Erhalten Sie Zugang zu diesem und mehr als 300000 Büchern ab EUR 5,99 monatlich.
Jatorrizko Herriek eta Nazio Gutxituek testuinguru demokratikoan jorratzen dituzten lanetan inspiraturik, Alain-G. Gagnonek begirada berri bat eskaintzen die gehiengoen eta gutxiengoen arteko harremanei, eta, aldi berean, aurrerapen teorikoak aztertzen ditu, bai ikasketa federalen alorrean, bai nazionalismo garaikideenean. 2020-2030eko hamarkada egokia izan liteke federalismo multinazional bat sortzeko nazioarte mailan. Estatu berrien sorreraren aurrean potentzia handiek eta nazioarteko erakundeek bizi duten deserosotasun gero eta handiagoaren aurrean, federalismo multinazionala aztertzeak berebiziko garrantzia du une honetan. Gutxiengoen nazioek estatu subiranoarekiko erakusten duten leialtasunaren ordainetan, federalismo multinazionalak aukera emango lieke jatorrizko subiranotasuna berreskuratzeko –edo berrezartzeko–, betiere kontuan hartuta kide politikoekin koordinatu eta ituntzeko premia dutela, eta haiekin bizi behar dutela egitura federaletan edo federalizazio-bidean daudenetan. Gaur egun, funtsezkoa da errebindikazio-gatazkak legitimitatearen kontzeptuan oinarritzea, estuegia gertatzen den legezkotasunaren kontzeptuan oinarritu ordez.
Sie lesen das E-Book in den Legimi-Apps auf:
Seitenzahl: 314
Veröffentlichungsjahr: 2022
Das E-Book (TTS) können Sie hören im Abo „Legimi Premium” in Legimi-Apps auf:
LEGITIMITATEAK TALKAN
Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz;
oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean:
oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan, edo dantza ondoan alberdanian.
J.B. Agirre
1. argitalpena: 2022ko azaroa.
© 2021, Alain-G. Gagnon
© Itzulpenarena: 2022, Aitor Blanco Leoz
© Argitaraldi honena: 2022, ALBERDANIA, SL
Istillaga, 2, behea C - 20304 Irun
Tel.: + 34 943 63 28 14
www.alberdania.net
Azaleko irudia: Pavane, Hubert Tisonen margolana.
Inprimatzailea: Ulzama (Uharte, Nafarroa)
ISBN: 978-84-9868-778-1
ISBN digitala: 978-84-9868-779-8
Lege gordailua: D. 1183/2022
V
legitimitateak talkan
alain-G. gagnon
itzulpena: Aitor Blanco Leoz
ALBERDANIA
saiakera
Esker ona
Sarrera
Jakintza-arloari egindako ekarpen zientifikoa
Obraren aurkezpena
1. kapitulua. Lehen mugarriak: legezkotasuna, legitimitatea, demokrazia justua
Eraikuntza nazionala
Egonkortasun politikorako funtsezko baldintzak
Demokrazia justua
Erreferentziak birpentsatzen
Argitu beharreko kontzeptu batzuk
2. kapitulua. Kanadako proiektu federalaren oinarriak eta eraldaketak
Asmo nazional kanadarra
Politika «nazional» nagusiak
Boterearen zentralizazioa
Boterea lortzeko borroka gobernu zentralaren eta estatu federatuen artean
Quebeceko mugimendu nazionalista eta probintzien aldibereko gorakada
Nazioarteko ekonomia
3. kapitulua. Multinazioaren aurrerapen kontzeptualak eta subiranotasun partekatu baten ideiagintza
Lurralde-federalismotik federalismo multinazionalera
Tradizio federal nagusiak
Paktismoa edo itunen bidezko federalismoa
Quebec eta jatorrizko herriak
4. kapitulua. Ordena politiko kanadarra eta nazionalismo konstituzionala
Errelato historiko kontrajarriak
Abertzaletasun konstituzionala
Deliberazio konstituzionala
Konstituzionalismo deliberatiboa
5. kapitulua. Demokrazia liberal aurreratuen barneko dibertsitatea
Dibertsitate kontzeptua
Dibertsitatea gizarte modernoen ezaugarri nagusi gisa
Dibertsitate sakona alde batera uztearen arriskua
Konstituzionalismo zaharraren espiritua eta benetako proiektu federal baten sustapena
6. kapitulua. Nazioarteko testuingurua eta eskubideen auzi kezkagarria
Jaltako Batzarretik Berlineko Harresiaren erorialdira
Sobietar Batasunaren zatikapenetik proiektu nazionalista espainiarraren porrotera
Gutxiengo nazionalen, nazio minoritarioen eta jatorrizko herrien eskubideak
Gehiengoen gorakada
7. kapitulua. Federalismo multinazionala:erronkak, kezkak eta promesak
Federalismo multinazionala: definizio-elementu subsidiarioak
Eraikuntza nazionaleko prozesuak
Federalismo multinazionala: presazko premia bat
«Nazio» eta «estatu» nozioak desberdintzea
Benetako aitortza-politika bat ezartzea
Autonomia politikoaren eta botere-banaketaren artean oreka justuagoa garatzea
Ondorioak
Legitimitatea
Asmoak eta hertsadurak
Ohiko bideetatik ateratzen
Akordio konstituzionalak berrirudikatzen
Erantzuna eta erresistentziak
Bizirik dagoen zuhaitz baten moduan hedatzen den konstituzio bat
Epilogoa. Etorkizuneko aukerak
Bibliografia
2017an Parisen igaro nuen urte sabatikoan hartu zuen forma liburu hau idazteko ideiak. Quebec Garaikideari buruzko Ikerketa Katedraren titularra nintzen Sorbona Berrian, aldi berean Parisko Ikasketa Politikoen Institutuan irakasle gonbidatua nintzelarik. Ikertzea eta indarberritzea helburu zuen egonaldi hartan, aukera izan nuen Sorbona Berrian pluralismo kultural eta juridikoari buruzko zenbait kongresu garrantzitsu antolatzeko, baita Parisko Ikasketa Politikoen Institutuan «Nazioen etorkizuna: jarraitutasuna eta haustura» gaiari buruzko programazio oparo bat prestatzeko ere nire lankide eta Nazioarteko Harremanetako Ikerketa Zentroaren zuzendari Alain Dieckhoffekin batera. Ikasketa Politikoen Institutuan egindako kongresu haiek oso lotuak daude liburu honen edukiarekin. Izan ere, testuinguru multinazional eta demokratikoko nazionalismoaren eta bizikidetzaren inguruko ikerketa garaikideak eztabaidatzea zen hizlarien eginkizuna. Tribuna horretan aritutako lankideekin izandako trukea inspirazio-iturri handia izan zen –aipa ditzadan, besteak beste, Uriel Abulof, Carles Boix, Gérard Bouchard, Craig Calhoun, Alain Dieckhoff, Jan Erk, Jonathan Fox, Jule Goikoetxea, Daniel Salée eta Pierre de Senarclens–, baina, batez ere, liburu hau idatzi behar nuela konbentzitu ninduen.
Ezinezkoa zatekeen liburu hau gauzatzea nire esker ona merezi duten hainbat pertsonaren laguntzarik gabe. Gogoan ditut, hasteko, nire lehenbiziko ideiak probatzean aurrean izan nituen goi-mailako zikloetako ikasleak. Bai UQAMeko Zientzia Politikoen Saileko, bai bi urtean behin demokraziari eta dibertsitateari buruz egiten den Udako Institutuko, bai askotariko mahai-inguru eta mintegietan parte hartutako pertsonen erantzuna eskuzabala eta eskertzekoa izan da beti. Liburu hau komentatzeko aukera izan dutenen artetik, aipatzekoak dira bai Gizarte Plurinazionalei buruzko Ikerketa Taldeko nire lankide Geneviève Nootens, bai Félix Mathieu doktoretza ondoko ikertzailea (Pompeu Fabra Unibertsitatea, Bartzelona), oso iradokizun egokiak egin baitizkidate testuari kohesio handiagoa emateko, baita Jeremy Elmerich doktoregaia ere (UQAM / Frantzia Garaiko Unibertsitate Politeknikoa, Valenciennes), besteak beste politika europarrari buruzko zenbait alderdi inportante argitu baitizkit. Halaber, eskerrak eman behar dizkiot Dave Guénette doktoretza ondoko ikertzaileari (McGill Unibertsitatea), garrantzi handiko erronka juridiko batzuk identifikatu baititu, bestela itzalean geldi zitezkeenak.
