gura beste aldaerarik esaten ez denik, baina zabalduena herriko axe da Urdulizetik Lemoizera behintzat»; halandaze, herriko haize. Hego-haizearen erruz eta amorruz, Euskal Herriko kostaldean ez da zelangurakoa izaten jasatera behartuta egoten den tenperaturagorakada itzela. Bidaia honetan protagonista nagusietarikoa izango da hego-haizea, ezbairik gabe: gero eta sarriago azaltzen da, klima aldatuz doan seinale.

Ufada beroak gorabehera, bestalde, ipar-haizeak ere erasaten die getxoztarrei, eta, halabeharrez, era askotara bataiatu dute identifikatzeko, Frediren berbetan: «Ezpabere, iparreko haxe hotzari esateko iper-haxe, norteko haxe, leiaxe, haxe berde eta haxe baltza berbak ibilten direz». Izendapen horiek beste herri batzuetan erabiltzen dira, eta orduan haien berri luzeago jardungo da; oraingoan leiaxe aipatzekoa da, leia (izotza) ekartzen duen haizea, barne-muinetaraino sartzen da haren gordintasuna, sano1 sarkorra da, hain da hotza. Leiberba arrunt askoa da Getxo aldean, Frediren esanetan: «Leisuri te leibaltza. Lei suri goixetan (eg)oten da kanpo dusti suri suri suri. Ta lei baltza (eg)oten da kanpo gogor eta otz eta esetango errasturik pe». Lei zuria ikusten da, ihintza izoztu egiten da, baina lei beltza eginez gero, ez dago arrastorik, landareak eta zuhaixkak barrutik izozten dira, eta errepideetan ez ohi da ezer sumatzen asfaltoaren gainean, ikusezina da eta sano arriskutsua. «Lantzean behin eta egun hotzenetan baino ez, txingorra datorkigu kaleak zuritzera, eta fenomeno honek badauzka izen ugari, hain hedadura txikerrean tokian tokiko berba edo erabilpen ugari izaten dira modu ikaragarrian; ezagunena kaskaragar hitza da, eta beste batzuk aipatzearren abazuze (haizea, euria eta txingorra batera direnean), harri (txingor handia) eta txotor (txingor txikerra)». Beste hiztun batzuek diote txotorra ez dela txingor txikia, elur mota baizik: «Txotorra da entre (sic) edurre da kaskabarra bitarte. Edurre ixinde be, erdi gogortute dauenen, kaskarrantzeko». Beste herri batzuetan osterantzeko izendapenez baliatzen dira, baina, antza denez, ez da kazkabar-alea bezain gogorra, biguna baino.

Hotza bazter utzita, «eguraldiak alde handiak erabiltzen ditu», Fredik dioenez, eta eguzkia ere sarri azaltzen da Uribe Kosta aldean, zelan ez!: «Udako egun beroenetan eguzki goriak gogotsu joko gaitu baina neguko eguzki epel hori, ordea, sano eskertzekoa da duda barik». Neguko egun hotzenetan, ostera, eguzkiaren ferekaren bila ibili ohi gara; abadiñarrentzat, ordea, euski goridxe, «trumoi lainoak zeruan daudenean»; hortaz, ekaitzaren iragarlea izaten da eguzki goria. Baina, getxoztarrak ez ei dira ekaitz berbaz baliatzen: «Batuz ekaitza esaten dakonari hedoi ala trugonade esaten dako guren». Sarritan entzuten dira kideko izendapenak Euskal Herrian: hodei eta trumonada, Hodeiren konnotazio mitologikoaz aurrerago ikertuko du aro-bidaiariak.

Udaminean, ostera, eguzkiak ankerren jotzen duenean, Bizkaiko mendebaldeko txangot berba ahoz aho ibiltzen da: «Eguzki txangot esakunea bi zentzutan erabiltzen da: alde batetik, egun euritsuetako aterruneetan irteten den eguzkia horrela izendatzen da eta, bestetik haize gutxiko egun baten, eguzkiak gogor eta gupidarik gabe berotzen duenean modu berbera erabiliko da». Beste getxoztar batzuek: «hedoi arteti urteen dauen eguzki golperi betzuten, eta sargoriri bestetan, eguzki txangota dineutse aitite amamek». Halandaze, antza denez, belaunaldi-kontua besterik ez da berba dotore hori ahanzturaren zorroan jaustea.

Euskal Herri osoan bezalaxe, Getxon ere euri xehe eta meheak izaten dira sarri: «Ziri-miriberbe baten baizen giautan batun badu bere, auri ugerra dineutse gure edadeko gehienek ortureko balio ez daun auriri. Indertsuau jausten danari auri-lanparra eta horti gora zaparrade edo etxala bota entzun duz alde-etxetan» («Ziri-miri berba behin baino gehiagotan batu badugu ere, euri ugerra diotse gure edadeko gehienek orturako balio ez duen euriari. Indartsuago jausten denari euri-lanparra, eta hortik gora zaparrada edo etxa ahala bota entzun ditugu baserrietan»). Berbadunak hiru lerrotan egiten du euriaren inguruko mailakatze galanta: euri-ugerra, zikina, lurraren gaina bustitzen ez duen horietarikoa; euri-lanparra, intentsitate aldetik indartsuagoa, baina, beharbada, ez lodiagoa; zaparrada solas zabaldua, eta etxa ahala bota, Uribe Kostako aditz-lokuzio adierazgarria, hau da, euria bota ahalean edo beharrean.

Getxotik abiatu baino lehen, Fredik gomutarazten du inguru horretan hamaika hozbero jasan izan dituztela, denetariko ostagiak, alegia: «Baso nahi menditen beharren ibilikok, abarobako lanetan jasan deudezan auri, bero larri, kaskaragar edo haxeteri esateko hamakatxu hozbero pasa duz botaten deude, lehengo sasoik gogon deukezala». Lehen ez zen egoten gaur egungo besteko erosotasunik, eta biztanleek sarriago pairatzen zituzten gogor jardutearen erasanak. Haien errukarriak!

Abraizea irten du, Abra aldeko ipar-mendebaldeko haizeak, eta eramango du aro-bidaiaria Leiorantz, hego-ekialderantz. Han beste zenbait lekukotasun eta bitxikeria azaleratuko dira berbadunen adimen-begiaren eraginez. Iñaki Gaminde bilbotarrarekin lotzekoa da aro-bidaiaria, hainbat herritako euskara aztertu duen ikertzaile nekaezina. Bidaia honetan behin baino gehiagotan izango du aro-bidaiariak haren laguntza paregabea. Udal Euskaltegiak lagatako gela batean elkartuko da harekin eta zenbait leioaztar prestu eta berba-lapikorekin. Erraza da bidaia, herri biak elkarren alboan dira-eta; areago, zenbait tokitan kaleak partekatzen dituzte.

II. LEIOA

Udalerria, oro har, nahiko laua da, 100 metrora heltzen diren muino batzuk baino ez daude: Kurkudi (126 m), Bolunburu eta Ikeamendi. Kokapen geografiko horrek baldintzatzen du Leioako klima: ez da inguruko zenbait berri bezain euritsua, baina haizetsua da sano, baranoko muinoak oztopo ez dira eta. Leyoako berbetea egiten da udalerrian, ipar-sartaldeko (Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdea) azpieuskalkiaren aldaera, Getxo eta Berangokoenen antzekoa.

Aro-bidaiariak gelan sartu eta atoan igarri du giro bero-bero eta berbontzia. Iñaki Gaminde etorri zaio artez-artez agurtzera, eta parte hartuko du aro-bileran beste leioaztar batzuekin: berak ederto daki Leioako berbetea, Leioa Berbarik Berba liburuaren egilea da-eta.

