Ganorexia - Iñaki Segurola - E-Book

Ganorexia E-Book

Iñaki Segurola

0,0

Beschreibung

«Ez dago ondo idazterik. Barkatu: aurreneko pertsonan esango dut: nik ez daukat ondo idazterik. Uneoro sentitzen dut, jasaten dut. Bakarren batek esan izan du nik ondo idazten dudala. Eskertzen diot, baina ez dut uste hola denik. Nik idazten dut era batean. Estilo batekin, estilo jakin batekin. Beste batzuek ez daukate estilorik. Sinetsarazi diete ez dutela herrenik egin behar inongo aldetara eta ibilera zuzen baten jabe izan behar dutela, eta horrela, munduaz ari – idatzi– behar dutela munduan sekula haizeak inondik joko ez balu bezala. Beti udazkeneko egun epel laino-geldi batean bageunde bezala. Ondo idaztea hori izango da? Auskalo. Hemen era jakin batean idazten dugu; herren min batekin gabiltza. Hemen idazten dugun –irakurtzen den– munduak herrena egiten du geurekin batean. »Herrena, ezina: ganorexiaren aurreneko seinalea». Iñaki Segurola «Egin ditudan peskizengatik 2021ko udazkenean hasi zen Ganorexia idazten. Argi, arin eta gozo (AAG) bizi izan zen bolada batean hain zuzen ere. Hainbat pasartetan zer nolako buru argia duen ikusten da, iraganeko motxilak sorbaldatik arintzeko beharra ere bai, eta gure artekoan, gizakien arteko hartu-emanetan, gozotasuna bilatu nahia ere nabari zaio. »Gerora etorri zen gaitza, berak sakoneta beltza deitzen zion depresioa eta beronekin batera insomnioa, beldurrak, bakardadea, damuak, dolu zaharrak eta maskarak, horiek denak ikusiko dituzue testuan». Garbiñe Larrea

Sie lesen das E-Book in den Legimi-Apps auf:

Android
iOS
von Legimi
zertifizierten E-Readern
Kindle™-E-Readern
(für ausgewählte Pakete)

Seitenzahl: 158

Veröffentlichungsjahr: 2022

Das E-Book (TTS) können Sie hören im Abo „Legimi Premium” in Legimi-Apps auf:

Android
iOS
Bewertungen
0,0
0
0
0
0
0
Mehr Informationen
Mehr Informationen
Legimi prüft nicht, ob Rezensionen von Nutzern stammen, die den betreffenden Titel tatsächlich gekauft oder gelesen/gehört haben. Wir entfernen aber gefälschte Rezensionen.



GANOREXIA

Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz;

oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro adi­tzean:

oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan, edo dantza ondoan alberdanian.

J.B. Agirre

1. argitalpena: 2022ko iraila.

© 2022, Garbiñe Larrea Iturralde

© Argitaraldi honena: 2022, ALBERDANIA, SL

Istillaga, 2, behea C - 20304 Irun

Tel.: + 34 943632814

[email protected]

www.alberdania.net

Azaleko irudia: Iñaki Bastarrika

Inprimatzailea: Ulzama (Uharte, Nafarroa)

ISBN digitala: 978-84-9868-763-7

ISBN papera: 978-84-9868-762-0

Lege gordailua: D. 915/2022

V

GANOREXIA

IÑAKI SEGUROLA

edizioaGarbiñe Larrea

Jorge Giménez Bech

Aritz Galarraga

ALBERDANIA

saiakera

V

GANOREXIA

Ez dago ondo idazterik. Barkatu: aurreneko pertsonan esango dut: nik ez daukat ondo idazterik. Uneoro sentitzen dut, jasaten dut. Bakarren batek esan izan du nik ondo idazten dudala. Eskertzen diot, baina ez dut uste hola denik. Nik idazten dut era batean. Estilo batekin, estilo jakin batekin. Beste batzuek ez daukate estilorik. Sinetsarazi diete ez dutela herrenik egin behar inongo aldetara eta ibilera zuzen baten jabe izan behar dutela, eta horrela, munduaz ari –idatzi– behar dutela munduan sekula haizeak inondik joko ez balu bezala. Beti udazkeneko egun epel laino-geldi batean bageunde bezala. Ondo idaztea hori izango da? Auskalo. Hemen era jakin batean idazten dugu; herren min batekin gabiltza. Hemen idazten dugun –irakurtzen den– munduak herrena egiten du geurekin batean.