Quebectar eta Kanadar Ikasketei buruzko Kanadako Ikerketa Katedrari dagokionez, Olivier De Champlain nabarmendu behar dut, noski, 2005az geroztik ikerketako jardueren koordinatzaile nagusia dena, beti baitago prest bere jakituria partekatzeko eta gure lanei ahalik eta sakontasun analitikorik handiena ematen lagunduko diguten pista berriak iradokitzeko. Bidenabar, eskertzekoa da hark eskatuta azken urteotan gidatu behar izan ditudan doktoregaiek tesia defendatu arte egindako ekarpena ere: Paul May (2013), Alexandre Germain (2015), Étienne Schmitt (2016), Valérie Vézina (2016), Jean-Charles St-Louis (2018), Jean Rémi Carbonneau (2019), Marc-André Houle (2020), Félix Mathieu (2020) eta David Sanschagrin (2021). Haiekiko hartu-emanari eta beste doktoregai eta doktoretza ondoko ikasle askorenari esker –hala nola Oscar Berg, Audrey-Anne Blanchet, Antoine Brousseau Desaulniers, Jeremy Elmerich, Dan Freeman-Maloy, Guillaume Lamy, Benoît Morissette, Dan Pfeffer, Marc Sanjaume, David Sanschagrin, Gustavo Santafe, Arjun Tremblay eta Catherine Viens–, aukera izan dut nire analisiak findu eta argudioak indartzeko.
Dirulaguntzak eman dituzten erakundeek ere –Quebeceko Ikerketa Funtsa: Gizartea eta Kultura (FRQSC) eta Giza Zientzietako Kanadako Ikerketa Kontseilua (CRSH)– esker ona merezi dute ikerketako aurrekontuak halako modu porrokatuan defendatzeagatik, askotan arriskuan egoten baitira. Alabaina, unibertsitateko ikerkuntzak –prestakuntza-ziklo eta diziplina guztietako irakasle eta ikasleek gauzatzen dutena– babesa eta sustapena merezi du, nola unibertsitatean sartuko diren talde berriek ahalik eta prestakuntzarik hoberena izango dutela ziurtatzeko, hala ezagupenak ahalik eta gehien hedatzen laguntzeko.
Azkenik, eremurik pertsonalenean, eskerrak eman behar dizkiet nire emazte Louiselle Lévesqueri eta gure seme Vincenti, beti hor egoteagatik eta beren bizipozagatik eta sostenguagatik. Liburu hau haiei eskainia dago batez ere.
2021. urtea aukeratu nuen trilogia hau osatzeko, Nazio bateratzailerik ez: nazio ugariko federalismoaren aldeko aldarria1 liburuaren argitalpenarekin 2007an hasi zena eta Ziurgabetasunaren aroa: federalismoari eta nazio aniztasunari buruzko saiakerarekin 2011n jarraitu zuena. 2020ko hamarkada garai aproposa izan liteke nazioarteko mailan federalismo multinazionala zabaltzen hasteko. Kontuan hartuta estatu berrien sorrerak gero eta ezinegon handiagoa eragiten diela potentzia handiei eta nazioarteko erakundeei, arretaz aztertzekoa da federalismo multinazionalerako bidea.
Tentsio sozial handiko harremanak izaten ari dira estatu plurinazional batzuen barneko zenbait komunitate politikoren artean, eta arreta berezia eskatzen du horrek. Etiopia datorkigu gogora, Afrikan lider bilakatu zena federalismo plurinazionalaren bidean, baita Irak ere, federalismoarekin lotutako zenbait mekanismo ezarri zituena, edo, are Europaren bihotzean, Espainia, bere autonomien estatuaren sui generis eredua alde batera utzi nahi duena. Europaz ari garela, Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeak agerian jartzen du hainbat gobernuri ezinegona sortzen diela estatu-mailan subiranotasuna galtzeak.
Azken hamarkadek argi eta garbi erakutsi dute Kanadako eta Quebeceko esperientziak eragin handia izan duela nazioartean dibertsitate nazionala eta komunitarioa kudeatzeko moduei dagokienez. Gaur egun, ezinezkoa da filosofia politikoaren, zuzenbidearen edo zientzia politikoen arloko egile nagusien lanak kontsultatzea kanadar eta quebectar egileei buruzko hainbat eta hainbat erreferentzia aurkitu gabe. Horien artean, azpimarratzekoak dira Charles Taylorrek, Geneviève Nootensek, Will Kymlickak eta James Tullyk gogoeta politikoaren inguruan idatzitako lanak, John Borrowsek, Eugénie Brouilletek, Peter Russellek eta José Woehrlingek zuzenbide konstituzionalaz argitaratutakoak, Gérard Bouchardek eta Brian Youngek historiari buruz egindakoak eta, zientzia politikoen arloan, Linda Cardinalek, Jane Jensonek eta Guy Laforestek kaleratutakoak.
Quebecen eta Kanadan dibertsitate nazionala kudeatzeko orduan nagusitu den ereduaren azterketa gaur egun Alemanian, Belgikan, Espainian, Erresuma Batuan, Magreben, Ekialde Hurbileko eta Ertaineko herrialde gehienetan, Hego-ekialdeko Asian, Txinan, Indonesian, Japonian eta beste hainbat tokitan izaten ari diren eztabaida politiko eta sozial handien erdigunean dago. Ikusi besterik ez dago zer-nolako analisiak egin diren Kanadako Gorte Gorenak Quebecen sezesioari buruz onartutako ebazpenaren2 edo Diferentzia Kulturalei lotutako Integrazio Jardunbideei buruzko Kontsultarako Batzordearen txostenaren argitalpenaren harira (Bouchard-Taylor Batzordea)3. Dudarik gabe, garrantzi handiko bi garai izan ziren horiek herrialdearen bizitza politikoan. Momentu horietako bakoitzak eskala handiko oihartzuna izan du debate publikoetan. Hain zuzen ere, ebazpen horren eta Bouchard-Taylor txostenaren inguruan egin diren analisiek zenbait tresna eman dizkiete barreneko dibertsitate nazionalen integrazioaren desafioari aurre egin behar izan dioten estatuetako agintariei. Horren adibideak ikusi ditugu Espainiako gobernu zentralak Kataluniako Generalitateari egoskorkeriaz ukatu zionean biztanleriari bere etorkizun politikoari buruz libreki kontsulta egiteko eskubidea, edo, modu ez hain bortitzean bada ere, Theresa Mayren eta geroago Boris Johnsonen gobernuek Eskoziako Gobernuari baimenik eman ez ziotenean herri-galdeketa bat egiteko Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko negoziazioak gehiegi luzatzen ari ziren unean.