Leioaratu duen abraizea berbabide, jakitun dago aro-bidaiaria haize-zurrunbiloak sortzeko ezin baztertuzko ahalmena daukala Leioa aldean, ia mendixkarik gabeko herrian. Ez dago ordekan kokatuta, baina muino txiki batzuk badauzka Leioak. Iretxoaxea (iratxo haizea) darabilte mihian leioaztarrek haize-zurrunbiloaren ibilerak azaltzeko: iratxoak euskal mitologiari loturiko pertsonaia ezagunak dira. Euskal Herri osoan hedaturik daude, baina Bizkaian batik-bat ezagutzen dira, eta gauez azaltzen direnean, askotariko itxurak bereganatzen dituzte: emakumea, umea, astoa, ahari beltza, txerria, eta, zenbaitetan, eite magikoa, ahotik sua darion txoria, ia herensuge txiki baten pare. Oharkabean azaltzen dira, eta ez dira gaiztoak izaten, nahiz eta zenbaitetan jendea beldurtzeko ohitura izaten duten. Aro-bidaiariari azaldu diote leioaztarrek, bazter askotan bezalaxe, izaera magikoa igartzen diotela haize-zurrunbiloari, sano irudi politak eratzen baititu, batez ere orbelak biribilka eta itzulika hasiz gero: orduan haizearen ikusezintasuna ikusgarri eta ikusgai bihurtzen da. Izaera berean oinarrituta, ekialderago, Txorierriko herrietan, sorgiñaxe entzutea ez da arrotz izaten, Iñakiren berbetan.

Haizeak eta euriak bat egiten dutenean, sinbiosi banaezina gertatzen denean, Iñakik adierazi dio aro-bidaiariari Bizkaiko mendebaldean afrontu berba ibili ohi dela han-hemenka: «Afrontu ba datorrenen kasureko, ori euries ta axe sarratu te itzelezko saparradak eta sera, ordun, afrontu ordun, se paraten da itxoso baltza baltza baltzen eta etorten da itzelezko, e, kolpegas etorten da». Beste berbadun baten deskripzioak gomutarazten du haize mota horrek euritakoak suntsitzeko joera: «Afrontu, alderdi gustiteti datorren axe, da afrontu, euries batera». Hirugarren berbadun batek ere badio haizea eta euria indartsu ezkontzen direla: «Afrontue… axie ta eurixe inderras». Iñakik azaldu du ezen afrontu-egunetan, ostarterik sortuz gero, eguzkia agertu eta, sast!, garriko biskaitarra sortzen dela zerua koloreztatuz: «Garriko biskaitarra. Aitu selako garrikoak urten daun». Gerriko baten antza du ostadarrak… eta bizkaitarra! Gernika alboko Mendata herrikoek uste dute garrikoa irteteak euria ekarri ohi duela: «Garriko dau te euri in ber deu».

Baina beti ez du euriak jarduten haizearekin batera: xehea eta mehea ere izaten da, eta zirimiria eta kidekoak beti erauzten dituzte berbadunek iruditeriaren kutxatik: «Ba antzen siri miri te sera, lanbrixe, auri lanbrixe, guk batera nai bestera esaten geuntzen, siri miri, aitu selau, e, auri sirimiri datorren edo, ai selau lanbrixe datorren». Lanbrix berba bitxia, lanbroari lotuta, herri gehiagotan erabiltzen da; esaterako, lanprix Zollon, Arrankudiagako auzunea, Ganekogorta mendiko magalean, eta lanbri Gatikan eta Munitibarren, biak Bizkaikoak, Iñakik ondotxo dakienez.

Euriak euri, beste zenbaitetan, lehorte luze eta latz baten ondoren, euria goian behean egin dezan nahi izaten dugu; Leioa aldean euri mota horri azaro deritzo Iñakiren arabera: «Asaro ixetan da, siketa edo sikun osten datorren euriri esaten jako asaro». Beste berbadun batzuen ustez, aldiz, osterantzeko kontua da: «Selago asaroa. Txotorra eta eurie nastean iten dau. Eurie iten dau, edurregas nasten». Hortaz, beste nahasketa bat: txotorra (elur-pikor txikia eta biguna) eta euria. Miresgarria da hiztun ugarik nola hautematen duten errealitatea, zelan jabetzen diren inguratzen dutenaz. Iñakik aipatu du Bizkaiko mendebaldean sano berba arrunta dela txotor.

Aro-bidaiariak leioaztar bati berba egiteko gogoa igarri, eta itaundu dio zer esan gura duen. Kontua da iretargi betearen inguruan sarri askotan zirkulu bat eratzen dela, eta hori dela-eta, hainbat interpretazio islatzen direla euskaran: «Iretargi an estosu ikusten idin busterries?» Ilargiaren inguruan idien uztarriarekin, horixe susmatzen baitu berbadunaren adimen-begiak.

Bidaia honek katebegi begi-bistakoa dauka herrien artean: haizea. Haizeak herriz herri eramango du bidaiaria, batzuetan beren-beregi hark eskatuta; oraingoan, hego-haizea lagun, sano haize iharra izango du bultzaka atzez Urdulizerantz, Berangon eta Sopelan barrena, Uribe-Kosta eskualdea laga barik: «Urriten beti egoten da au axe igerra». Egia da, estatistika kontua baino ez daeta, eta baserritarrak ondo asko daki hautematen eta zenbatzen: urria hego-haizeak gehien jo ohi duen hilabetea da: haize ihar, siku, lehor eta errea. Sopelan esango dute bero zantarra egoten dela. Itzel eskertu die aro-bidaiariak leioaztarrei eta Iñakiri haien laguntza eskerga. Dena dela, Iñakik harekin segituko du aurrera; izan ere, bere doktorego-tesian Urduliz eta Gatikako herri-berbetak aztertu zituen orain dela urte asko. Hurrengo geltokia: Urduliz.

Urdulizeratzeko, aro-bidaiariak eta Iñakik atzera egin eta ostera ere sartu dira Getxon; iparrera egin eta Berango trabeskatuta Sopelako Larrabasterra auzoan eskuinetara egin dute. Handik, haizea etzan samarturik doala aprobetxatuz, Urdulizeraino heldu dira axe igerra lagun. Bertako kultur etxean, herritar zindo eta artezekin batzekoa da aro-bidaiaria aroaz eta denboraz egiteko berba, Iñakiren laguntzapean.

III. URDULIZ

Urduliz Butroe ibaiaren haranean dago, ezkerraldean, alegia. Mendixka batzuek zeharkatzen dute Urduliz. Garrantzitsuena Munarrikolanda (255 m) da. Iparraldean, itsasotik hurrago, Butroe ibaiarekin bat egiten dute Tarigua eta Kukatxe errekek. Horrek guztiak baldintzatzen du Urdulizko klima: itsasotik hur eta mendixkak egotea. Urdulizen Uribe Kostako hizkera da nagusi, mendebaldeko euskalkiaren aldaera ere, Iñaki Gamindek frogatu zuenaren arabera.

Espero bako txalo-zaparrada jaso dute aro-bidaiariak eta Iñakik kultur etxean sartu eta atoan. Hego-haizea ezari-ezarian enbata bihurtu da eskualde osoan: hego-haizeak mendebalera egin du, eta gero ipar-mendebaldera. Aro-bidaiaria aztoraturik dago. Biratze hori zinez gogorra izaten da. Zenbaitetan, haize zakarra izaten da, baina, oraingoan, euriarekin batera etorri da. Euriaren hotsa nabarmena da kanpoaldean, tanta lodi samarrak eta eten bakoak; Urdulizko berbadunek esaten duten moduan, asto-karrerak entzuten dira, hain da bortitza euriak ateratzen duen hotsa lurrarekin bat egiten duenean: zalaparta entzungarria. Jabi Zabala urduliztarrak, tartean dagoela, metafora eder horren berri ematen du:

Urdulizen entzuna dut zaharrenek «llover a cantaros» horri asto karrerak esaten diotela-ziotela. Noski, dagoeneko ez dira egiten egun, garai batean herri gehienetan egin ohi ziren asto lasterketak, astorik ez dago-eta ia-ia. Baina pentsatzen jarrita, asto karreretan entzungo zen zaratagatik izango zen agian hainbeste apatx arrapaladan, zarata antzekoa izango zen?

Pentsatzekoa da baietz, astoek asto-probetan ateratzen duten astrapalaren antzekoa dela euri-hots sarkor eta ekina. Berbadunen adimenaren begi-sortzaileak du belarria lagun.