Herrena, ezina: ganorexiaren aurreneko seinalea.

Beste adar batetik, autosabotajeak ez digu uzten egoki (ongiegi) idazten. Gauza onegirik ez diogu opa geure buruari. Hau aspalditik dator. Etxetik eta eskolatik dator. Geure buruaren kontrako zapuzkeria han jaio zen. Gero, bestenaz, neurosi aurrerakari edo gibel-beldurti bat ere badagoela dirudi: liburu «onegia» egiteko beldurra, zeren, onaren onez, etsiak hartuko baldin bagintu ez dugula sekula on hura baino hoberik egiten ahalko, hautsiak geldituko bailirateke aurrerantzean idazteko gogoa eta gu geu. Hiper-euskaraz esanda: on-beharrean (hobe-beharrez) ari garela, onbehar bihurtuko ginateke (Axularrek betekiago: «onbehar, ondikozko eta urrikalkizun»). Hauskortasun gogorrean bizi gara. Ganorexiaren seinaleei buruz ari gara.

Idaztea gauzatzea da. Ia dena da gauzatzea; hau ezin izan zitekeen salbuespena. Gauzatzea beti da motza. Dena eta ez dena esan nahi... esanarazi nahi hizkuntzari, eta denarekin etsi behar. Hortik dator hemen buztanki moduko bat (‡) gehitzea beti ale bakoitzari (eta atariko hitz hauei berei ere bai. Gauzatu edo mamituari gaitasun bat zabaltzeagatik, auskalo nora. (Herrena zuzentzeagatik beste haundiagoko herren batekin?) Edo zabaldu beharrean, estutzeagatik. Buztanki horretan gehitzen dena da ulertzen ez den zerbait, edo ongiegi ulertzen den zerbait. Ohiko ulermenetik kanpora, inondik ere. Ez hari beretik; bai beste batetik. (Ezinaren lanak dira; gauzatuan etsi ezinarenak.) Gehitzen dena, esanda bezala, ez da maiz ohiko tamainan edo heinean ulertzen, baizik-eta bestela, modu ez-ageriko batean edo. Errekaldean den lizarra eta nagusi jaunaren urregorrizko bizarra lotzen dituen ulermen (koplazko) horren paretsuan lebilke zenbaitetan. Dena dela, maiz ohiko ohar hutsak besterik ez dira, ezohikoraino irristatu ezinik gelditu direnak.

Direnak eta ez direnak esanez, txiste merkean edo zinismo garestian erortzeko arriskua dago. Beldurrik gabeko arriskua. Teknikoki ezina da hor ez erortzea. Koskatik, distantziatik eta urrutiratzetik heldu dira hala txistea nola zinikokeria (arimako ziminokeria). Ez dago beti gertu egoterik (nondik?). Aldiriak hor daude, guretzat.

Ondo idaztea zaila da oso. Idaztera ezinen batek egiten dio bultza bati; desoreka batek; urritasun edo gainezkatze espiritual batek eta, paradoxikoki, ezina eta desoreka ez dira lagunik onenak ezertarako, eta idazteko ere ez. Nahi bezain ondo idaztea ezin litekeen gauza da.

Eta gero beti dago galdera alu, galdera zital, galdera ganorexiko betiereko hori: «hau al da nere biziarekin egin dezakedan gauza hoberena?» Edo: «hau al da bizitzari itzuli behar diodana?»

Egon naiz «ikastekotan» pneumatografia. Hor ez nuke medium bihurtu beharrik edukiko. Pneumatografian arnasa, hats edo espiritu batek zuzenean idazten du, mediumaren eskurik behar ez delarik.