Monografia honen sarrera gisa, labur-labur nabarmendu nahi dut nolako ekarpena egin duten Gizarte Plurinazionalei buruzko Ikerketa Taldeko kideek (GRSP) bai gizarte plural eta pluralista bat eraikitzeko, bai deliberaziora eta komunitateen arteko harremanetara zabalik dagoen bizitza demokratiko bat posible egiteko. 1994ko udazkenean sortu zenetik nire zuzendaritzapean egon den talde horretako kideek4 etengabe jarri izan dute beren esperientzia hainbat herrialderen, agintari publikoren eta nazioarteko erakunderen zerbitzura. Ekarpen nabarmena egin diote puri-purian zegoen gai ugariri, baita desafio sozial garrantzitsuak landu ere. Azpimarratzekoa da arlo desberdinetako ikertzailez osatua dagoela taldea (kanadar politika, politika konparatua, filosofia politikoa, zuzenbidea), baina guztien aztergaiak lotuak daudela gizarte liberal eta demokratikoen barneko dibertsitate nazionalarekin. Azken azterlanetan jorratu dituzten gaiak gehienen nazionalismoa (2003-2008) eta gizarte plurinazionaletan martxan dauden konfiantzazko eta mesfidantzazko dinamikak izan dira (2008-2013), eta, 2014az geroztik, taldeko kideek estatu plurinazionaletako konstituzionalismoari eta politika konstituzionalari buruzko gaietan izan dute interesa bereziki, hau da, erreforma konstituzionalen arloko aldarrikapenekin lotutako dinamika politikoei buruzkoetan. Programa horretan, Konstituzioa aldatzeko izandako askotariko saialdiak aztertzen dira, zeinek helburu izan baitute joko politikoaren arauak eta, batzuetan, estatuaren funtzionamendua bera eraldatzea. Analisi hau barne hartzen duen gaur egungo programazioaren xedea hiru ikerketa-ildo irekitzea da: (1) demokrazia multinazionaletako eragile politikoek proposatutako erreforma konstituzionalen kalitatea; (2) deliberazioen nolakotasuna nahiz mobilizatzeko moduak baldintzatzen dituzten elementuak auzi konstituzionalen inguruan; (3) jardute demokratikoaren erreforma eta sakontzea egiteko saiakeren inguruko prozesu eta ekintzen eragina. Kezka horiek zenbait lan bideratuko dituzte azterketa konparatiboen arloan, baita hainbat kasu-azterketa ere; horien artean, batez ere, Eskozia eta Erresuma Batuarenak, Katalunia eta Espainiarenak eta Quebecen eta Kanadaren arteko dinamikarenak, baita herri autoktonoek (Kon)federazioko gobernuko erakundeekin dituzten harremanenak ere.
Oro har, GRSPren programazioak hiru ardatz nagusi ditu. Lehenbizikoak gogoeta bat proposatzen du politika konstituzionalaren funts normatiboei eta konstituzionalismoaren bilakaeraren inguruko ideien inpaktuari buruz (barneko eta kanpoko autodeterminazioa, justiziaren eta egonkortasunaren bilaketa, eskubide indibidual eta komunitarioen orekaren bilaketa, etab.). Ardatz horretan diharduten lankideek gidatutako proiektuek helburu jakin batzuk dituzte, hala nola (1) eskubideek konstituzionalismo liberalaren etorreraren kapituluan duten garrantzia jakitera ematea, (2) testuinguru plurinazionaleko hausnarketaren desafio garaikideak argitzea eta (3) politika konstituzionalaren teorizazioan sakontzea. Bigarren ardatzari estuago lotutako ikertzaileek erreforma konstituzionalak egituratzen dituzten erakunde politikoak eta eragile politikoen rola dituzte aztergai. Arreta berezia jartzen diete dinamika konstituzionalak garatzeko prozesuei, aldi berean probetxua atereaz epe luzeko analisi konparatiboari (askotariko testuinguru instituzionalak, presente dauden eragile eta interesak, tentsioan dauden ideia politikoak). Hirugarren ardatzak barne hartzen dituen ikertzaileek, bestalde, zuzenbidearen arauen eragina analizatzen dute (zuzenbide konstituzionalaren nahiz nazioarteko zuzenbidearen arauena), eta erreforma konstituzionalen prozesuetan zuzenbideari nolako erabilera politikoa ematen zaion ere aztertzen dute. Ardatz horren inguruan gauzatzen diren ikerketek interes nagusi bat dute: nolako ekarpena egiten dioten konstituzioek herritarren ongizateari eta nolako eragina duen bizitza politikoaren judizializazioaren fenomenoak.
GRSPko kideek egindako lanen esparruan gauzatu dut trilogia-proiektu hau, eta, horrexegatik, esker ona eta zor akademikoa adierazi nahi diet, hogeita bost urtez beren ideiak eta mundu-ikuskerak eskuzabaltasun osoz partekatu dituztelako eta horiek alderatzeko prest agertu direlako. Espero dezagun hartu-eman horrek aurrera jarraitzea eta pentsamolde aberats bezain desberdinak dituzten partaideek hura elikatzen segitzea.
GRSPren barnean, nire lanek nagusiki aztertu dute nola sortzen diren federalismo multinazionala ezartzearen aldeko baldintzak herrialde batzuetan non dibertsitate nazionala baita ondasun politiko nagusia, estatu subiranoak bere legitimitatea oinarritu ahal izateko itunaren jatorrian dagoena.
Nazio bateratzailerik ez: nazio ugariko federalismoaren aldeko aldarria liburuan, ikerketa federaletako adituen lanetan gehiegietan alde batera uzten diren alderdi normatiboak nabarmentzen saiatu nintzen; izan ere, horien ikuspuntua gogoeta enpiriko, tekniko eta deskriptiboetara mugatu ohi da, eta gutxitan ematen diete ahotsa estatu subiranoak osatzen dituzten populazio minoritarioei. Alabaina, funtsezkoa da estatuak aldatzera eramaten dituzten tradizioak ulertzea, baita haien ekintzen oinarri diren printzipioak ere. Estatu federaletan, askotan, agintariek desagerrarazi egiten dute dimentsio hori. Horregatik, garrantzitsua da gure ikuspuntu eta jokabideak berriz ebaluatzea; bestela, aginpidea duten elite politikoen legitimitatea urritu besterik ez da egingo. Jardunbide demokratikoak sakondu eta zabaldu beharra dago, eta orain da horretarako unea. Helburu horiek kontuan hartuta idatzi dut monografia hau.
Jakintza-arloari egindako ekarpen zientifikoa
Nazio bateratzailerik ez lanaren ekarpen nagusia filosofia liberal garaikideek helarazi dizkiguten elementu arautzaile nagusiak ezartzea da, hain zuzen ere komunitateak ikusgai jartzea (Tully, 1999a) eta multzo handiagoen barnean ahalduntzea xede dutenak. Elementu arautzaile horiek justizia, berdintasuna, askatasuna, senidetasuna eta elkartasuna dira, eta horiek errespetatzearen jomuga aldi berean estatuen egonkortasuna eta, batez ere, iraunkortasuna bermatzea da, betiere haien legitimitatea ezarriz. Lanaren asmoa, halaber, jardun politikoaren erdi-erdian hiru printzipio nagusi tentsioan jartzea zen, hots, komunitatearen printzipioa, berdintasunaren printzipioa eta demokraziaren printzipioa. Printzipio horietako bakoitza modu jakin batean hezurmamitzen da, baliabideak esleitzeko eta botereak partekatzeko erreferentzia nagusi gisa Federazioak bide plurinazionalaren5 edo lurraldetasunaren bidearen alde egiten duen.
Kanadaren kasuan, nazioaren gehiengoa ez ohi da agertu komunitatearen printzipioa babesteko oso prest, eta, hala ere, tentsio politiko handiko uneetan, onartu egin du Quebecek zilegi zuela demokraziaren printzipioaren erabilera osoaz baliatzea. Hala gertatu zen bai burujabetzari eta elkarketari buruzko 1980ko maiatzeko erreferendumean, bai akordio konstituzional baterako proiektuari buruzko 1992ko herri-galdeketan (Charlottetowneko proiektua) eta bai burujabetzarako eta aliantzarako proposamenarekin lotutako 1995eko urriko erreferendumean.6 Belgikaren kasuan, 1970eko hamarkadaren hasieraz geroztik, eragile politikoak komunitatearen printzipioa onartzearen alde agertu ziren (Van den Wijngaert, 2011), betiere nazioarteko harremanen arloan subiranotasuna partekatzearen eta iraunaraztearen aldeko gaitasun estatikoa sakonduz (Paquin, Beaudoin, Comeau, Lachapelle, 2006) eta –flandriar komunitate oparoaren kasuan– gizarte-segurantzaren arloan berdintasunaren printzipioa saihesten ahaleginduz (Béland eta Lecours, 2008, 2012).