Baina, Uribe-Kosta elurra sarri egiten duen inguru horietakoa izan ez arren, badaki lantzean behin elurra egiten ere. Iñakik Getxon aipatu eta eskualde osoko txotor berbaz ere baliatzen dira heldu urduliztarrak beste xehetasun bat emanez: «txotorra edurren klasera da»; «Ba segun selan yausten dan batzuten txotorra geitzen (deitzen) dotzu, se espadator edurre lodi, badator ori granuladu, orrei txotorra». Halandaze, bertako hiztunek argiago ikusten dute zer den hori: elur-pikorra edo elur-pinporta, elur moten barruan, eta ez txingorra edo kazkabarra. Zenbat eta elur gutxiago egin, orduan eta zehaztapen gutxiago izango dute horretariko fenomenoek: seinale da klima-aldaketa hementxe dugula, klima-larrialdi bilakatzeraino.

Beste kontu batzuen gainean ibili dira berbetan, bana zorroratzeko ez. Hortaz, bilera atsegin askoa amaitutzat eman du aro-bidaiariak. Arotitz-zakua betetzen hasia da, eta ezuste galantak hartu ditu bidaiaren hasiera-hasieratik. Hurrengo helmuga Gatika herria bada ere, Gorlizen kontu bitxi eta berezi bat arotiztegiratu beharrean dago. Iñakik esan dio kontu bat egin beharrean dagoela, eta Gatikan egingo dutela ostera ere topo.

IV. GORLIZ

Ipar-mendebalak bultzatuta, Urdulizetik Gatikara joateko biderik laburrena Dobaranen eta Butroen barrena badoa ere, lehengo haize errearen hondarren batek Gorlizera hurbilarazi du aro-bidaiaria. Han Fredi Paia bertsolariak, Getxon lagun dionak, egundoko izenik arraroena aurkitu zuen ipar-haizeari irizteko:

Haxek aitatzen hasite, esan ber du hamaka uzen (izen) mueta ezbardin batun duzela. Euren arten arrarona Gorlizen entzun nendun, ipar haxeri esateko Genaro haxe esateutsen hango fameli betekok. Euren etxeti iperrera dau Genaron etxe, eta iper haxe handi datorren lez, hori uzena emoten deutse haxeri.

Zoragarria da euskal hiztunen adimenaren begia: Genaroren etxea, auzoko batena, iparrerantz dago, eta hori gogoan edukita, haizeak hango aldetik jotzen duenean, Genaro-haxe esaten diote. Era askotara izendatzen ditu euskal hiztunak haizeak, ohikoenetariko bat izendapen toponimikoren bat erabiltzea izaten da: horrelakotzat jo liteke Genaroren etxea. Gatika aldera jotzeko, Lemoizko Andraka auzoa azaldu da, muino batean kokaturik. Hangoa zen Rufino Arriola trikitilari handia, Andrakako Errementaria, musikari askoren maisu miresgarria. Aurrerantz jarraitu eta Erbera auzunean, beheko herria, Maruri-Jataberantz ezkerretara egin beharrean, eskuinetarantz joan da aro-bidaiaria Gatikara iristeko. Ipar-mendebalak udaletxearen aurrean utzi eta atzera ere sartu du. Iñaki ikusi du kanpoaldean beste gatikar batzuekin.

V. GATIKA

Butroe ibaia igarotzen da udalerriaren iparraldetik, eta inguruan muino asko daude; haietariko batean, Butroe auzoan, Butroeko gaztelua kokaturik dago, Erdi Aroan jatorri duena, nahiz eta gaur egungo itxura XIX. mendekoa izan. Klima epela du Gatikak, inguruko herri guztiek bezala, itsasotik hurbil dago-eta. Euskara da nagusi udalerri osoan: Koldo Zuazoren arabera, Bizkaiko mendebaldeko Mungialdeko berbeta erabiltzen da.

Iñakik aurretik bideratu du gaurko aro-bilera, eta horri esker udaletxeko areto batean egokitu dira denak aro-bilera aurrera eroatekotan.

Hasteko, Iñakik komentatu du Gatikan ere enbaten berri izaten dutela sarri. Hauxe esan du gatikar batek: «Enbata da itxosoko». Bizkaiko herri frankotan itxoso esaten da, eta ez itsaso. Bai, zalantza izpirik ez dago: enbatak itsasoan sortu, bizi eta hil egiten dira. Haize zakar-zakarra izaten denez, denpoaralak eman duen gatikar batek honela azaltzen du: «Axe bulusio batek bota neu bisikletatik». Zorionez, badirudi onik dagoela, ez duela gaitz handirik izan. «Trankil –dio– laster egotaro ona egongo da», edozein bazterretan gustura egoteko aroa, alegia. Enbata eta zarrazoia ez direla nahasi behar dio Iñakik: «Geldi geldi lotxen dana sarrasoi da». Zarrazoi berba sano hedatua da Bizkaiko mendebaldean: Leioan, Lemoizen, Bermeon, Mendatan, Gatikan, eta Arrietan ere bai: «Lañoa be beyen dauenien ba, sarrasoye itzela eoten da». Ez da batere arrotza izaten kostaldean ere. Iragandako Andraka aldean ere baliatzen dira berba horretaz: «Guk esaten du, sarratu daunen, asko daunen, ene selako sarrasoi dau! Bere esaten dako embata, esta eser ikusten. Embata da baxuau dauenen.» Horra hor enbataren eta zarrazoiaren arteko aldea! Beste herri batzuetan aldaerak erabiltzen dituzte; esaterako, zerrazoi, Orion eta Zestoan: «Zerrazoi goorra».

Adituek esan dute hitzek zentzumen guztiak biltzen dituztela beren baitan: ikusmena, entzumena, ukimena, dastamena eta usaimena; berein kolore ere bai. Bidaian zehar euskal berbadunek erabili ohi dituzten koloreen berri jasoko du aro-bidaiariak, eta apurka-apurka agirira ekarri. Gatika aldean, eta beste zenbait bazterretan ere bai, Iñakiren esanetan, kolore berdeak ez dauka mezu positiborik, eta eguraldi gozakaitzari lotzen zaio: «Denpora berdea laño edo otza denpora berde dau». Bizkaiko herri batzuetan haizea kolore berdez tindatzen da: axe berde, bidaia honetako abiapuntuan, Getxon, eta Ondarroan. Ipar-haizeari irizten zaio horrela, edota haize gogor samarra adierazteko, Bermeon eta Mundakan.

Beste andre gatikar batek dio beti aro txarra ez dela egoten, berak eguzki zuria duela gustuko, Jatabeko herritarrek honela esaten dutela: «Eguski suri ederra yauk gaur»; «Eguski zuri da ba, goixen datorrena, argi argi datorren eguski». Ederra, baina lar berotzen ez duen eguzkia, batez ere udagoienean eta neguan. Horrelakoxea du gogoko jende askok, eguzkitan gozo-gozo egotea. Kolore zuria lagun, oraingoan, aroaren kolore-espektroa zabalduz doa. Arobidaiariak gogoan dauka, Arrietan, elur-maluta txikia izendatzeko euri-txingo elkarketa erabiltzen dutela.

Berba sano interesgarriak eta zorroratzeko modukoak entzun ditu aro-bidaiariak Iñakiren eta gatikarren aho-ezpainetatik. Bilera amaitutzat eman behar du, eguneko lau-bosgarren herria izanda. Nonbait egin behar du lo, biharamunean bideari fresko-fresko jarraitzeko. Iñakik esan dio Mungia sano paraje2 dagoela, eta hobe dela han ostatu hartzea. Oraindi landetxea gomendatu dio Iñakik, Gernikara bidean. Denei eskerrak eta bostekoak eman, Iñakirekin aurrerago egingo du topo berarekin berriz ere, eta hondino ipar-mendebala lagun, Mungia aldera egin du. Ipar-mendebal haizea gailen, andre eta jabe izaten da Euskal Herri osoan, salbuespenak salbuespen: horrexek eraman du aro-bidaiaria Mungiako Oraindi landetxera arrapaladan. Lehenengo gaua izanda, beharbada ez du oso ondo lo egingo. Euri-hotsa entzun du logelatik: gogor hasi du, ipar-mendebalak ekarritakoa. Oker egon da: lozorroan egin du lo, eta almortzu ederra egindakoan, sano indarberriturik, Torrebillela dorre ikusgarrirantz abiatu da. Han du hitzordua hango herritar euskaltzale batzuekin.