Egon naiz «ikastekotan» psikografia. Hor medium bihurtu beharra edukiko nuke. Psikografian arnasa, hats edo espiritu batek bere hitzak helarazten ditu, eta mediumaren eskuz idazten.

Egon naiz hor sartzekotan, baina atzeratu nau ez bakarrik ohiko jarrera ganorexiko batek, baizik-eta, horrezaz gainera, jakiteak espirituak ere, gauzatu edo mamitu gabeko –edo desgauzatu edo desmamitu ondoko– mundu batean ibiliagatik, ez direla libratzen beren txoroaldiak, harroaldiak eta lehorraldiak izatetik. Beren ezinetatik eta desorekatik ere ez. Haiek ere beren herrena; haiek ere beren estiloa. Horretarako nahikoa naiz neu.

Ez dago ondo idazterik eta (zeren?) ez dago ondo bizi­tzerik. «Zer da hau, izan zitekeenaren aldean?»

Ondo bizitzea zaila da. Barkatu: aurreneko pertsonan esango dut: ondo bizitzea zaila zait. Uneoro sentitzen dut, jasaten dut. Bakarren batek esango du ni ondo bizi naizela. Eskertzen diot, baina ez dut uste hola denik. Ni bizi naiz era batean. Estilo batekin, estilo jakin batekin. Herren min bati segika.

Ez dago (daukat) ondo bizitzerik. Hau da ganorexiarik txarrena. Bizitakoa ederragoa bihurtzen da gerora. Momentuan ezer ez da izugarri ona, edo bai, baina gerora beti hobea. Hau ez da ulertzen. Edo nik behintzat ez diot tankerarik hartzen. (Izaki hiztun sinboliko-kontzeptualaren gaitza izan behar du, baina ez dakit hala den.)

Ez dago (daukat) ondo idazterik. Idatzitakoa ederragoa bihurtzen da gerora. Zentzu bat hartzen du. Edo zentzu bat jausten zaio nonbaitetik. (Hats txoro baten lana izan daiteke.)

Ganorexia.

Liburu bat izan daiteke ordena eta egitura gabea, eta orduan errekaldean den lizarra eta nagusi jaunaren urregorrizko bizarraren arteko lotura ez-agerikoaren pareko zerbait egon daiteke hango giltzetan eta gontzetan. Egon daiteke.

Liburu honetako 105 aleak haunditik txikira hurrenkatu dira. Aurrena luzeena, gero motzagoa eta azkenik motzena, karaktere kopuruak xehero kontatuaz, hutsarteak ere bere betean direla.

Ganorexia?

Bai, baina, paradoxikoki, ganorexiari kontra egiteko gaude gu.

‡ Bakazio × barkatu→barkazio. / Sakristau × santu→sankristau. / Altzeimer × galdu→galtzeimer. / Ganora × anorexia→ganorexia. / Hitzak gurutzatzen dira. Hi­tzak gurutzil­tzatzen eta torturatzen dira gure aho-mihietan. Gurutziltzatze horren bitartez, hitzezko erredentzio koxkor bat egikaritzen da gure bihotz hiztunetan.

Pertsona ona izatea

Ona izate horrek, berez, hots ederra du berekin edozeinen bihotz-belarrietan. Berehala itsasten zaizkio, ordea, eragozpenak trumilka. Pertsona ona tontotzat hartzen dela, barregarri uzten dela, burutik behera kaka egiten zaiola; are irenduta bezala gelditzen dela. On hutsa izatea ez dela ona; on-puska edo onkotea izatea gehitxo dela, edo neurriz kanpokoa. Pertsona ona, on-ona, azkenerako, onbehar bihurtzen dela. Filologoak ere bere txanda eskatzen digu adierazteko aspalditik dagoela jasoa eta idatzia euskaraz honako hauxe: «ona bere gaitzarekin»; besterik gabeko edo gaitz-nahasterik gabeko onik ez balego bezala: ez gauzarik eta ez pertsonarik. Filologoak orobat diosku onkeria hitza hor dagoela gure hitzen artean eta, beraz, ona izate hori keria bat izateraino ere irits daitekeela.