Belgikaren nahiz Kanadaren ibilbideak harritzekoak dira; izan ere, bide desberdinak hartu dituzten arren, biek ala biek tentsio politiko handiko uneak bizi izan dituzte azken mende erdian, horien arrazoiak oso bestelakoak izan badira ere. 1990eko hamarkadaren erdialdera Belgika eta Kanada beste behin egonkortasun estatikoa lortzeko formula irabazle baten bila ari zirelarik, Dimitrios Karmis lankideak eta biok azterketa konparatu bati esker agerian jarri genuen ezen konstituzioaren araberako formula desberdinek antzeko emaitzak izan ditzaketela. Belgikaren kasuan, eragile politikoek zatiketa kultural eta linguistikoa bultzatu dute bertako komunitate politikoen arteko harremanak murrizteko, eta Kanadan, berriz, gobernu zentralak neurri «unibertsalizatzaileak» bultzatu ditu etengabe programa sozialak, osasun-arretako programak eta bestelako ekimenak ezartzeari dagokionez. Hala eta guztiz ere, ekintza horiek antzeko emaitza izan dute, zatiketa identitario handiagoa, alegia. Bi kasu jakin horietan, hartutako erabakiek deskonexio identitarioko prozesuak elikatu dituzte, dela orokorregiak izateagatik, dela bereizgarri edo berezitasun gehiegi edukitzeagatik (Karmis eta Gagnon, 1996: 435-468).
Trilogia honen bigarren lanak, Ziurgabetasunaren aroa: federalismoari eta nazio aniztasunari buruzko saiakera izenekoak, jarrera filosofikoagoa du. Haren bidez, eragile politiko eta sozialak bai estatuaren funtzionamendua eta bai estatuaren funtzio nagusien eskudantzia birpentsatzera bultzatzea zen nire asmoa, estatu plurinazionalak osatzen dituzten nazio minoritarioek adierazitako itxaropen eta premiak kontuan hartuta. Horrenbestez, estatuei, urteetan nola eraiki izan diren ikusita, botere-harremanak bideratzen dituzten arrazoiak birplanteatzea exijitu behar zitzaien, itun konstituzionalaren jatorrizko komunitate politikoen onarpen nazionalerako premiak asetzearren. Bigarren lan horretan, bi ideia nagusi nabarmendu nituen: alde batetik, nazionalismo liberalak –liberalismoaren beste edozein adierazpenek baino gehiago, zalantzarik gabe– jardunbide demokratiko osatuagoak ezartzeko funtsezko ezaugarriak dituela, eta, bestetik, eredu federala egoerarik aurreratuenera iritsi diren demokrazia liberaletan baizik ezin dela gauzatu.
Erantzuna eman behar zitzaien nolabait nazionalismoak gizarte garaikideetan izango lituzkeen arriskuez ohartarazten ari ziren kritikatzaile ugariei. Nolanahi ere, Yael Tamirrek Liberal Nationalism liburu bikainean defendatutako jarrerarekin bat eginez, garrantzitsua da nazionalismo eta liberalismo kontzeptuak bateragarri egitea, batez ere ildo berean dutelako sorburua (Canovan, 1998: 237-253). Halako interpretazio-prozesu batek aukera ematen du Ilustraziotik iritsi zaizkigun liberalismoaren teoria klasikoak gainditzeko eta aurrerago pentsaera humanistaren korronte berri bat bultzatzeko (Todorov, 2008). Liberalismoaren teoria klasiko horien formulaziorik osatuena, dudarik gabe, John Rawlsek 1970eko hamarkadaren hasieraz geroztik ekoitzi dituen analisi burutsuetan egindakoa da.7 Tamirrek funtsezko elementu bat erantsi die teoria horiei, elkarrekin lotu baititu liberalismoa eta nazionalismoa.
Rawlsek proposatutakoaren aurka, eta aintzat hartzen baditut ere hark liberalismo indibidualaren ikuskerari egindako ekarpenak herritarren artean berdintasun handiagoa eta komunitate politikoen ordezkaritza egokiagoa lortzeari begira, iruditu zitzaidan lehenik eta behin beharrezkoa zela aginte-harremanak pluralismo nazionalaren arabera birplanteatzea. Nire mundu-ikuskerari jarraikiz, horixe da estatua definitzen duen lehenbiziko elementua, eta, halakorik ezean, gizarteak ezingo lirateke beren ahalmen osoaz baliatu, eta beren ekintzek are legitimitate gutxiago edukiko lukete.
Hortaz, guztia ezin da gizabanakoaren mailara mugatu, baina, aitzitik, borondate indibidualen eta izaera komunitarioko proiektuen arteko oreka justu baten arabera ulertu behar da. Horren harira, Joseph Yvon Thériaultek (2019) Sept leçons du cosmopolitisme : agir politique et imaginaire démocratique liburuan iradokitzen duenez, gizabanakoak beharrezkoa du gizarte bateko kide izatea eta bertan bizitzea. Horregatik, premiazkoa da itun federatiboaren jatorrizko kide politikoen arteko berdintasun-printzipioa errespetatzea.
Christophe Parent juristari zor diogu estatu federal multinazionalari buruzko analisirik zorrotzenetako bat. Le concept d’État fédéral multinational : essai sur l’union des peuples liburuan, egileak honako hau defendatzen du arrazoi osoz:
Identitate nazionalek prestigioa lortzeko modu bakarra horiek berezko lurralde identitarioak edukitzea da. Lurralde-autonomia horrek bidea ematen du nazio baten eskubide kolektiboak haren hizkuntzari eta kulturari lotzeko, eta, modu horretan, lurraldeak eskaintzen duen segurtasun linguistiko eta kulturalak orekari eusten lagunduko dio gutxiengo nazional eta gehiengo federatu bilakatutako nazioari. Hori eginez, estatu multinazionalak nazio berdinen arteko itun baten oinarria baieztatuko du, gutxiengo nazional batekiko tolerantzia hutsa baino areago. Azken batean, estatu multinazionalak bera osatzen duten kideen berdintasunean oinarritutako esparru kolektiboa aitortuko du, eta ez diferentzia nazionala onartzen duen printzipio batean oinarritutakoa (Parent, 2011: 79).
Beraz, garrantzitsua da komunitate nazionalek taldeko esperientzia komun bat bizi dutela sentitzea eta eraikuntza identitarioko proiektu hori luzaro iraunarazi nahi izatea. Proiektu hori errazago gauzatuko da baldin eta komunitate politikoko kideek amankomuneko historia bat eta memoria bat badituzte.8 Federalismoak ahalmen handia du lurralde jakin batean baliabideak bateratzera bideratutako halako agertoki bat eskaintzeko. Hain zuzen ere, horixe proposatu zuen Will Kymlickak 1990eko hamarkadaren erdialdera. Haren ustez, «XVII. mendeaz geroztik, Kanadako bizitza politikoaren funtsezko errealitatea lurralde berean talde nazional desberdinak egotea izan da: autoktonoak, frantsesak eta ingelesak. Kanadaren historia politikoan erabakigarriak izan diren hainbat gertaerak talde nazional horien arteko harremanak birnegoziatzeko ahalegina izan dute ardatz. Alabaina, harreman horiek dira gaur egun herrialdearen egonkortasuna arriskuan jartzen duen mehatxurik handiena» (Kymlicka (2003 [1998]: 209).
Kymlickaren hitz horiek egokiak izaten jarraitzen dute ingelesezko jatorrizko bertsioa argitaratu eta bi hamarkada geroago. Harrezkeroztik, urgentziaren sentsazio hori –Guy Laforestek garai berean aztertutakoa (Laforest, 1995)– pixkana-pixkana lausotuz joan da Kanadako bulego federal eta probintzialetan, eta, hala eta guztiz ere, nahiz eta ia-ia berrogei urte igaro diren, Quebecek ez dio bermea eman garai hartan inposatu zioten kanadar konstituzioa zentralizatzeko prozesuari.
Trilogia honen bigarren liburukiak –Ziurgabetasunaren aroa– asmo nagusi bat zuen: eragile politikoei proposamena egitea komunitateen arteko harremanen inguruko gogoeta lehenik eta behin berdintasunezko ordezkapenean oinarrituta egiteko, indar-harremanetan baino gehiago. Bestela esanda, lanaren helburua zen imajinatzea modalitate batzuk, zeinetatik abiatuta komunitate politiko minoritarioak osatzen dituzten pertsonei aukera emango baitzaie talde nazional nagusia osatzen duten herrikideak bezain errealizatuak sentitzeko.