VI. MUNGIA

Mungia eskualdeko herririk handiena da. Sollube (684 m) eta Jata (592 m) mendiez gain, hainbat sakonune eta muino dauzka; besteak beste, Gondramendi (217 m), Tallu (342 m) eta Berreteaga (366 m); Butroe ibaiaren ibarra inguratzen dute mendi horiek, Bizkargin (536 m) sortu, Mungia igaro eta Plentziako badian ura isurtzen duena. Gatikan bezala, klima epelaz gozatzen dira mungiarrak, nahiz euria sarri egiten duen. Koldo Zuazoren hitzetan, mendebaldeko euskararen barruan, Mungiako berbeta tartekoa da.

Torrebillelako dorrean sartu eta atoan, arnasari eutsi ezinik, berbontzitasuna sumatu du giroan. Aro-bidaiariak zelan eroango duen aurrera aro-bilera esplikatu eta segituan herritar batek esan du bart ez dela oso gozoa izan eguraldia: «Eguraldi zatarra egon da gaur». Esaten dute lehengo enbataren edo galarrenaren eragina ere igarri dutela, igarri ere! Axexixkua harro ibili da, haize-zurrunbiloaren kidekoa.

Itsasaldetik hur badago ere, bertaratutakoen berbetan, Mungialdean jakin ohi du lei itzelak botatzen; lehen gaur baino askozaz ere galantagoak, teilatuei izotz-burruntziak jariotzerainokoak, negarraren eta malkoen eitekoak: edurnegarra. Negar egiten du edurrak (elurra eta izotza). Nork ote dio euskaldunak ez direla hunkiberak? Izotz zuria ere ikusten dute Mungialdean; han isotz eta leixuri ere erabiltzen dituzte, baina ohikoa izaten da izotz barik edur entzutea. Udaminean kafea edurragaz hartzen da sarri askotan, beroaren ondorioei jarkitzeko. Izotza berbabide, aro-bidaiaria jakin beharrean dago ea izotz zuria, izotz beltza eta antzigarra bereizten ote dituzten. Testuingurua kokatzekotan, aro-bidaiariak azaldu die «hotz handia egiten duenean zuhaitzetan, belarretan eta landareetan sortzen den izotz-geruza guztiz mehea eta zuria dela. Ihintz izoztua da, aleak gutxi-asko tarteko airez bananduta dituena, eta sarritan kristalezko adarrez hornitua egoten dela». Izendapen-dantza handia egoten da: zenbait bazterretan izotz-zuriari antzigarra esaten diote, edo lantzurda.

Jakina, izotzak baino sarriagoak euriak izaten dira, eta horixe sumatzen da euriaz berba egiten dutenean: «Eurilanbro loditxoau. Iñutze da fintxoau.» Iñutze (Inontza-ihintza) behe-lainoak sortarazitako euri langarraren tankerakoa da, mehe-mehea. Belartzan inontzetan ibiliz gero, kontuz, oinak gaixotu litezke: «Goizean bedartzan inontzetan ibili eta oin gaixorik». Izendapen ugari jasotzen ditu euri xeheak Mungialdean: euri ugerra (ugertu, zikindu egiten du honetariko eurixkak); euri garo, eurigarapa eta euri ziri. Ziri hitzaren jatorrizko esanahia ezin hobeto uztartzen da euri xehearekin aro-bidaiariaren ustez: «Zurezko edo metalezko atala, puntako ertza aski zorrotza duena, pitzadurak zartarazteko, zuloak estaltzeko edo kideko gauzetarako erabiltzen dena.» Gehienetan hitz bat errepikatzen denetan, bigarrenak m- bat atzitu ohi du; adibidez, ikusi-makusi, zurrumurru, txutxu-mutxu… Zirimiri berba bereganatu du gaztelaniak ere: sirimiri. Ziri-ziri aditzondoa zeharka-meharka ibiltzen da Bizkaian ere: «leunki eta etenik gabe euria, ziri-ziri jausten den euri-lanbroa».

Axexixkuak berriz ere bultzatu du aro-bidaiaria ipar-mendebalderantz Billela-Atxurin barrena; Maruri-Jatabe herria du helmuga, bi herrixkaz osatua. Iñaki Gaminde hizkuntzalari bilbotarra begira izango du udaletxearen aurrean, Erdigune auzunean. Hego-ekialdeko haizeari laguntza eskatu eta zindo-zindo irten du Maruri aldera eroatekotan. Paraje-paraje dago udaletxea, zenbait minutura baino ez. Bi herriz osatuta dagoenez gero, hainbat auzunetan barreiatuta dago udalerria. Mungiako Billela auzunea trabeskatuta, heldu dira Maruri-Jatabeko udaletxera. Hego-ekialdeko haizea sartu du hurrengora arte. Non aroa, han zangoa.

VII. MARURI-JATABE

1997 arte herriak izen bakarra izan zuen: Maruri. Koldo Mitxelenaren arabera, mairu + uri-tik etor liteke, hau da, mairuen hiria. Mairu berbak ez bide dauka zerikusirik gaur egungo mairuekin, hots, Afrikako iparreko herriekin. Oro har, erabili izan da beste sasoi bateko gizaki kristautu gabeak, paganoak izendatzeko. Oraintsu arte bataiatu gabekoei mairu deritze bazter askotan. Monumentu megalitikoetan ere sarri azaltzen da mairu elea: Mairubide (Oiartzungo harrespilak); Mairularri (Zugarramurdiko harrespilak); Mairuilarrieta (Otsondo-Mondarrain mendi gainean); Mairuetxe (zutik ezarritako harriak Buluntsa mendian, Mendibeko trikuharria eta Okabe inguruan) eta abar. Halandaze, antza denez, antzinako sinesmenei lotutako izena da; Jatabe izena, berriz, 1997an atxiki zitzaion; izan ere, Jata mendiaren (599 metro) magalean dago. Butroe ibaiak hegoaldeko muga osatzen du, eta Jatabe Gatikako udalerritik banatzen du.

Iñaki Gamindek harrera egin dio aro-bidaiariari, ohi bezain abegikor. Zenbait herritarrekin dago, gogotsu eta berbatsu laguntzeko asmoz. Barruko areto batera sartu, jesarri eta aro-bidaiariak zelako prozedura erabiliko duen azaldu die: elizitatu, galdetu, berba egiten utzi… Azaldu eta atoan maruritar batek «Aro ona dau» esan du. Esan barik doa, aro berba eguraldiari irizteko beste terminoetariko bat da, Euskal Herriko bazter frankotan erabiltzen dena. Arotu aditza ere ez da arrotza izaten, eguraldia aproposa eta egokia bihurtu dela kanpoan jarduerak egiteko esan nahi du-eta. Kontrakoa ere adierazten da esapide ederra eratuz: «Iñorarik eztago gaur», hau da, ez dago inora joaterik honetariko eguraldiarekin. Hitz bakar batean eguraldiaren areriotasuna agerira azalduta.