Gero, gure modukoentzat, kristautasuna dago traban. Alegia, kristautasunaren agindua onak, txintxoak eta esanekoak izateko, on hutsen zeru zuri batean noizbait sartzeko agintzarekin. Eta nola kristautasuna ia bizitzaren kontrako indar gisa ezagutu genuen, muzin egin genion aspaldi hark erakutsitako eta agindutako on-izateari eta, hedaduraz eta irristadaz, muzin egin genion on-izate orokorrari. (Bazter uzten ditugu oraingoz kristautasunaren on horren parekotzat har daitezkeen beste on-izate ideal guztiak, ideologia desberdinei lotuak.)

Ni oraintxe zalantza egiten hasia nago ea eragozpen horiek denak benetako eragozpenak diren ala, esan ohi dugun bezala, «zenbat ate, hainbeste maratila» ote dagoen hor. Hau da: ona izatearen kontrako eragozpenak ateratzeko daukagun erraztasun hori ez ote den susmagarritxoa eta ez ote duen erakusten eragozpena, eragozpenik latzena, geugan dakargula. Azken beltzean, pentsa dezakegu ez dakigula eta ez daukagula modurik jakiteko zer den (benetako, tamainako) pertsona ona izatea, baina bada beste eragozpen bat are haundiagoa: pertsona ona izatea zer den ikasteko edo ikertzeko ez daukagula gogo berezirik.

Beharbada zaila da guretzat pertsona onak izatea. Edo zaila da on egitea doan. («Ongilea» izatea? Ez, mesedez. Ongile edo filantropo ultrakapitalistak datozkigu berehala gogora, eta eragozpenen zerrendari beste ale bat gehituko genioke aise.) Beraz, doan on egite zail hori litzateke, muinean, on egitea edo gauza onak egitea besterentzat, baina ez geure burua izen-edertzeko eta intsentsuztatzeko eta miresmena irabazteko. Sinpatikoak izaten azkar ikasten dugu; enpatikoak izaten nekezago askozaz. Erdara gutxiko jendeari aditzen zaio oraindik nondik on egingo; hola aritzea, holaxe bizitzea, nondik on egingo. Beharbada zaila da guretzat horretarainoko pertsona onak izatea. (Edozeinentzat, eta bereziki etxeko txikienak edo senideetan gazteenak izan garenontzat. Hau ere esan beharra zegoen. Neure baitarik ari naiz funtsean, bai.)

Behin Nietzscheri irakurri genion: «lagunduiozu zeure buruari; orduan beste guztiek ere lagunduko dizute». Eta hark aurkeztu zuen hori «lagun hurkoaganako maitasunaren printzipio» moduan. Txorrotxa iruditu zitzaidan irakurri nuenean, txorrotxegia eta bihurriegia edo zidortsuegia ere bai (dixtiranta ez ezik); egia ere izan zitekeela pentsatu nuen, bai, baina egia praktikoegia, edo egia administratiboa, nolabait esanda. Ez zen egia bihotzekoa, edo ez zirudien behintzat.

Oso bestelako edo ia kontrako bide bat kausitu dut oraintsu. Tradizio kabalistikoaren barrukoa dela uste dut, neure ezjakintasunetik esanda. Honelatsu bide da: neure­tzat zerbait lortu nahi baldin badut eta, adibidez, gaitzen bat sendatzea baldin bada lortu nahi dudana, ez dut otoitz egin behar eta ez dut eskatu behar ni neu sendatzeko, zeren egin behar dudana baita beste norbait aurkitu arazo berbera daukana eta hari opa eta haren alde otoitz egin lehenbailehen senda dadin. Garrantzizkoa: zintzoki eta sentituz opa behar diot besteari. Eta non gelditzen naiz ni eta zer gertatzen da nere gaitzarekin? Hauxe: nola besteri opa izate zintzo eta sentitu hori aurrenik nigandik igarotzen den (besteari iritsi aurretik), eta nola, beraz, opa izate hori nigan ere badagoen egotez eta egitez, gertatzen dena omen da sendatzea bestearengana iristen dela, baina lehenagotik neuregana ere iristen dela, edo irits daitekeela. Asmo berekoi batekin eta sentitu gabe egin ezkero, ez omen du balio. Zalantzan gelditzen naiz bide hau ere ez ote den bihurritxoa, baina, nik esan behar banu, bihotzezko igurtzi haundiagoa sumatzen diot Nietzscheren «printzipioari» baino. Eta «nondik on egingo» gurearen kutsu garbiagoa ere bai.