Nazio bakoitzak ezaugarri espezifikoak ditu, eta identitate bat baino gehiago dituzten gizabanakoen taldeak lotzen ditu elkarrekin. Nola lor daiteke errealitate soziologiko horietako bakoitzak ahotsa izatea politika publikoak ezartzeko orduan, gizarteari eragiten dioten hautuak egitean edota lurraldean presente dauden ohitura desberdinak uztartzen direnean? Erronka handia da, boterea zatikatzea eta demos kopuru handiago batentzat eskuragarri jartzea eskatzen baitu, baita, zeharka, zenbait proiektu nazional bideratzeko aukera ematea ere.
Ziurgabetasunaren aroa liburuan, halaber, federalismoaren teoria bati forma ematen lagunduko duten printzipio nagusiak ere identifikatu nahi nituen, tradizioak errespetatzen dituena eta, aldi berean, onartutako ikuspuntu arauemaile bat proposatzen duena, nahiz eta federalismoaren arloko adituek ikuspuntu hori alde batera uzten duten oso maiz. Horregatik, ikerketa honetan, gai izan naiz aldi berean zenbait kontzeptu azpimarratzeko, hots, subiranotasun partekatua, kultura federala eta ituna.
Zenbait egilek inspiratuta –Gérard Bouchard, Eugénie Brouillet, Guy Laforest, José María Sauca, Ferran Requejo, Yael Tamir, Charles Taylor, James Tully–, funtsezkoa iruditu zitzaidan gizartea egiteko zenbait kontsiderazio etikoren alde apustu egitea (Thériault, 2007). Kontsiderazio horietako lehenbizikoa lotua dago «neurriaren zentzua» delakoarekin eta itun federalean parte hartzen duten aldeen arteko oreka justu bat bilatzearekin. Beste modu batera esanda, ahalegina egin behar da komunitateen arteko harremanek gidatu dezaten itun federatiboaren kideetako bakoitzari guztiz errealizatua sentitzeko funtsezko botereak emateko borondatea.
Kontsiderazio horietako bigarrena errespetuan oinarritutako harreman sozialak ezartzeko giro egokia sortzean datza. Askoz errazago beteko da baldintza hori baldin eta itunaren kideek lehen harreman onberak sustatuko dituzten abaguneak sortzen badituzte. Une horiei esker, eragile politikoek, baita horiek ordezkatzen dituzten populazioek ere, onartu egingo dute konpromisoaren aldeko apustua, komunitateen arteko elkarrekintzak pobretzea eragingo duen elkarrekiko ezjakintasun batez –bakardadeaz– gozatu eta gizarteko bizitzarako hain funtsezkoak diren harremanguneak desagerrarazi beharrean. Kontsiderazio horietako hirugarrenaren arabera, premiazkoa da abegitsua izatea eta multzo federaletan elkarrekin bizitzeko beharrezkoak diren baldintzak sortzea. Nolabait, nazioak, kultura sozialak, indar politikoak eta tradizio juridikoak integratzeko benetako jardunbideak gauzatzean datza.
Obra honi dagokionez, bide politikorik onena –bai Mendebaldeko mundu osoan, bai Ekialdean– estatu plurinazionalen barneko nazioak aitortzera eta ahalduntzera irekita dauden ereduak ezartzea dela defendatuko duen eztabaida bat sortzea du helburu. Horrenbestez, kontua ez da izango ikerketa-programazio bat ezartzea, baizik eta pentsaera federal garaikidearen egoeraren azterketa egitea, horretarako oinarritzat hartuta bai Kanadako esperientzia, bai Europako esperientziak, baita nazioarteko instituzioen bilakaera ere, zeina lotua baitago subiranotasun partekatuaren edo subiranokidetasunaren printzipioa onartzearekin. Nozio horiek nolabaiteko onarpena dute gaur egun Europan eta beste zenbait herrialde federatutan. Gogoeta horri esker, beraz, posible izango da federazio demokratiko plurinazionalak osatzen dituzten nazioen integraziorako eta onarpenerako bideak imajinatzeko modua emango duten oinarriak identifikatzea.
Obraren aurkezpena
Liburu hau zazpi kapituluz dago osatua. 1. kapituluan, bidea prestatuko dut estatu garaikideek nazio minoritarioen eskubideekiko erlazioari dagokionez izandako bilakaera hobeki ulertzeko. Modu orokorragoan, aztergai izango dut nola egin dezaketen bat dinamika sozial eta politikoek espazio politiko konplexuetan legezkotasuna eta legitimitatea tentsioan jartzen direnean. Azkenik, analisi osoan zehar lagungarriak izango zaizkigun zenbait azalpen kontzeptualek emango diote bukaera kapituluari.
2. kapituluan, gobernu zentralak bere burua herrialdeko botere konstituziogile bakar gisa ezartzeko xedez eta federalismo multinazionala arriskuan jarriz bata bestearen segidan bultzatutako zenbait politika nazional garrantzitsu komentatuko ditut. Izan ere, jokaera horrek helburu nagusi bat du, hots, Kanadako Federazioko kide diren estatuen rola benetako botererik ez duen eta burujabetasun propiorik gabe utzi duten txotxongilo hutsarena besterik ez izatea.
3. kapituluak bi aztergai izango ditu: batetik, nola zehaztu den multinazioa osoki eraikitako baina Kanadan konstituzionalizatu gabeko subjektu politikoen adierazpen gisa, eta, bestetik, nola bereganatu nahi izan den gizarte demokratiko konplexuen iraunkortasunerako desafiorik funtsezkoenetako bati aurre egiteko subiranotasun erlazional bat: estatu bereko herrien elkarketarena.
4. kapituluan, Kanadako ordena politikoaren irakurketa kritiko bat proposatuko dut, aldaketa konstituzionalak eta indar-harremanen bilakaera kontuan hartuta. Hasteko, errelato historiko kontrajarrien existentziari erreparatuko diot, eta aditzera emango dut nola moldatzen diren eragile politikoak horietako batzuk inposatzeko edo beste batzuk gaitzesteko, beraiek errealitateaz egiten duten irakurketarekin bat datozen ala ez. Eztabaida horrek aukera emango du azaltzeko zergatik kontentatzen den ia beti Ottawako gobernu zentrala, abertzaletasun konstituzionala sostengu edukita, onarpen-politika minimalistak bultzatzearekin. Kapitulua bukatzeko, Justin Trudeauk gidatutako gobernuak bereganatu duen jarrera komentatuko dut, Kanada fase postnazionaleko estatu bilakatzea nahi izatea, alegia. Trantsizio horrek, hots, Kanada estatu kolonial izatetik (Delâge et Warren, 2017) estatu binazional, eremu elebiduneko estatu multikultural eta, azkenik, fase postnazionaleko estatu izatera eramango lukeenak, herrialde hori nazioarteko mailan halako modu ahistorikoan agertutako lehenbizikoa izatea eragingo luke.
5. kapituluan, jarraipena emango diot demokrazia liberal aurreratuak betetzearren dibertsitatea bere forma guztietan errespetatzeak dakarren erronkaren inguruan aurreko kapituluan hasitako gogoetari. Labur-labur komentatuko dut dibertsitate sozial, etnokultural, erlijioso, linguistiko eta nazionalaren fenomenoa gizarte garaikideen adierazpen sendo gisa. Horrekin batera, dibertsitateak gizarte zatikatuentzat duen balioa ebaluatuko dut.
6. kapituluan, aztergai izango dut nola aldatu diren nazioarteko erakundeek gauzatutako jardunbideak beren egungo estatu subiranotik emantzipatu nahi duten nazioen autodeterminazio-eskubidea aitortzeari dagokionez. Hori tokian tokiko erregimen motaren, subiranotasunaren banaketaren (estatu unitarioa edo estatu federala) eta bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izango da (eskualdeko testuingurua, kultura politikoa, historia nazionala, etab.). Nire ikuspuntutik, subiranotasuna zatigarria izan daiteke, eta aginpideak gobernu-mailen artean banatzen dira. Kapitulu honetan azalduko dudanez, nazioarteko erakundeetan aitortza bila aritu diren nazioen aurrerapauso eta atzerapausoak ikusi izan dira azken urteotan, eta, aldi berean, horiek adoretzen dituzten estatu subiranoek gero eta gogo gutxiago erakusten dute formalki estatu gisa aitortutako nazioen kopurua handitzeko.