Izenak izen, Iñakiren esanetan, euriari auri esaten diote Jatabe aldean: auri etxala, euria bota ahala, alegia; euri xehea ere ondo asko bereizten dute, eskualde osoan bezalaxe. Auri garoa ohikoa izaten da. Garo berba euriari lotuta edo bakarrik erabiltzen da. Lehenengo esanahia «goizeko ihintza» izaten da, landareetan pausatzen dena, baina «iratzea» ere bai. Euskal hiztunaren adimen-begiak horrelako euri xehea erkatzen bide du goizeko landareetan ikus daitekeenarekin. Iñakik dio aurrerago, Arrietan, azpimarra daitekeela zelan hango hiztunek bereizten dituzten ihintza eta garoa. Beste jatabetar batek honela dio: «nik garo ez, baina garro eta garrotxu erabilten dittuaz»: auri garro. Bizkai aldean olagarroari hamarratza esaten zaio, baina garroa, «olagarroen eta kidekoen buruko beso moduko luzakin lirain eta malgua» da. Euri xehea olagarroen garro luzakin lirainekin alderatuko litzateke. Beste herritar bat hurreratu eta «nik, ostera, auri gurmi eta auri lanbri usetan dittuaz» («… erabiltzen ditut»). Izendapen sano arruntak eskualde osoan. Hala eta guztiz ere, aterriari eusten badio ere, ortzi-mugan, montor baltzak begiztatzen dira, euria iragartzen duten hodei baltz handi samar horietarikoak. Bilera amaitutzat eman du aro-bidaiariak, laburra eta emankorra, Iñakiren eta herritar prestuen laguntzaz. Esker ona adierazi eta Iñakik berak lagunduko dio aro-bidaiariari hurrengo herriraino, Bakioraino, hango euskara ere aztertu du-eta. Montor baltzen zemaipean. Dxata aixie (Jata haizea) irten du, haize susmagarria, bihurria eta zakarra, baina zindo eta jatorra aro-bidaiaria eta Iñaki Bakiora eroateko asmoz. Jata mendia inguratu, eta kostalderantz eroateko arotasun-gurari eutsi ezinda, pinudietan barrena heldu dira Bakioko Txakolingunera. Han, aro-bidaiaria eta Iñaki herritar batzuekin batuko dira denporaren gainean berba egiteko. Dxata aixie sartu du. Hego-mendebalari honetara deritzo Bakio aldean.

VIII. BAKIO

Bi ibai nagusik trabeskatzen dute Bakio: Esteponak, mendebaldean, eta Ondarrek, ekialdean. Jata mendiak (599 m) babesten du Bakio. Klima epelaren ospea du Bakiok: txakolina sano famatua da, zainzuriak ere omen handikoak dira, eta ez da arraroa izaten limoiondo eta laranjondoak ikustea. Iñakik dio Mungialdeko euskara erabiltzen dutela bakiotarrek.

Txakolinguneko gela batean egokitu dira guztiak. Toki paregabea denporaz berriketan ibiltzeko. Montor baltzak ugarituz doaz, eta baliteke aurki euriari ekitea. Aro-bidaiaria begiratu eta begiratu ari zaio ortziari. Zelan eta zertaz egingo duten berba esplikatu eta, halako batean, jatorduak eta haizeak bat egiten dute ordu honetan, eta bakiotar batek honela azaldu du kontu sano interesgarria, beridxendatako aixie (meriendatako haizea) dela-eta: «kalmetan espadeu e, almaiterako, iluntzerako kanbidxetan espadeu denporie txarra datorrela». Beste herritar batzuek zaldi gainekoen gisa ikusten dituzte hodeitzarrak: saldi ganeko, «euria dakarten hedoiak». Iñakiren ustez, berbadunek sano garbi dute hodeien mundua, zantzuak eta lorratzak dira, goiak zer aurpegi izango duen igartzeko. Ikusi behar nolako taxua hartzen duen. Bakio herri udatiarreztatua izan arren –bilbotar askok hantxe daukate bigarren etxebizitza–, polito gordetzen du bere baitan aro-berbategi galanta. Iñaki horren lekuko izan da. Itsasertzean dagoenez gero, hangoen arteko autu-mautuak haizeen gainekoa izaten dira sarri. Erreferentzia orografikoak ohikoak izaten dira euskararen hizkeretan haizeak izendatzeko. Sollube mendia hur dago, hego-ekialderantz; magalean Bermeo du, eta 686 metro izanda, inguru hura euritsu bihurtu du Sollubek, hodeiek mendia jo eta jo, Bermeo aldea txitean-pitean ezkotzen dute-eta. Zelangura ere, bakiotarrek ekialdeko haize hotzari Sollubeko aixie deitzen diote, erreferentziarik hurbilena dute-eta. Hego-ekialdeko haizeak, hain zuzen, beste izendapen bat jasotzen du Bakion: tribisaixie. Ziurrenik, haize klase hori trabeska etortzen delako, zeharka. Iñakik komentatzen du berriketa gehienetan azaltzen dela haizea: batak dio «aixe pellikadie dau». Nork jakin zein gailurtuko den!; besteak dio «hotzena, duda barik, euntzaixie da». Ahuntz-haizea, bai, Euskal Herriko beste zenbait herritan ere baliatzen dira izendapen horretaz; gaztelaniaz ere bai, matacabras. Hain da hotza haize hori, ahuntzak ere hiltzen omen baititu. Beldurgarria.

Bakiotarrek esan diote aro-bidaiari, Bakion, Mungian bezalaxe, badakiela negar egiten ere. Hango edur lei bilakatzen da hemen, eta, nahiz gero eta arraroagoak izaten diren, zaharrek oraindik leinegarra deitzen diote zintzilik egoten den izotz-puskari. Kandelek ere negar egiten dute, jakina. Lehen piztu eta bedeinkatu egiten zituzten trumoiari jarki guran: «Kandela bereinketuek eta bai e etzien, truboye danien imintxeko, bistuteko». Bakion, sano eguraldi epelaren ospea eduki arren –limoiondoak eta laranjondoak nongura–, antzinako klimaren aztarnak utzi ditu lexikoak: edurgolpe. Zer ote da? Ba, gaur egun hedabideetan erabili ohi den elur-jausia. Euskal Herriko herri gehientsuenek badaukate berba bereziren bat «Mendi-tontor edo malkarretatik bat-batean eta burrunban erortzen den elur pila handia»; ziurrenik, ez zen telebistan ikusten diren adinakoa, baina bai nolabaitekoa. Baina, elur-jausiak ez eze, elur-malutak ere darabiltzate gogoan bakiotarrek. Hiru izendapenez baliatzen dira: edur-bola, edur-garafa eta edur-metxa.

Orain arte aro-bidaiariak eguraldi eta aro berbak entzun izan ditu bidaia honetan; hala ere, herri ugaritan denpora sarritan aditzen da: «Itxostxoridxek urtetan badere errire, guk ametik askotan ikusten dus, denpora txarra dator, orrek denporalie dakarre, orrek a min deuke, itxosoan min deuke orrek». Beste herritar batek antzeko kontua esan dio aro-bidaiariari: «Itxostxoridxek erridxen badatos denpora txarra dator». Hortaz, kaioak herrira badatoz, eguraldi txarra eta denboralea dakar, ezin baitira egon kaioak itsasoan: min daukate. Antza denez, kostaldeko herrietan denborale berba itsasoko egoerari egokitzen zaio.

Kaioek euria iragartzen dute, eta Jata mendiko lainoak berrogeita zortzi orduko euritea iragartzen du: «Dxata mendidxen, punten, egune ikeran goxien basaus, ta an bola batek urtetan badeu, illun illun illune, bueltaka badabil berrogeta sortzi ordu barru euridxe». Asago samarreko Anboto lainotuak ere euria dakarrela adierazi du: «Anbotoko Señorie lañotan dau te, eta euridxe in bear deu edo lan». Beharbada, Marik labea piztuko zuen ogia egiteko. Iñakik esan dio aro-bidaiariari Anboto aldeko lainoen gainean luzaz egin daitekeela berba, zeresan handia ematen dute-eta.

Aro-zorroa betetzen hasita dago. Praketan kabitu ezina hasi da igartzen aro-bidaiaria, hunkidura, poztasuna, alegrantzia… dena batera. Bakioko arotiztegia ikaragarria begitandu zaio arobidaiariari. Iñakiren laguntza ezinbestekoa izan du gordelekuetan barrenako aro-berbak azaleratzeko. Esker bero eta bizienak eman dizkie Txakolingunean baturiko bakiotarrei. Iñaki bidelagun izaten jarraituko du aro-bidaiariak.