Ez da erraza pertsona ona izatea.

Eta gure modukoek denbora gehiegi galdu dugu gaixtokoteak izaten… edo izan nahian.

‡ Gizontxo askok diote, feminismoarekin, emakumeak asko gaiztotu direla. Emakume sobera petral, sobera zital eta sobera alu asko jasan beharra daukatela lagunartean, bilkuretan, lanean edo bikotean. Ulertu beharra dago. Onartu eta jasan beharra dago. (Ez emakumeen kasuan bakarrik, jakina; adibide bat da hau, adibide soil bat, baina esanguratsua oso.) Derrigorrezko ontasun eta txintxotasun bat ezarri zaie emakumeei luzaroan. Gizonaren mendekoak, eskupekoak eta gogokoak edo gogoaren araberakoak izan beharra. Derrigorrezko on-izate txintxo hori desegite aldera, iruditzen zait gaixtokoteak izatea dagokiela orain, gizonei txintxotzea dagokien bezala, haien oraindainoko ia derrigorrezko gaizto (edo gutxienez on-gaizto) izatea desegite aldera. Horra hor genero berdintasun plantxo bat, gauzak historikoki berdintzea nahiko lukeena.

Nolanahi ere, ohartxo hauxe egingo nuke, emakumeok: gaizto, txar, desegoki, zarpail, kirats… izatera jo aurretik, agian txarra ez galdetzea hortik pasatako gizonei ze atarramentu atera duten edo zer moduz joan zaien horrela jokatuz. Badaezpada ere. Eta barkatuko al zait ustez mansplaining-era iristen ez den emakumeentzako aholkuño «gizonezko» hau!

‡ Txortalari ona eta saiatua izan ote daiteke pertsona onaren agergarri bat? Zeren sexuan, sexu on eta jatorrean, irakaspen kabalistikoen eran pentsaturik, besteari ematerakoan aurrenik norberak hartzen baitu maiz atsegin. Gertatzen dena da gero benetan txortalari saiatuek ez diruditela eskuarki oso lagunkoiak izaten direnik, eta bai aski berekoiak, gehientsuenak behintzat, baina, larrutik barruetara gatozela, esango genuke pertsona oso espiritual eta ikaragarri sublimeheak ere ez direla izaten gero benetan pertsonarik jatorrenak eta bai askotan berekoiak, buru-jainkotuak eta are diruzaleak oso. Larrua/haragia?, barrua/espiritua? Hor nonbait, tartean edo, bilatu beharko da on-izate neurrizko bat.

‡ Damua, egindako gaiztakeria batek dakarkigun damua, nondik norakoa da? Hamaika iritzi daude. Kontzientzia eta abar. Ez da ba izango geuk egindako mina aurrenik geuregan egon delako egotez eta egitez? Baina ba al dago gaiztakeria burutu baino lehenagoko damurik?

Espiritualitatea zuztarretik

Goganbehar eta errezelo astunak izan ditugu beti espiritualitate izenekoarekin eta «espirituko» gauzekin oro har. Gauza bitxia, lainope haundiegiak estalia, berez ez diren zeren ingurukoa eta benetako gauzen erreinukoa ez dena, hitzezko leungarri bat apaizek eta antzekoek beren lan nolabaitekoan segitzeko asmatua, botereak jendea lokarrarazteko baliatzen zuena...: holatsukotzat jo izan dugu zorioneko espiritualitate hori.