7. kapituluan, liburuaren azkenekoan, nazioarteko potentziek estatu berrien sorrerari uzkurrago egiten dioten testuinguru honetan onarpen bila dabiltzan nazioentzat estatu federal multinazionalak nolako aukera eta ahalmenak dituen aztertuko dut. Horretarako, aitortza bila ari diren nazioak ahalduntzeko agertokietan jarri beharko da arreta, eta modu desberdinak daude hori egiteko. Nazio guztiek beren estatua eskuratzeko aukera eduki ezean –talde nazional ugari dagoela kontuan hartuta–, funtsezkoa da estatu plurinazionalen barnean botere garrantzitsuak emango dizkieten agertokiak irudikatzea. Dibertsitate plurinazionalaren eta batez ere haren legitimitatearen onarpen hori inplizituki ezarri beharko litzateke monografia honen ideia nagusi modura, hasieratik bukaerara. Espero dezagun ideia hori lagungarria izatea ekuazio plurinazionalari sendotasuna emateko, helburu nagusia federazio demokratiko konplexuetan dauden egiturazko desoreka politikoak arintzea eta, posible bada, deuseztatzea baita.
Oin-ohar:
1 Hasiera batean, liburu hori Kataluniako Generalitatearen Ikasketa Autonomikoen Institutuak argitaratu zuen, 2006an, Au-delà de la nation unificatrice : plaidoyer pour le fédéralisme multinational izenburuarekin, eta Josep Maria Vilaseca i Marcet Saria irabazi zuen urte horretan bertan (Institutuaren lehenbiziko zuzendariaren izena du sari horrek).
2 Kontsultatu: https://scc-csc.lexum.com/scc-csc/scc-csc/fr/item/1643/index.do
3 Ikusi: https://www.mce.gouv.qc.ca/publications/CCPARDC/rapport-final-integral-fr.pdf
4 Taldearen kide fundatzaileak Dominique Arel, Alain-G. Gagnon, Guy Laforest, James Tully eta François Rocher izan ziren. Urteetan zehar, hainbat ikertzailek egin dute bat GRSP taldearekin, eta hura izan dute askok beren lehen talde zientifikoa. José Woehrling, Dimitrios Karmis, Geneviève Nootens, André Lecours, Pierre Noreau, Jocelyn Maclure, Eugénie Brouillet, Johanne Poirier, Geneviève Motard, Martin Papillon, Antoine Bilodeau, Dominique Leydet eta Luc Turgeon politologo, jurista eta filosofoak elkartu izan dira zenbait proiektutarako, baita Giza Zientzietako Ikerketa Kontseiluaren eta Quebeceko Kulturari eta Gizarteari buruzko Ikerketa Funtsari (aurrerantzean FCAR) dirulaguntzak eskatzeko ere. Azpimarratzekoa da kalitate handiko bi ikerlarik GRSPren lanak gauzatzeko egin duten ekarpena: Stéphan Gervais 1994tik 2003ra aritu zen laguntza-lanetan, taldeak egoitza McGill Unibertsitatean eduki bitartean, eta Olivier De Champlainek berehala hartu zion txanda ikerketa-taldea Montrealeko Quebeceko Unibertsitateko (UQAM) Zientzia Politikoen Sailera transferitu ondoren, 2003an Quebectar eta Kanadar Ikasketei buruzko Kanadako Ikerketa-katedra sortu zenean.
5 Saiakera honetan, berdintzat joko ditut federalismo multinazionala eta federalismo plurinazionala. Bada bi termino horiek bereizten dituen egilerik, Michael Keating esaterako. Haren iritziz, «estatu plurinazionala plurinazionalitate kontzeptuaren luzapen bat da, eta komunitate politiko asko daudela adierazten du, démos unitario bakar bat baino areago (Keating, 2001c: 78)»; estatu multinazionala, berriz, «estatu konplexu bat da, zeinean zenbait komunitate identitario edo interes-komunitate baitaude aldi berean» (64. or.). Bereizketa hori egokia da maila taxonomikoan, baina ez da oso erabilgarria ikerketa honetan, nire analisiak demoi izenekoak baititu aztergai –subjektu politikoak–, ez horietan presente diren identitateak.
6 Analisi zehatz baterako, jo hona: Guénette eta Gagnon (2017: 110-117).
7 Michel Seymourrek jarraipena eman dio Rawlsen obrari, eta azken hori eskubide indibidualen teoria liberal bat garatzeko erabilitako kontzeptuez baliatu da eskubide kolektiboen teoria liberal bat ezartzeko. Kontsultatu Michel Seymour (2017).
8 Jacques Beauchemin (2002; 2011) eta Jocelyn Létourneau (2000) egileen lanek, oso bestelako ikuspuntua duten arren, berretsi egiten dute baieztapen hori.
Nahiz eta etimologikoki lotua egon legezkotasun kontzeptuarekin, legitimitate kontzeptua (latineko lex, legis, «lege») lehenbizikotik urruntzen da hain zuzen bere existentziaren oinarriaren beraren printzipioetara jotzen duelako. Bigarren horren muina ez da –legezkotasunaren kasuan bezala– legeak aplikatzea eta errespetatzea, baizik eta erabaki eta hautu politikoak sostengatzen dituen balio moralaz ohartzea. Alde horretatik, auzitegiek ezinbesteko eginkizuna dute, magistratuek esan behar baitute beren iritziz honelako edo halako legea eta, ondorioz, honelako edo halako araua baliozkoak ote diren. Magistratu horiek, herritarren errespetuari eta estimuari eusteko helburuz gehienbat, modu inpartzialean jokatzeko interesa dute, haiek bideratu beharreko gatazketan alde bati edo besteari pribilegiorik eman gabe. Eremu juridiko (eta konstituzional) zehatz baten barnean jarduten badira ere, epaitegiek funtsezko eginkizun bat bete behar dute, estatu demokratikoetan negoziatutako edo birnegoziatutako oreka linguistiko, politiko eta sozialak mantendu behar dituztela aintzat hartuta batez ere.
Azken hamarkadan Europako estatuen arteko eta estatuen barneko harremanetan izan diren tentsio politikoak ikusita, bidezkoa da zenbait herrialde kideren osasun demokratikoaren egoeraz kezkatzea. Zalantzarik gabe, Espainian gertatzen ari dena izan da agertoki politikoaren behatzaileak muturtuen utzi dituena. Milurteko berriaren hasieratik, onarpen nazionalerako mugimendu indartsuen eta ez hain indartsuen aurka ari da borrokan herrialde hori, zuhurki frankismoa atzera utzi eta 1970eko hamarkadaren bukaeran erregimen berri bat ezarri ondoren, zeinak eskualdeen autonomia politikoaren balioa nabarmendu baitzuen eta horietako batzuk «nazio historiko» gisa onartu baitzituen. Tentsio bizi horiei erantzuteko, Espainiako gobernu zentralak gogor eutsi dio bere jarrerari, irmoki defendatuz «ez dagoela legitimitaterik legezkotasunetik harago» (Bossacoma Busquets, 2020: 275). Jarrera zorrotz horren helburu bakarra autonomien estatuko aurkari sozial eta politikoen izena zikintzea da, baita haien ekintza publikoak auzitegiek gogor zigortu beharreko keinu desleial gaitzesgarri gisa aurkeztea ere. Horren emaitza legitimitateak eta legezkotasunak elkarri bizkarra ematea da, negoziatzeko inolako aukerarik gabe, eta ez aurrera ez atzerako egoera bat berariaz inposatzea dakar horrek, zeinaren ondorioek lotura sozialak suntsitzea besterik ez baitute eragingo.
Pau Bossacoma «nazionalitate» katalaneko jurista espainiarraren iritziz, 2000. urte ingurutik Espainia pairatzen ari den krisi politikoari irtenbide bat bilatzea saihesten duen «fundamentalismo konstituzional» moduko baten aurrean gaude (Bossacoma Busquets, 2020: 275). Madrilen ikuspuntutik, aukera posible bakarra statu quoari baldintzarik gabe obeditzea da, modu horretan konstituzioak testu sakratu bihurtuz. Bestela esanda, kale itsu honek izan dezakeen «irtenbide» bakarra Espainiako Konstituzioari men egitea da, eta hura izatea herriaren subiranotasunaren eta botere konstituziogilearen adierazpen monolitiko bakarra.