Badirudi samurrena eta artezena Bakiotik Bermeora jotzea izango litzatekeela, baina kanpoaxeak –ipar-haizeak– eramango ditu aro-bidaiaria eta Iñaki Gaminde Meñakarantz. Bizkaiko eta Gipuzkoako bazterretan erabiltzen da kanpo-haizea edo kanpaizea. Lekeition hauxe esaten dute: «Haize klase honetxeri deitzen jako erderaz viento norte. Kanpotik dator. «Arrantzaleak kanpo erreferentzia hartzen dabe itsasoari aurrez aurre begiratuta»; «Norta dago ta hotza seguru». Norta, norte maileguak, ele zabaldu askoak Euskal Herri osoan, itsasertzean nahiz barrualdean. Ziurrenik, bidaiak aurrera egin ahala, sarriagotan azalduko da ipar hitzaren gorabehera: batzuetan berezko iparra; bestetzuetan, ekialdea, Iñakiren ustez. Ziur asko, antzina, euskal hiztunaren iruditerian iparra eta hegoa baizik ez ziren: gainerako puntu kardinal guztiak mendebaldeko zibilizaziora egokitzeko sortuko ziratekeen. Euskaldunon etengabeko moldatu beharra; halabeharrezko mestizaia. Abiatu baino arinago, hauxe esan dio Iñakik: «Edurra egiteko kanpoaxea behar da»; «Oilagorrak eta hegaberak kanpaizeagaz batera datoz». Kanpoa VS Barrua: kanpoa hotza da, itsasoaz harantzagokoa da, elurra ohi dakar, eta oilagorrak eta hegaberak erakartzen ditu; barrua, ostera, beroa da, hego-mendebaldeko edo hego-haizeari lotutakoa. Kanpaizea lagun, aro-bidaiaria eta Iñaki, oilagorren eta hegaberen hegaldatzeak lagun dutela, hegoalderantz eginez, Mikel Bengoaren tabernako bidegurutzearekin tril egin eta ezkerretarantz eginez, Meñakara heldu dira. Sollube mendiaren magalean atzera ere. Udaletxearen aurrean paratu ditu kanpaizeak.

IX. MEÑAKA

Sollube mendi nongurakoa da inguru hartan: baranoko herri guztiak haren jiran dabiltza, eskualdeko klima baldintzatzeraino. Herri euskaldun peto-petoa da Meñaka, jakintza eta erabilera handikoa; Mungialdeko berbeta erabiltzen dute meñakarrek, jakina.

Kanpaizeak ustekabeko bisitari dotore bat ekarri du. Hotzaren hotzez, aro-bidaiariak edur-lumetxak ikusten ditu Meñakan, maluta normalak, ohikoak. Lumatxak hegaztien lehenengo lumak izaten dira, baita lumardiak eta burkoak ere. Udaletxeko areto batean jesarri eta harrera beroa egin diete meñakarrek aro-bidaiariari eta Iñakiri. Berbetan hasi eta Iñakik esan du inguruko herrixketan edur-bola ere erabiltzen dutela. Hango berbadun batek maluta handiak eta txikiak bereizten ditu: «edur-metxa edur-bola baño meiagoa da». Beste meñakar batek esan dio aro-bidaiariari elur klase gehiago desberdintzen dituztela. Harrigarria da honetaz jardutea. Eskualde epela da, baina, hala eta guztiz ere, hiztunek behinolako klimaren zantzuak behin eta berriz azaleratzen dituzte. Uribe Kostako txotor berbaz ez dira baliatzen, antza: edur-kaskara, hodeietatik maluta edo pikor zurietan erortzen den ur izoztua. Kanpaizea ez eze, euntze illeko aixie ere sano hotza izaten da, ahuntza hileko haizea, ekialdetik etortzen dena: «Orrek aixeorrek euntze pe ilko lekes» («Horrek haizeorrek ahuntzak ere hilko lituzke»). Bakioko kontu bera da. Iruditerian, ahuntza animalia sendo eta gogorra da, baina ekialdeko haizeak akabatzen ditu, zoritxarrez. Ahuntza euskal hiztunen buru-iruditerian polito gordeta dago.

Elurrak elur, aro-bidaiari esan diote ostagi hau gero eta urriagoa dela Mungialdean, eta euria ez duela egin ohi lehen bezain sarri. Guraso gazte batzuek ez dute arean gogoko, baina «umeak pozik ibiltzen dira euritzapean eta potxingoetan sartuta». Umeek ikaragarri maite dute esperimentatzea, eta areago ura bitarte dela. Horrelakoetan pustilak ikusten dira euri-tantek lurrarekin talka egiten dutenean: «Pustillek urtetan deudenian or euri asko» («Pustilek irteten dutenean…»). Nor ez da inoiz geratu hipnotizatuta bezala pustilei so eta so? Ura eta sua, biak erakargarri jendakiarentzat.

Iñakik berba hartu eta azaldu du trugonadak, ekaitzak, ez direla arrotzak izaten Meñaka aldean. Aro-bidaiaria aurrean dutela, bi herritar, andrea eta gizona, ez dira ados paratzen: «Nik iñestu esaten joat eta hik oñestu?». Txitean-pitean jazotzen da horrelako ika-mika. Tximista esan nahi dute biek, eta biak artez daude: seguru asko, herri-analogiak izaten du eragina berbak sortu eta bilakatzean. Batak: «Gordosolak eta estirela ibilli biar se burriñek ekarri itten deule iñestue». Ezagun da punta zorrotzek eta burdinek erakartzen dituztela inizituak, erakarri ere! Besteak: «Errigoittin dxeusi ta oñestue ta txal bat ilyeu» («Errigoitin jausi eta oinaztua eta txahal bat hil du»). Arriskutsuak dira sano inizituak, eta aterpe egokian gorde behar da, zer jazo ere.

Hozkirri dago Meñaka aldean, eta aro-bidaiariak hegoalderantz egingo du Larrabetzurekin tril egin arte: «Oskirritxue egon da andirik es jertzeas ondo egoteko moduen». Lekutu baino lehen, meñakar batek diotso aro-bidaiariari ipar-haizeak ez duela bidaiaria eramango Larrabetzu aldera, nortiak baino. Aurreko herrian, Bakion, kontu bera suertatu da: hondino, gaur egun, Euskal Herriko herri askotan, iparra ez da ipar, ekialde da: «iperra edo iperraxia ekialdeko haizea da; nortia da iparra».

Larrabetzura heldu baino lehen, Arrieta herria du aro-jomuga oraingoan aro-bidaiariak, Iñaki lagun, Arrietako euskara ere aztertu du-eta. Zer ez ote du aztertu Iñaki Gaminde hizkuntzalari kantsagaitz bilbotarrak? Nortiak irten eta igurtzi die bizkarra. «Maderas Rementeria» lantegira heldu baino lehen, aurreko biribilgunean ezkerretara egin dute Arrieta herrixkara ailegatzeko, Mandaluiz eta Goiri auzunetan barrena. Iñakik, arrietar batzuekin harremanetan paratu eta hitzordua ezarri du.

X. ARRIETA

Arrieta ere Sollube mendiaren abaroan kokaturik dago, muino batean. Udalerriaren % 10 Urdaibaiko lurraldean dago: Arrietako urak, batetik, Butroe ibaiko Mungialdeko eskualdera joaten dira, eta, bestetik, Oka ibaiko Urdaibaiko eskualdera. Hemen ere Mungialdeko berbetaz baliatzen dira arrietarrak: biztanle gehienak euskaldunak dira. Antzina, herriak Liba(n)oko Arrieta zuen izena, eta egun Libaon dago ezarrita udaletxea. Hotz egin ohi duen ospea du Arrietak, eta hori sumatzen da eguraldiaren lexikoan.

Udaletxeko areto moñoño batean egokitu dira aro-bidaiaria, Iñaki eta lau arrietar, andre bi eta gizon bi. Aurkezpenak egin eta behin zer egingo duten azalduta, aro-bidaiariak arrietarrei behinolako argazki bat erakutsita, antza, ondo asko bereizten dituzte maluta motak: «Edur seye esaten dxako orreri, t’edurre parra parra dxausten danien edur matasie». Lehenengoa, elur-maluta txikia, elur xehea; bigarrena, barra-barra egiten duenekoa edo zenbaitetan elur-maluta handi samarra, elur-mataza. Parra-parra erabiltzen du hiztunak ugaritasuna adierazteko; beste zenbait bazterretan, mara-mara onomatopeiaz baliatzen dira. Andreetariko batek dio edur seye ez, baina edur txingo erabiltzen duela elur-maluta txikiari irizteko. Aro-bidaiaria zurtz eginda dago: antza denez, umetatik entzun izan du horrela. Itzel bitxia, alajaina! Hotzaren hotzez, elur-jausi txikiak ere izan ohi ziren hango parajeetan: edurbatuak. Bidaia honetan zehar, ezin konta ahal izendapen adituko ditu aro-bidaiariak mendi edo muinoetan barrena izaten den elurroldea adierazteko. Txikiak izango ziren, seguru asko, baina aintzat hartu beharrekoak. Batzuetan, baserrien alboko aldats bateko elur-mugimendu espero bako eta deslaia, baina beldurgarria.