Aldatzen ari naiz. Gogoetan jarri naiz: badira gauza batzuk nonbaitekoak direnak, eta gaitzak, minak eta kolpeak ditugu bereziki gogoan: gibelekoa, bihotzekoa, muturrekoa, belarrondokoa, bihotzondokoa. Baina inongoa ez denean ze gaitz da?, ze min da?, ze kolpe da? Inongoa ez dena, behatzez seinala ezin daitekeena: horixe da espiritualitatearen barrutia..., ez, barrutiak bere mugak ditu; ‘mundua’ esan beharko dugu; ‘unibertsoa’, hobeki oraino. Espirituala hori da, beraz, baina txarretik (bizitzak emandako minetatik, gaitzetatik eta kolpeetatik) hartuta. Onetik hartu ezkero, ez daukagu gauza garbirik esaterik ez-inongo zera honetaz: argitzea da?, baketzea?, (des)garatzea edo (des)haztea?, bizian bide on/jator bat egitea?... zer da? Ez-inongoak izate oso-beterik ez ukaiteak ez dit eragozten (hobeto esanda: gero-eta gutxiago eragozten dit) han murgildu eta igeri egitea.

Gure hizkuntzetan –ez mundu zabaleko hizkuntza orotan– izenak daude, eta ez da harritzekoa izenetan amiltzea gure gogoeta eta sentiera ez-inongoak, eta amildu ez ezik, pausatzea eta gatzatzea. Honetaz ohartzea da hausten hastea espiritualitate ez-inongoan beldurrik gabe laketzetik atzera­tzen gaituen behaztopagarri nagusietako bat. Orduan, eskematikoki adierazita, jakin behar dena da ‘inon ez eta nonahi’ izendatzen dela eskuarki jainko-jainkosak (antzeko izakien izenak atzendu gabe), eta ‘inon ez eta orotan’ izendatzen dela Jainkoa. Jolas honek gure munduan beretu dituen hitzezko arautxoak dira. Gauza hauetaz ohartzeak ustezko mixterio hondogabeak hagitzez azalerago kokatzen ditu.

Nortzeaz ere zerbait esan beharra dago. Jainko-hotsak sartzen zaizkigularik, ez-inongo zera hori nortua ageri zaigu ezinbestean. Koska zail bat da hau guretzat oso. Nolatan izango da zera hori «gu bezalako» nor bat eta gurearen eiteko nortasun baten jabe edo mirabe? Badago erantzun bat: ez-inongo (gehi ez-inolako?) horri hitzegin egin behar diogu argia edo bake ona eskatzeko (bestela zertarako da?), eta hitzegiteko, gure hitza aditzen duen nor-bait irudikatzea beste erremediorik ez daukagu guk, garen bezain xumeak, koxkorrak eta mugadunak izanik.

Eskatu, bai. Hemen, funtsean, sekula hil ez dugun barruko ume babesgabea dago eske. Gogo-bihotzetako aterpe baten beharra dago. Galera haietan; nahasmendu horietan; ezinkizundi honetan.

Jainkotiar edo jainkozko (ber)bihurtzeko bidean egon naiteke, eta behin horretara ezkero zerbaitek diost sinisteaz edo sinismenaz zerbait esan beharra daukadala baitezpada. Neretzat hauxe da garrantzizkoena: sinistu aditza bortitzegia da, eta ez da batere espirituala, zeren ez baita ez mehea, ez biguna, ez fina eta ez ez-inongo edo ez-inolako izatearekin aise uztar litekeena. Sinistu edo ez sinistu? Sinistu eta ez sinistu! Edo gehiago edo gutxiago sinistu. Eta hola.

Aldika iruditzen zait nerabezaroan galdutako edo utzitako fede hartara itzuli ote naitekeen, eta horrek aldez izutzen nau eta aldez baretzen. Nolanahi ere, itzultzekotan, halamoduzko bidezidor eta malkar ezezagunetatik itzuliko nintzateke, eta nahita ere ez nintzateke itzuliko leku berera. Umetako eliza hartara ezin itzul naiteke. Liturgia berri bat asmatu beharko nuke.