Analista orok ongi daki legezkotasuna legitimitate molde eta legitimitate-iturri oso zehatza dela aldi berean, baina, testuinguru demokratikoan, ezin gara mugatu legitimitate-printzipioaren inguruko halako jarrera formalista, murritz eta interesatua hartzera. Justiziaren eta ekitatearen desafioekiko ulerkorrak izan behar dugu jende guztiak ordezkaritza politikoko eginkizun bat izan dezan. Laburbilduz, sektore politikoa sektore legalista bezain garrantzitsua izan behar da.
Eraikuntza nazionala
Beren nazionalismoa dutela onartzeari setakeriaz uko egiteak desberdintzen ditu hainbeste Espainia, Frantzia, Italia eta, neurri batean, Kanada Mendebaldeko beste demokrazia liberal batzuetatik. Nazionalismo handi horiei erantzuteko, komunitate politikoek hegemoniaren aurkako jardunbideak bultza litzakete (Forsyth, 1994: 23), edo, apur bat harago joanda, beren estatu burujabea lortzen ahalegindu. Ez da berdin gertatzen Bolivian (Sichra, 2014), Etiopian (Fessha, 2016), Erresuma Batuan (Brown eta Cetrà, 2020), ezta beste demokrazia kontsoziatibo batzuetan ere (Lijphart 1999, 2008), non tentsioek negoziazio politikoak eragiten baitituzte etengabe, baita emaitza itxaropentsuak eman ere, are egonkortasun politikorako mesedegarriak izateraino.
Kapitulu honetan, demokrazia liberaletako legitimitate-iturri nagusiak zein diren identifikatzen saiatuko naiz, eta, jarraian, elkarrekin talka egiteko nolako arriskua duten ebaluatuko dut. Nolanahi ere, horri dagokionez, Daniel Weinstock filosofoak (2004) fenomeno berezi bat azpimarratu du demokrazia horietan, eta «beldur errepublikano» baten adierazpen gisa deskribatu du, hau da, pluralismo komunitarioa nazio maioritarioa mehatxatzera eta, ondorioz, demokrazia liberalen egonkortasuna bera arriskuan jartzera etorri ahal izateak eragindako kezka gisa. Weinstocken iritziz, gailendu behar dena ez da identitate komun baten presentzia edo balio partekatuen existentzia, baizik eta aldi berean elkarrenganako errespetuan eta konfiantzan oinarritutako gizarte bat ezartzen lagunduko duten baldintzak. Alde horretatik, antzekotasun garbia aurkituko dugu Gizarte Plurinazionalei buruzko Ikerketa Taldeko kideek (GRSP) egindako lanekin.
Agintari politikoek pixkana-pixkana estatu nazioaren ikuskera monista baten alde egin dute Kanadan, pluralismo nazionalarekiko ulerkorragoa izan zitekeen –eta, nire ikuspuntutik, izan beharko zukeen– kultura estatal baten bizkar. Aspaldi, Bigarren Mundu Gerrara arte Federazioko estatu kideetan aitortzen zen aginpide politikoa pixkanaka desagertuz joan zen zentro politikoaren onerako (Macdonald Batzordea, 1985). Ikuspegi monista horrek nolabaiteko astindua jaso zuen 1998ko abuztuan; izan ere, Kanadako Gorte Gorenak bere ikuspuntua eman zuen Quebecen Sezesioari buruzko Ebazpenaren bidez, zeinean printzipio demokratikoa aitortu baitzuen bai erakunde politikoen funtzionamendua, bai Kanadan elkarrekin bizitzera deituak dauden komunitate politikoen errespetua bermatu behar dituen ordena konstituzionala sostengatzen duten printzipio nagusien artean. Gogoan izan beha da Gorte Gorenak testu horren 66. paragrafoan ezarritakoa: «Demokraziaren eta federalismoaren arteko loturek adierazten dute ezen, adibidez, guztiak elkarren desberdinak baina ‘legitimoak’ diren gehiengoak batera existitu daitezkeela bai probintzietan eta lurraldeetan, baita maila federalean ere. Ez dago gehiengorik besteak baino ‘legitimoagoa’ denik iritzi demokratikoaren adierazpenari dagokionez» (CSC, 1998: 66. paragrafoa). 1998ko ebazpenaren kasuan, epaileek ahalegina egin zuten beren harremanak inspiratu, testuinguruan kokatu eta indartu behar dituzten oinarrizko printzipioak zehazteko –funtsezko gisa definitutakoak denak–. Kasu honetan, funtsezko lau interpretazio-mugarri izan ziren: (a) printzipio federala, (b) printzipio demokratikoa, (c) arau juridikoa eta konstituzionalismoa eta (d) gutxiengoen babesa.9 Oso urrun gaude bereziki 2000. urtetik aurrera Euskal Herriko eta Kataluniako eragile politikoek konstituzioaren harira behin eta berriz eskatutako negoziazioen aurrean Espainiako Konstituzio Auzitegiak hartutako jarrera partzial eta intrantsigentetik (Payero-López, 2020).
Izan ere, Madrilek bultzatutako eta Espainiako hainbat eskualdetara sakabanatutako joera zentralizatzailearekin bat etorriz, Espainiako Konstituzio Auzitegiak, 2008ko irailaren 11n, Konstituzioaren aurkakotzat jo zuen Juan Jose Ibarretxe lehendakariak hartu zuen erabakia Euskadik bere etorkizun politikoa Espainiako Estatuaren barnean edo handik kanpo izan behar ote zuen kontsultatzeko herri-galdeketa bat egiteko. Aho batez, eta Espainiako Konstituzioaren 149 (1) (32) artikulua arrazoitzat aipatuz, zeinaren arabera «Estatuari baitagozkio ondorengo alor hauek: […] erreferendum bidez herri-kontsulta egiteko deiaren baimena», Espainiako auzitegi nagusiko epaileak herri-galdeketa bat egitearen aurka agertu ziren (Lazaro, 2008). Emandako argudio guztiak kontsiderazio juridikoetan oinarrituak zeuden, batere kontuan hartu gabe alderdi kultural, politiko eta sozialak. Nolanahi ere, nazio historiko baten etorkizunari buruzko erreferendum bat egiteari edo ez egiteari buruzko erabakia –euskal nazioaren etorkizunari buruzkoa kasu honetan– arlo politikokoa da, eta, hortaz, libreki eztabaidatu beharko litzateke eremu politikoan. Ordezkari politikoei dagokie beren hautesleen izenean beren erantzukizunak asumitzea. Testuinguru horretan, bi legitimitaterekin egiten dugu topo (gobernu zentralari dagokiona eta autonomia-erkidegoa ordezkatzen duen eskualde-gobernuari dagokiona), eta biak ala biak gai izan behar dira negoziatu eta adostasun demokratiko batera iristen saiatzeko eta, agertokirik baikorrenean, ados jartzeko.
Juan Jose Ibarretxeren asmoa guztiz gardena zen. Haren ustez, beharrezkoa zen Espainiako gobernu zentrala eta beste autonomia-erkidegoak bultzatzea negoziazio konstituzionalak abiaraztera autonomien estatuaren funtzionamendua goitik behera berrikusteko. Argi eta garbi, Ibarretxe Planak burujabetzan eta elkarketan oinarritutako formula izan zuen inspirazio (Sauca, 2010; Lecours, 2012), 1970eko hamarkadan René Lévesque Quebeceko garai hartako lehen ministroak eta Parti Québécois alderdiko militanteek ospetsu bihurtu zutena, zeinean bi gizarte-proiektu legitimo herritarren konfiantza berenganatzeko lehiatu baitziren. Eskura zituen baliabide guztiak erabiliz, Ottawak indar subiranistei eremu politikoan irabaztea lortu zuen, eta garaile izan zen lehenbiziko norgehiagokan. Gero, bigarren pultsu bat izan zen 1995ean, eta indar subiranistek, Jacques Parizeau lehen ministroaren gidaritzapean, galdu egin zuten bigarren erreferendum hura ere. Quebectarrek libreki erabaki zuten beren etorkizun politikoa, erreferendumean alde batek zein besteak egindako proposamenen merezimenduak neurtzeko aukera izan baitzuten. Azken batean, debatearen muinean auzitan zegoena ez ziren amarru juridikoak, baizik eta bi proiektu politiko legitimoren balio intrintsekoa.