Hala eta guztiz ere, egunotan elurra ez da izaten ostagirik sarriena. Sollube handiak lainoak eta hodeiak erakarri eta geldiarazi egiten ditu: horren eraginez, euritsu samarrak izaten dira haren mendeko herri gehienak, tartean Arrieta. Euri xehe eta meheari irizteko, berbadunek hiru izenen berri ematen diote aro-bidaiariari: euri-garo, euri-lanpar eta lanbar. Iñakik baietz egiten du buruarekin, txitean-pitean entzun balitu bezala. Beste bazter batzuetan langar ere erabiltzen da: lainoaren garrak, erre ez, ezkotu egiten dutenak. Giro umela dago, eta berriz ere azaltzen da garoaren eta ihintzaren arteko auzia. Jataben aiputxo bat egin zaio aro-bidaiariari, baina hemen gizonetariko batek zalantza guztiak argitu ditu: «Euriaren osteko garoa, ihintza euria egin barik sortzen da; garoa, berriz, euria egin eta ostekoa»; «Garoadau geur itzela, da bedarri pe esi lei ebai eberdidxen» («Garoa dago gaur itzela. Eta belarrik ere ezin liteke ebaki eguerdian»). Egoki ikasi beharreko kontua da: garoa eta ihintza ezberdinak dira. Euria berbabide, beste andre batek azaldu dio aro-bidaiariari batuan erabiltzen den euri-tanta euri-txistille esaten dutela. Txiztil egoera askotan agertzen da arrietarren ahoetan: «ekarristazu ur txistil bat, egarrixek ito biarrian nau»; «hara, dxausi dxataz ardau txistil batzuk bean ganera» («hara, jausi zaizkit ardo txiztil batzuk behearen gainera»); «Iturri hau siketu in da: txistilipere ezteu emoten».

Iturrietan txiztilik ere ez badago, eguraldia bero-beroa dela adierazle izan ohi da: sarritan sikate eta guzti. Horretarikoetan, andreetariko batek esan dio aro-bidaiariari euski txangori dela, eguzkiak latz jotzen duenetan, hego-haizearekin batera. Gogora beza irakurleak bidaia honen hasieran eguzki txangot aipatu ziotela aro-bidaiariari Getxon. Ohiko berbak dira, txango, txangori, txangot, bero arminari lotuak Bizkaiko mendebaldean, Iñakiren ustez. Azkuek Plentziako aldaeran ere jaso zuen: «bochorno más caluroso que sargori». Sargoria jasan ezineko beroa da, baina txangota askozaz ere beroagoa: beldurgarria, kordea galarazterainokoa. Beste gizon bat sartu da aretora eta une zehatz batzuetarako adierazi du txangorunekadie («txangori unekada») ere erabiltzen dutela zaharren artean: gazteek ahaztu samartuta dute berba dotore hau.

Haizea irten du, eta horrek sorrarazten du herritar biren arteko lipizta, toki ugaritan jazo ohi den ika-mika sano atsegina. Aro-bidaiaria adi-adi dago: «Hau iferra dok; hau ez dok hik diñoan ekialdeko aixie». Bakion legez, iparra ekialdeko haizea da, eta Meñakan aipaturiko euntze illeko aixie ere bai. Kontrako haizeari bendebal aixie deritzo, hots, sartaldeko haizea. Ondo baino hobeto bereizten dituzte haize motak Arrieta aldean, Iñakik dudarik ere ez du egiten: hego-haizea da aixerrea, aixe igerra edo urriko aixie. Azken hau herri-jakinduriaren zantzu gailena, estatistika meteorologikoen arabera urrian jotzen baitu gehien hego-haizeak. Ez da badaezpadako izendapena: «Ori oiñ, ille onetan, bates be, da beorren sasoye, urri aixie»; «Urriko aixiek entzute itzela deko». Haize iharrak inguruko izendapena dirudi, Getxon eta Leioan ere aipatu baita: «Orduen esaten dxakon, o, ire pe, gustidxek, aixiek eroan bioskus, aixe igerra dau» («Orduan esaten zitzaion, irak ere, guztiak, haizeak eroan behar dizkigu, haize iharra dago»).

Emankor baino emankorragoa izan du bilera aro-bidaiariak. Aro-berba adierazkor eta esanguratsuak zorroratu ditu, zorroratu ere! Ikaragarri eskertu die herritarrei udaletxera hurreratu izana, Iñakiri esker, jakina. Eguneko bosgarren herria izanda, kantsatuta sentitzen da aro-bidaiaria, poz-pozik, baina neka-neka eginda. Iñakik esan dio Txoriene ostatuan egin lezakeela lo, hur-hur dago eta. Iñaki etxera abiatu da, eta, beharbada, beste egunen batean elkartuko dira berriro, behar izanez gero. Besarkada handia eman diote elkarri, eta oinez abiatu da aro-bidaiaria Txorienera. Lozorroan egingo du lo, inondik ere.

Biharamunean majo atseden hartuta eta bapo gosalduta, iferra irten eta hartaz baliaturik, aro-bidaiariak atzera egin du, Goiri, Madaria eta Mandaluniz auzuneetan barrena. Arrietara igotzeko erabilitako biribilgunera helduta, txiri-txiri Fikarantz egin du, Gamiz-Fika udalerria osatzen duten herrietariko baterantz. Han herritar prestu eta zindo batzuekin elkartuko da udaletxean. Iferra sartu du.

XI. GAMIZ-FIKA

Fikak berezko udalerria osatzen zuen, 1928an Gamizekin bat egin arte. BI-3102 errepidea du uztargile udalerriko herriburuarekin, Ergoienekin eta Astoreka auzunearekin (Larrabetzu). Mungialdeko berbeta erabiltzen dute gamiz-fikarrek. Aro-bidaiariak ez du inor ikusi udaletxetik kanpo; sartu eta andre bat eta gizon bat ikusi ditu; galdetu, eta, bai, harekin egotekoak dira egualdi eta denporaz jarduteko. Aro-bidaiariak ostagien izendapenetan sano kontu bitxiak aurkitzeko itxaropena dauka Fikan. Uharte moduko bat ematen du alderdi askotan Fika herriak; berbarako, andre-gizonak hasi zaizkio aro-bidaiariari azaltzen Fikak eta Lekeitiok bat egiten dutela euri xehe eta meheari irizteko izendapen batean: euri-zarama. Ez dira gutxi horrelako euri txikian zikinkeria eta lohikeria igartzen duten euskal hiztunak: beste herri batzuetan euria ugerra, zirtzila, lardatsa… izan daiteke. Aurrerago, Lekeition, aro-bidaiariak elizitatu nahi izango du zeinen lohia den euri xehe hori: «Euri-zaramea danean, aztalakoan bistiago egiten gara euri-zaparradatzan baño, bai ta ez gitxi». Kalean ibili eta bustiagotzen gara, oharkabean, hain da maltzurra euri txiker hori. Ez da kasualitate hutsa Euskal Herri osoan barrena euskal hiztunek lohitzat jotzea horretariko euria. Nori ez ozte zaio inoiz jazo egun euri-zaramatsuetan mela-mela eginda bukatzea? Ala, beharbada, berbertan manga batek emanda? Jendeak zaparradetatik jakin ohi du gordetzen, baina euri-zaramari muzin egin ohi dio.