Aitortu beharra daukat sentipentsaera hauek loa galdutako gau luze beldurgarriek utzitako gorputzaldiarekin idazten ditudala. Beltzenaren mugakide diren bazterretan ibili ondoren, alegia. Zuztarretik ari gara, asmoz behintzat. Zintzotasun berri bat estreinatuz bezala.

Loaren galerak beste galera potoloetara narama gogoz, eta neuregisako espiritualitate batek beste galera horietarako prestatuko nindukeela iruditzen zait. Muin-muinean helburu bat dago galeraren ardatzean: neure burua ez galtzea (zor dugun heriotza etorri aurretik, jakina).

Galdetzeko ordua da: funtsean Jainkoaren edo jainkoen birjabetze edo berneureganatze bat egikaritzen ari ote naiz? Baliteke, eta hala baldin bada, aingeruekin, birjinekin, deabruarekin edo deabruekin eta zeru-infernuekin ere beste horrenbeste egin beharko ote nuke?

Erantzuteko ordua da. Hau dena («espiritualitatera etortzea») adinaren gorabehera al da? Erantzuna: bai. Eta zentzu oso jakin batean: bizi nahia da; hori ere bizi nahia.

‡ Heriotzak ontzen du pertsona. Eta zahardadeak, eta galerak, depresioak, minbiziak. Kartzelak ere bai, eta torturak ere bai (kasu nabarmenak ezagutu ditugu). Kontuz: ni heriotzaren, zahardadearen, galeraren, depresioaren, minbiziaren, kartzelaren eta torturaren kontra nago.

‡ Aldirietatik erdigunera, edo zentrora. «Gogarte-etxea / Centro de Espiritualidad» (Loiola, Azpeitia). Han barruan zer dago? Nolakoa da? Ez dakit. Ez naiz sekula sartu. Honatago, «Zentro Sozialista», esklabetako konbentu izandakoan (Loiola-bidea, Azpeitia). Han barruan izana naiz. Eta? Ezer ez. Ondoriorik ez dago.

‡ «Erlijioa da infernuaren beldur direnentzat, eta espiritualitatea, berriz, infernuan egondakoentzat» (esaera garaikidea; dudazkoa oso).

Literatura. Hau da: literat-ura

Almendra-esnea. Edo edaria. Supermerkatutik ekarri dut. Tetrabrika, litrokoa. Espainiako Trantsizioaren Etorbidea izeneko kale batetik banatua (kar!). Italian egina. Asko dakigu. Gehiago jakin genezake, letraz betea baitago tetrabrikaren azala. Gantzak, saturatuak eta besteak; proteinak; E bitamina eta abarrak: gai kanonikoak ontzi-poto-bilgarrietako literaturan. Eko da; bio da. (Irakurtzen jarraituko dugu azalekoa.) Enpresa honek betetzen ditu gizarte eta ingurumen estandarrik gorenak. Hori ona da planetarentzat eta ona da zuretzat. Parte hartzen dugu planetaren bioaniztasuna hobetzeko egitasmoetan. Ekologikoa aukeratzen baldin baduzu, aukeratzen duzu jasangarriagoa izatea ingurumenarentzat. Eko… logikoa (sic). Maite dugu planeta. Gure elektrizitatea berdea da. Hondakin-urak arazten ditugu lurrari itzuliz, eta co2-a gutxitzen dugu atmosferan. Bilgarri hau jasangarria da; kartoi birziklagarriarekin egina da. Iturri berriztagarrietatik eratorria da %88an. Adibidez (sic): tapoia bio da, azukre-kanaberaz egina. Gatz gutxi dauka. Beganoentzako modukoa da. Naturalki (sic) laktosarik gabea. Azukrerik gabea. Glutenik gabea. Har ezazu nahi duzun bezala: hutsik, smoothyetan, kafearekin edo infusioekin; zerealekin, muesliarekin edo malutekin; krema edo zopatan. (Bazter utziko ditugu Elikagaien Erreferentzia-balioei buruzko xehetasunak, ez nekatzeagatik.) Jakin nahi al duzu gure aholkua ondo jateko? Jar ezazu, gutxika-gutxika, eko gehiago zure otarrean, zeren eko-gauza xinplea baita, nahaskeriarik gabea. Ondo jateko, aukera itzazu osagai onak, besterik gabe. Lurretik datorrena da ona; ingurumena errespetatuz sortzen eta hazten dena. Jaten duzun huraxe zara. Erosten duzun huraxe zara. Osagaiak: ura, almendra %5, itsasoko gatza. (Bukatu dugu irakurtzen. Hori dena ipintzen du tetrabrikaren azalean, eta gehixeago ere bai.) Edari hau ura da izatez, bizpahiru almendrañoren kutsuarekin eta gatzezko atxaparkada batekin. Litro ura supermerkatuan, batez beste, 40 bat xentimotan saltzen da, eta edari hau, berriz, 2,20 eurotan. Hau da: 5,5 bider garestiagoa da. Galdera da: 5,5 biderrezko garestitze hori lor al zitekeen literatura gabe?, ia hitzez hitz itzuli dugun literatura hori gabe? Izen hutsarekin –literaturaren gutxieneko adierazgarria litzateke– lortuko al zen garestitze izugarri hori? «Edaria» («esnea» izanarazi gabe ere) bada izendatze bat, zeren ura ez baita «edari» bat (sekula ez da ikusiko ur-botila baten etiketan edari hitza). Erantzun bat: 5,5 biderrezko garestitze hori ezina litzateke literatura gabe. Jaten/erosten duzuna? Ez zara ba izango irakurtzen/sinisten duzun huraxe?