Espainiako azken gertakariak –kasu honetan Kataluniaren etorkizunarekin lotutakoak– urrun daude 1980ko eta 1995eko erreferendumen garaian Kanadan izandako exijentzia-maila demokratikotik, baita Erresuma Batuan 2014an Eskoziako erreferenduma egin zenean izandakotik ere. Espainiako Gobernuak hartutako jarrera intrantsigentea autonomia-erkidegoetan sorburua duen desadostasun politiko ororen aurka jotzean datza, inolako apelaziorik gabe. Bide posible bakarra dago: lider politikoek baldintzarik gabe bat egitea frankismo-garaia bukatu zenean (behin betikoz) ezarri ziren arauekin.
Zentro politikoaren eta autonomia-erkidegoen artean nagusitu behar diren harremanak ikusteko modu horren arabera, «subertsibotzat» jo beharra dago (Curko, 2016) (1) bai aldez aurretik gobernu zentralaren bermerik jaso gabe hitzarmen konstituzionalak birnegoziatzeko saio oro, (2) bai egungo Konstituzioaren testutik desbideratzen den proposamen oro. Labur esanda, autonomia-erkidegoei oztopo bikoitza jartzen ari zaie ezinezkoa izan dadin Konstituzioan aldaketarik egitea, non eta ez den Madrilen ekimenez eta bere interesagatik. Autonomia-erkidegoek halako prozesu bati helduz gero, arriskua izango lukete erregimen indardunarekiko desleial izatea leporatzeko. Kasu horretan, Konstituzioa nolabaiteko mekanismo irmo eta saihetsezina litzateke, eta horrek barneko nazioei askatasuna kenduko lieke, horiek barne hartzen dituen nazioaren mesederako (Tully, 1999a)10. Azken batean, barneko nazioen askatasuna aitortzeari uko egiteak eta aldi berean bakoitzaren kidetasun edo atxikimendu nazionala kontuan hartu gabe herritar guztiekin zuzeneko erlazio uniforme bat ezartzeak sortzen du problema.
Egonkortasun politikorako funtsezko baldintzak
Indar basatiaren mende egon beharrean, erregimen politikoen legitimitatea zenbait printzipio nagusiren esku dago. Egonkortasun politikorako funtsezkoak diren lau baldintza azaltzera mugatuko naiz jarraian, hots, jarduteko askatasuna, leialtasun funtsatua, dibertsitate etikoa eta inpartzialtasun judiziala. Baldintza horietako bakoitzak lehenik eta behin komunitate politikoen barnean kohesio sozial handiagoa bilatzeko balio duten elementu batzuk proposatzen ditu, estatu unitarioak hertsadurara jo beharrik izan ez dezan (Fazi, 2020: 107-126). Baldintza horiek balio normatibo bera dute, eta batera bilatu beharrekoak dira.
Hasteko, azpimarra dezagun erregimen politikoek gaitasuna dutela komunitateen jarduteko askatasuna bermatzeko, azken horiek beren botere guztia erabiltzeko aukera izan dezaten esparru kultural, ekonomiko, politiko eta instituzionalean. Askatasun hori, egoera zein den, funtsezkoa da estatua osatzen duten kide politikoen arteko konfiantzazko lotura eraikitzeko edo berrezartzeko. Hortaz, garrantzitsua da eztabaida demokratikoa nahiz autonomia indibidual eta komunitarioaren bilaketa errespetatzea eta, aldi berean, modu erregularrean sustatzea. Azken buruan, herritarrak libre dira beren ingurunean eta subjektu politiko gisa duten existentziari benetako zentzua ematen dioten esanahien unibertsoan jarduteko. Jorge Cagiao y Condek, dibertsitate kulturalak eta batasunaren bilaketak markatutako egungo garai honi buruz idatzi zuenean, esan zuen «aukeratzeko libre garela, noski, baina betiere gure askatasuna mugatzen eta neurri berean bideratzen duen hautaketa-testuinguru jakin batean» (Cagiao y Conde, 2014: 295). Hori zehaztuta, nabarmendu beharra dago ezen jarduteko askatasuna ez dela iraunkorra eta itxaropentsua izango, non eta ez dituen autonomia indibiduala eta kolektiboa batera bilatzen, baita pertsonen arteko berdintasunik ahalik eta handiena ere. Isaiah Berlinek askatasunaren ikuskera positibo izendatu zuen hura eta gizabanakoen eskubide eta askatasunen babesa zaintzearen ikuskera negatibo bat fusionatzean datza jarduteko askatasuna definitzeko modu hori (Berlin, 2002). Beraz, gizabanakoen emantzipazioa bultzatzeko aitortza-politika bat ezarri behar da (askatasun positiboa), eta, aldi berean, ahalik eta hertsadurarik, interferentziarik eta menderakuntzarik txikienak dituen erregimen politiko bat eraikitzeko bidea bilatu (askatasun negatiboa)11.
Lehenbiziko baldintza hori betez gero, modua egongo da konfiantzazko lotura bat finkatzeko eta bigarren baldintza bat gertatzeko. Posible izango da maila desberdinetako agintari politikoek (bertakoek, eskualdekoek, naziokoek, nazioz gaindikoek, nazioartekoek) leialtasun funtsatu bat espero izatea beren komitenteengandik. Beraz, kontua ez da leialtasun itsu eta baldintzarik gabekoa lortu ahal izatea, baizik eta toki bakoitzean dauden erakunde politikoekiko errespetua sustatuko duten jardunbide politikoak ezartzea. Leialtasun funtsatu horri esker, posible izan behako litzateke herritarrek konfiantza handiagoa izatea agintari politikoen posizioan. Konfiantza hori baldintzapekoa izan behar da beti, etengabeko negoziaziorako aproposa den giro bat sortzearren erregimen demokratikoan (Tilly, 2005). Leialtasun horren intentsitatea nahitaez aldatuko da estatu subirano batean elkarrekin bizi behar duten komunitate politikoetako bakoitzaren testuinguruen, botere-harremanen eta aurretiko esperientzien arabera,12
Hirugarren baldintza gizarte demokratiko pluralisten barnean dibertsitate etiko bat nagusitzearekin dago lotua. Dibertsitate hori hautaketa-testuinguru bereiziak ezartzeko baldintza onuragarriak aplikatzean datza –Will Kymlickak arestian proposatutako formulazioa gogora ekarrita–, toki jakin bateko komunitate politikoetako kideak (gutxiengoak eta gehiengoa) kulturalki, politikoki, instituzionalki, ekonomikoki eta sozialki erabat emantzipatu ahal izan daitezen. Ongiaren ikuskera horri atxikitzea lagungarria izan liteke, pluralismo nazionalaren testuinguruan, giza mailako gizarte-proiektu baten ezarpena sustatzeko; ez eskubideak ezabatu edo herriak zapaltzearren, baizik eta komunitate politikoei duintasuna eta beren buruaren erabateko ordezkari izateko gaitasuna itzultzearren (Tierney, 2004).
Dibertsitate etiko hori autodeterminazio politikorako eskubide moralari buruzko eztabaiden erdigunean dago, autodeterminazio hori barnekoa zein kanpokoa izan. Komunitate zientifikoa zorretan dago, besteak beste, Dimitrios Karmis politologoak egindako lanarekin, hark ahalegin handia egin baitu demokrazia liberalak bizitzen ari diren auzi etikoetan sakontzeko. «Pluralismoa eta identitate nazionala(k)» izeneko testu zorrotz batean, identitate nazionala proiektu etiko emantzipatzaile gisa ulertzera gonbidatzen gaitu egileak, eta hura neurtzeko irizpideak «goranzko pluralismo-maila hauen arabera» definitzen ditu: «1) inklusio posiblea; 2) inklusio sinbolikoa; 3) inklusio sakona» (Karmis, 2003: 115). Horrek pluralismoa «gertakari soziologiko» gisa ulertzera eramaten du, eta, ondoren, «ideologia politiko» baten adierazpen gisa.
Bestalde, Samuel LaSelvak,