Hodeien artean eguzkia agertu da, eta halako batean Frantziko zubia azaldu da, Frantziatik Fikara: «sarrok Frantziko zubia edo sustripu dinogu, baina gastiek ostadarra», esan dute gamiz-fikarrek. Irakaskuntzaren eragina egunetik egunera nabariagoa da lexikoan. Esne-bideari irizteko ere erabiltzen dute hango berbadunek, bertaraturiko andre-gizonen berbetan. Frantzia herrialdeaz txitean-pitean baliatzen dira euskal hiztunak, batik-bat Frantziparra, ipar-ekialdeko haizea izendatzeko.

Entzun beharrekoa entzunda, sano eskertu die aro-bidaiariak Gamiz-Fikako andre-gizonei tarte bat opa izana. Bostekoa eta musu emanda, kanpora irten eta Frantziparrak ez, baina esangura bikoitzeko iferraxeak sakatzen du aro-bidaiaria Larrabetzurantz, Txorierri eskualdeko azken herrirantz, sartaldetik sortaldera hasita. Haratzeko, Gamiz-Fika udalerri guztia zeharkatu eta Larrabetzuko udalerrian sartu da Astoreka auzunean barrena. Halako batean, iferra sartu eta ipar-ekialdeko haizea irten duenez gero, Ugalde eta Goikolexea auzuneak trabeskatu eta Larrabetzuko udaletxearen aurrean gelditu da.

XII. LARRABETZU

Bizkargi eta Gaztelumendi mendiek inguratzen dute Larrabetzu. Txorierri eskualdean ekialderen kokaturik dago, eta, antza denez, hango herririk euskaldunena da: bidegurutze batean denez gero, herriko berbetak Txorierriko, Zornotzako eta Arratiako zipriztinak dauzka.

Zenbait larrabetzuar ezagunekin lotu da aro-bidaiaria udaletxean. Guztiak agurtu eta barruko aretotxo batera sartu dira bilkura aurrera eroateko asmoz. Andre batek adierazi dio aro-bidaiariari Azkuek oraintsu arte bizirik iraun duen aditz baten berri ematen duela, baina gaur egun galzorian dagoela: eragon. Aditz hori «ari izan» edo «jardun» adierazteko erabili izan da, eta, bereziki, ostagiei lotuta: «Edurrari daragoio». «Euria(ri) daragoio» ere entzun izan du aro-bidaiariak behin baino gehiagotan. Antzinako adierazpideak dirudite biek, gogoan hartu beharrekoak, eguraldiaren egoerak eskatzen duen zehaztasunaren lorratza.

Euria daragoio une honetan Larrabetzun, eguraldi-kontuetan bidegurutze batean ere badago, askotariko eragina jasotzen du-eta. Atertu eta ostarte batzuk zabaldu eta eguzkiak izpiak jaurtitzen ditu: egoera ezin hobea sustrupua ager dadin zerua kolorez tindatzeko. Horrela deritzo ostadarrari Larrabetzun. Antza denez, izendapen horretara ailegatu da euskal berbaduna, bilakaera bitxi baten ondorioz. Askoz ezagunagoa izaten da sustruku aldaera, Arratian eta gainerako Txorierriko herrietan erabilia, bertaraturikoen berbetan: «Sustrukuari agiñak erakutsi ezkero, usteldu egiten ei direala, umetan esan doa». Zer jazo ere, ez zaio ostadarrari haginik erakutsi behar, usteltzeko arrisku handia dagoela esan ohi dute umeek. Hainbesteko ahalmenik ote dauka sustrukuak? Giro gozo eta atseginean daude guztiak berriketan. Autu-mautua batetik bestera doanez gero, aro-bidaiariak elizitatzea erabaki du zelan edo halan emaitzak egituratzekotan.

Berbaldi txiker bat egin die aro-bidaiariak larrabetzuarrei zenbait berba erauzteko asmoz. Bizkaiko mendebaldeko herri gehienetan bezalaxe, izotz-burruntziaren izendapena gordetzen da berbadunen oroimenean, ostagietan irudirik ikusgarrienetan azaltzen dituen ostagia: teilatuko kandela. Berein metafora argizariei uztarturikoak: negarra, kandela, kandelero, kandelu… Egia ote da teilatuetako zintzilikario horiek kandelaren modukoak direla? Negar egiten ote dute teilatuek? Argizari, kandela edo tortxaren itxura dute izotz-burruntziek, baina alderantziz, buruz behera, alegia. Antzinako euskaldunen adimen begiak era horretara sumatzen zituen. Oñatin, gaur egun ere, latrontxa-kandela erabiltzen da. Aro hotzari lotuta ere, behinolako elur-jausiek euskal hiztunen oroimenean irauten dute. Bakion eta Arrietan egin zuen topo batekin aro-bidaiariak, eta Larrabetzun ere gorde da: edurnarkada, elurraren narkada, hau da, narraren neurria hartzen duen elurra. Narria edo lera belarraren edo elurraren gainean garraitzeko erabiltzen zen gurditxoa, V baten itxura zuena. Arratiako Dima herrian narkada berbaz ere baliatzen dira hango berbadunak elur-jausia adierazteko. Behialako eguraldi-egoerak. Ez dago ukatzerik klimaren bilakaera lexikoaren bitartez ere hauteman daitekeela. Adibide ugari daude, eta gutxinaka-gutxinaka gogoeta egingo du horretaz aro-bidaiariak.

Elizitatzen jarraitu du aro-bidaiariak eta azaldu die larrabetzuarrei txitean-pitean hiztunek beste herri batzuk hartzen dituztela erreferentziatzat haizeen izendapenetan, oso eroso gertatzen zaieeta. Ez da arrotza izaten Euskal Herri barneko herri edo kanpoko izenez baliatzea. Gizon batek esan dio aro-bidaiariari horietariko bat Larrabetzuaxe dela. Antza denez, Etxebarrin, Bilbo ondoko herrian, erabiltzen dute horrelako izendapena ekialdeko haizeari irizteko. Kasu honetan, etxebarritarrek bete-betean asmatzen dute Larrabetzu haiekiko ekialde-ekialdean kokaturik dago-eta; dena dela, beste zenbaitetan izendapen hori ez ohi dator bat orografiarekin; horretaz jabetuko da aurrerago aro-bidaiaria. Etxebarri eta Larrabetzu artean ez dago errepide artezik mendixkak eta muinoak baino. Izendapen hau erakargarri da oso, seguru asko Etxebarri herriko berba-modua galzorian egongo da eta.

Amaitutzat eman du aro-bidaiariak aro-bilkura: berba sano interesgarri eta bitxiak entzun eta zorroratu ditu; arotiztegia mardultzen hasita dago. Larrabetzuarrei esker beroenak eman, elkarri bosteko eta musua eman eta kanporatu da ea zein haize duen begira. Sumatu du frantziparrak segitzen duela jira-biraka haren zain Zolloratzeko asmotan. Hotz samarra da frantziparra, baina hori ez da oztopo hego-mendebalderantz garraia dezan.

Ganekogorta mendi ikusgarriaren magalerantz egingo du aro-bidaiariak, Zollorantz, nortasun bereziko Arrankudiagako auzunea, Arratia-Nerbioi eskualdean kokatua Horretarako Usansolo ospitalea ezkerraldean utzi, Galdakao gainditu eta Basaurira heldu aurretik, ezkerraldera egin eta Nerbioi ibaiertzetik Ugaora helduta eskuinalderantz egingo du errepidea amaitzen den tokiraino. Ipar-ekialdeko haizea saka eta saka dabil: Zolloko eraginari antzematen dio aro-bidaiariak, errekairea gailenduz doan heinean.

XIII. ZOLLO-ARRANKUDIAGA

Zein erreka ote dago kokatuta ekialdean horrelako izendapena izateko? Bentako errota izan liteke, Ugao aldean Nerbioin ibairatzen dena. Ipar-mendebaldetik hego-mendebaldera doa, eta Zolloko berbadunentzat, beharbada, horixe izan liteke erreferentzia, baina Nerbioi ibaia bera ere bai, are garrantzitsuagoa da-eta.

Gaur egun Arrankudiagako auzokotzat jotzen bada ere, 1968ra arte udalerria izan zen. Hiru auzune dauzka: Elexalde, udalburu izandakoa, Aspiuntza eta Ustara. Jatorrizko euskarari eusten dion mendebalde-mendebaldeko herrixka dugu.