Esplikazioak. «Sistema kapitalista» edo «kapitalismoa» aitatzen duen jardun esplikatzaile orok atzerakada ematen dit eta alfergura bat upilakoa. Adinaren gorabehera da: zer egin naiz, zahartu? Ez: nekanazkatu. Beti gauza bera esatea («sistema kapitalista batean X ere kapitalista da», adibidez) da ezer ez esatearen antzik haundiena daukan gauza, eta gainera sistema horri ahalguztiduntasun oro-hartzaile ezinezko bat aitortzen –itsasten– zaio. (Agur progreteriari? Ez; ez da hain erraza.) Oharra: «diruaren logika» edo «irabazien maximizazioa» oraindik ere ondo-antzean sartzen zaizkit: zerbait diotela iruditzen zait (baliteke oker egotea ni).

Arte garaikidearekin konpara nezake. Nola duen artean berba-jasa semiotikoxka batek hutsaren hurrengoa betearen aurreko bihurtzen, eta abar. Konpara nezakeen, baina ez dut konparatuko. Gehiegitan egin dut. Nekanazkatua nago neure buruarekin ere. Ez dugu maite «ezagutzeko modukoak» izatea.

Literaturaren sehaska ere ikus daiteke hemen. Ur-gaineko sehaska bat. Literatura uraren ezizana goratzera etorriko litzateke, letren nolabaiteko burupeaz baliatuz. Literaturak, orobat, exerexa apainduko luke (gure bizitzen exerexa apaintzeko gai bihurturik). Ikus daiteke hemen, baina zinez ikusi, ez dut ikusten. Literatura ez da egiarekin ezkontzen; zer esanik ez, tetrabriketako literatura. (Kontuz: liburu askok tetrabrik –mehe– baten tankera haunditxoa daukate.) Barnean «almendra-esnea» dakarren gure tetrabrikak ez du kanpoan ipini ura dela funtsean. Hori litzateke egia (dirudienez), baina egia hutsa ogi hutsaren pare da: betekada gogo-lotzaile bat sortzen digute biek ere, nonbait. Eta gainera zer? Ez al da gizakia bera gehienik ura? Eta zenbat gauza eta zenbat eratakoak esan izan dira gizakiaren izateaz?

Orduan, ez dakit zer den. Amor vacui ez behintzat (azal beteko letra-mordoari begiratu ezkero).